Ttotto: 25 urte egiaren bila

Jon Miranda Labaien 2024ko mar. 13a, 11:58

1999ko martxoaren 19an, Errenteriako zelai batean agertu zen hilda Joxelu Geresta zizurkildarra; bertsio ofizialak bere buruaz beste egin zuela esan arren, egiaren bila jarraitzen dute senide eta lagunek.

Nahiz eta zantzu argigarriak egon inoiz ez da frogatu Joxelu Geresta Mujikaren (Zizurkil, 1970 - Errenteria, 1999) heriotza gerra zikinak eragin zuenik. Iturri ofizialek lehenengo momentutik esan zuten bere buruaz beste egin zuela, baina senide eta lagunek ez zuten bertsioa sinistu. Ttottorekin zer gertatu zen argitzea eskatu dute 25 urteotan eta gauza bera aldarrikatuko dute larunbatean Zizurkilgo Herrigunean Egiari Zor fundazioak herritarrekin batera antolatu duen ekitaldian.

1999ko martxoaren 19an agertu zen Gerestaren gorpua Errenteriako Zamalbide auzoko zelai batean. Urteotan bati eta besteari galdetuta senideek osatu ahal izan dituzte bere azkeneko egunak eta ondorio batera iritsi dira: «Nozioa galduta ibili zela erakusten dute testigantzek, seguruena zerbait sartuko zioten, drogaren bat. Bati baino gehiagori esan zien atzetik segika zebilzkiola eta segimendua egiteko haginetan zerbait jarri ziotela. Lehengusuari ere esan zion, hilda agertuz gero bere buruaz beste egin zuela esango zutela».

Hilda agertu eta gero lehenengo autopsia epaitegiko mediku forentseak egin zion Gerestaren gorpuari eta familiari ez zioten konfiantzazko medikua aukeratzeko denborarik eman. Bigarren bat egiteko epaileari baimena eskatu eta autopsia horretan Itsaso Idoiaga medikuak parte hartu zuen. Gorpuak bi hagin erauzita zeuzkala ikusi ahal izan zuen orduan, eta hirugarren hagin bat zehaztapen handiko beste instrumentu batekin zatituta zeukala. Odola ere atzematen zitzaion eta Idoiagak baieztatu zuen haginen erauzketa traumatikoa izan zela, heriotza gertatu ondoren kendu zizkiotela.

Bigarren autopsiak ere datu argigarri gehiago utzi zituen. Bere buruari tiro egin baldin bazion, bolbora arrastoak ageri beharko lukete eskuan eta pistolan, eta eskuan partikula bakar bat topatu zuten, eta apenas odol arrastorik. Alderantziz, musuzapi bat agertu zen odolez zikinduta. Are gehiago, gorpua erabat zurrun agertu zen eta mediku forentseak baieztatu zuen hori ez dela suizidio kasuetan gertatzen. Oraindik ere ebidentzia handiago batez ohartu ziren: burutik tiroa atera zen aldean agertu zela pistola eta ustez tiroa emateko erabili zuen behatza poltsiko batean sartua zuela.

SEKRETU OFIZIALEN LEGEAZ

Datu objektiboek suizidioaren bertsioa zalantzan jartzen zuten arren, auziak ez zuen ibilbide juridiko luzea egin. Autopsietan agertutako frogak aurkeztearekin batera, hil aurreko egunetan Gerestarekin harremana izan zuten bospasei pertsonen testigantzak aurkeztu zituzten. Urtea betetzerako, ordea, 2000ko otsailean, kasua artxibatzea erabaki zuen epaileak, suizidioaren bertsioa hobetsita. Erabakiari helegitea jarri eta urte hartako uztailean Donostiako Entzutegi Probintzialak aintzat hartu zuen. Dena den, auzia artxibatzea erabaki zuen epaitegiak, delituaren egileak zeintzuk ziren argitzerik ez zegoelako. Ordutik hona, itzalpean geratu da Gerestaren kasua.

Datorren larunbatean, martxoaren 16an, Zizurkilgo Herrigunean egingo duten ekitaldiarekin egia jakiteko herritarrok dugun eskubidea aldarrikatuko du Egiari Zor fundazioak. Asteburuko ekitaldia baliatuko du Ttottorena bezalako heriotzen eta exekuzio estrajudizialen, bahiketen, torturen eta indar polizialen gehiegikerien erantzule zuzen eta zeharkakoen inguruko informazioa eskuratzea eragozten duen Sekretu Ofizialen Legea salatzeko. Frankismo beteko legea da, 1968koa, eta oraindik ere indarrean egotea, gaur egungo demokraziaren kalitate «eskasaren» erakusletzat du fundazioak.

Otsail bukaeran EAJk hirugarrenez aurkeztu du Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko proposamena eta tramitera onartu dute, PSOE, Sumar eta parlamentuko euren bazkideen botoekin: ERC, Podemos, EAJ, BNG, Junts eta EH Bildu. 2016an eta 2020an legea aldatzeko egindako proposamenek ez zuten aurrera egin, sozialistek proposamena blokeatu zutelako. Egiari Zor fundazioak uste du Sekretu Ofizialen Legea ez aldatzeak, estatuaren indarkeriaren biktimen aitortza oztopatzen duela.

AURRERA BEGIRA HAUSNARKETA

Zizurkilen urtero gogoratzen dute Gerestarekin gertatutakoa martxo erdialdera. Aurretik, otsailaren 13aren bueltan Egiari Zor fundazioak Torturaren Aurkako Eguna Zizurkilen ospatu ohi du, torturaz eraildako Joxe Arregi herritarraren urtemuga gogoratuz.

Hainbat herritarrek gogoeta prozesua abiatu dute datorren urtetik aurrera, estatuaren indarkeriaren biktima izan ziren bi zizurkildarrak gogoratzeko ekitaldiak bateratzeko. Prozesu bat abiatu dute ekitaldi hori pentsatu eta diseinatzeko, eta esan dute, uneoro Arregi eta Gerestaren senideekin adostuko dutela guztia, «sentiberatasun» handiko gaia dela jakinda.

Gerestaren kasuan, ofizialki ez, baina egia, justizia eta erreparazioa sozialki eman dela uste dute ekimenaren antolatzaileek. Horregatik 25. urteurrenarekin, «aldaba jo» eta, berriro ere, mahai gainean jarri nahi dute estatu indarkeriaren gaia, «ahalik eta indar handienarekin». Kasua artxibatu zuten arren, gerra zikinaren adibidetzat duten auzia argitzeko gogoak bizirik dirau Ttottoren senide eta lagunengan.

EKITALDIA

Martxoak 16, larunbata

'Egia, itzaletik argira'.

11:30. Urkamendira igoera, plazatik.

Ondoren. Ekitaldia Urkamendin.

12:30. Herrigunean pintatu duten muralaren bistaratzea eta ekitaldia.

13:00. Zimiterioan ikus-entzunezkoaren emanaldia.

Ondoren. Zizka-mizkak eta parrillada egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!