ELKARRIZKETA

«Herriak mantendu du Joxeluren oroimena bizirik, beste inork ez»

Jon Miranda Labaien 2024ko mar. 13a, 11:59

Aitortza ofizialik gabe jarraitzen du familiak 25 urtera; ez dute uste aurrerantzean gauzak asko aldatuko direnik baina behintzat anaiaren oroimena gorde eta transmititu nahi diete ondorengo belaunaldiei.

Zizurkilgo Iruña baserrian beti pronto izaten dituzte kafea eta pastak. «Eta tertulia», gaineratu dute Jon eta Miren Gerestak. Kafea eta pasta eskainiz eta hizketarako gogoz egin diote anai-arrebek harrera ATARIAri. Duela 25 urte hil zieten anaiaz aritu dira, amorrutik tristurara igaroz, oroimenetik harrotasunera, malkoa eta irribarrea tartekatuz.

Ez duzue behin ere sinistu bertsio ofizialak esandakoa.

Miren. Lehenengo unetik geneukan argi gezurra esaten ari zirela.

Jon. 1999an hil zuten anaia, ETA su etenean zegoen garaian eta uste dut testuinguru horretan ulertu behar dela egin ziotena. Lizarra-Garaziko garaia zen eta prozesu hori zapuzteko ahaleginean ari ziren jo eta fuego.

Osatu ahal izan al dituzue anaiaren azkeneko egunak?

Jon. Bai, ez inork ikertu duelako, geure kabuz tiraka jakin ditugu azkeneko egun horietako bere mugimenduak, gurutzatu zituen pertsonekin hitz eginda. Eta zein ibilera izan zituen ikusita, guk duda gutxi egiten dugu zerbait eman ziotela, drogatu egin zutela. Hilda agertu baino egun batzuk lehenago, nire etxeaz galdezka aritu zen Hernanin, berak ingurunea ondo ezagutzen zuenean. Printzipioz, segurtasunagatik ez luke gurean agertu behar, baino susmoa dugu han azaldu zenerako estuasunetan zebilela.

Miren. Bestela ez dira ulertzen hainbat pasarte. Badakigu Ereñozuko baserri batean ezkutatuta egon zela eta han ahaztuta utzi zuela dokumentazioa. Soinean zeraman arma ere, langa batetik salto egiterakoan erori zitzaion. Ziur gaude zerbait eman ziotela.

Bi autopsia egin zizkioten gorpuari.

Miren. Lehenengoan, uste dut, gorpua ukitu ere ez zutela egin. Zamalbiden ostiral iluntzean Joxelu gorpu azaldu eta larunbatean dagoeneko suizidioaren bertsioa zabaltzen ari ziren. Guk eskatuta bigarren autopsia egin ziotenean agertu zen bi hagin falta zituela eta beste bat ebaki ziotela, prezisio handiko instrumentu batekin. Hilda agertu baino bi-hiru egun lehenago, azaldu zen zelaiaren aldamenean bizi den lehengusuari esana zion zerbait sartu ziotela haginetan. Zientzia fikzioa dirudi, baina gerra zikinaren kasuan errealitateak fikzioa gainditzen du.

Jon. Atzetik segika zeuzkala ere komentatu zion bati baino gehiagori. Hernanitik Oiartzun aldera mugitzeko eskatu zion pertsonari, adibidez, hitz egin gabe, idatziz adierazi zion nora joan nahi zuen, susmoa bakarrik ez, ikusi zituelako poliziak segika zituela. Batekin eta bestearekin hitz eginda, deigarria da nola jende guztiari aliketak eskatzen zizkion, itxuraz, bere buruari haginak erauzteko. Hilda agertu baino pare bat egun lehenago Joxelurekin hitz egin ondoren, gure lehengusuari ilunbistan pertsona batzuen itzalak ikusi izana iruditu zitzaion. Gero tiro baten hotsa ere entzun omen zuen. Hurrengo bi egunetan gertatu zenaren arrastorik ez daukagu. Aurkitu zutenean hil berria zela ondorioztatu zuten, haginetako odola koagulatu gabea zuen. Autopsiak erakutsi zuen, hala ere, bere buruari tiroa eman izan bazion, gorpua ez zela azaldu zen bezala azalduko. Aurkitu zuen pertsonak ere esan zuen kolokatu izan balute bezala zegoela gorpua, zurrun.

Epaitegietan, berehala, handik urtebetera artxibatu zuten kasua. Zergatik?

Miren. Ez zutelako batere interesik egia jakin zedin. Nonbaiten egongo da karpeta bat Joxeluri egin zioten guztia esplikatzen duena. Zein ziren eta zeinek agindu zuen gure anaiaren kontra egitea? Ez zen bi edo hiru poliziaren kontua izan, jende asko ibili zen tartean eta nonbaiten egongo da hori guztia jasota. Egia hori inoiz ez da agertu ordea. Duela 25 urte medioetan ere gezurretan aritu ziren. Gara eta Egunkaria bakarrik saiatu ziren egia azalerazten.

Jon. Gogorra egiten da hori, egia jakin nahi eta ia inon topatu ez. Gerra zikina beti tapatu egiten da. Ezkutatzeko gauza asko izango dute. La Razon egunkariari eskainitako elkarrizketa batean Jose Antonio Saenz de Santamaria Guardia Zibileko erreserbako teniente jeneralak aitortu zuen gerra zikina egon bazegoela. Joxeluren izena aipatu gabe, hilik agertutako militante bat aipatzen zuen, mailukadaz hortzak erauzita. Eta esaten zuen hil ondoren batek ez dizkiola bere buruari mailukadak jotzen ahoan.

Zer eskatzen duzue familia bezala 25 urte pasa eta gero?

Miren. Aitortza. Egia, justizia eta erreparazioa beharrezkoak direla esaten digute, baina gure anaiaren kasuan zer gertatu zen jakiteko interesik ez dute agertu. Justu kontrakoa, tapatzen saiatu dira. Ertzaintzaren aldetik ez zen ikerketarik egin eta guregana ez zen inor galdezka etorri. Bere gauzak ere ez zizkiguten entregatu, han egongo dira nonbaiten galduta. Familia bezala inpotentzia handia sentitzen dugu nolako inpunitatez jokatu zuten ikusterakoan; zeinen kontra jo behar dugu guk? Nor salatu behar dugu? Argi dago hildako guztiak ez direla berdinak.

2008an, EAJ udal gobernuan zela, Zizurkilgo Udalak, 'Ttotto' izena zeraman plazari izena aldatu eta monolitoa kentzeko agindua eman zuen. Nola bizi izan zenuten?

Miren. Ez gintuen batere harritu. Joko politiko honen barruan ibili izan gara bizitza guztian eta berehala ulertu genuen haien jokaera. Ez genuen haiengandik beste ezer espero.

Jon. Iriarte atzealdean harrizko ukabila kendu zuten eta herriko gazteek beste bat egin zuten egurrezkoa. Hura ertzainek eraman zuten eta auskalo non daukaten orain. Kanposantuan hilobiaren kristalak ere puskatu izan dituzte.

Herriaren babesa sentitu duzue?

Miren. Guztiz. Herria beti egon da gurekin, lehen minututik. Joxeluren oroimena bizirik herriak mantentzen du, beste inork ez.

Nola eraman duzue familian Joxelurekin gertatutakoa?

Jon. Sei senide ginen eta orain lau bizi gara. Zorionez batuta egon gara, anaiak eta arreba, eta baita ilobak ere. Neurri handi batean amari esker izan da. Lau hilabeteren buruan bi seme hil zitzaizkion, eta Joxelu, gainera, zirkunstantzia horietan. Bada, behin ere ez genuen ama erorita ikusi, egoera eramaten jakin zuen. Indar handia zuen eta horri eskerrak eutsi genion besteok ere.

Martxoaren 20a gerturatu ahala nola bizi duzue data hori?

Jon. Nahiz eta denbora pasa oroimena oso presente daukagu eta emozioak berdin-berdin azaleratzen dira. Ni, pertsonalki, gertatutakoa oroitu eta segituan betetzen naiz.

Miren. Urduritasun puntu batekin bizi ditugu egun hauek. Aurreko egunetan loa hartzea gehixeago kostatzen zaigu. Tristea da Joxeluri egin ziotena gogoratzea, baina polita, aldi berean, hura ezagutu zutenekin elkartzea eta bere memoria berritzea.

Nolako mutila zen Joxelu?

Miren. Mugitua oso. Beti saltsa guztietan sartuta ibiltzen zen. Izugarri gustatzen zitzaizkion kotxeak eta horrelakoak. Baina, bestelakoan, esango nuke oso mutil berezia zela, leiala. Alaitasun eta indar handia transmititzen zituen. Denbora laburrean ezagutu izan zutenek ere oso oroimen gozoa gordetzen dute. Guretzako hori ikustea ederra da.

Larunbatean egingo den ekitaldiak zerbaitetarako balioko duela uste duzue?

Jon. Urteak pasa ahala geroz eta zailagoa izango da jakitea zer zen Joxelurekin gertatu zena. Gure egitekoa bere oroimena gordetzea da eta ondorengoei transmititzea. Jakin dezaten atzetik datozen belaunaldiek zer gauza pasatu ziren gure herrian. Jakin dezaten gerra bat bizi izan zela hemen eta euskal herritar askok egindako borroka ez zela alferrikakoa izan.

Miren. Guk etxekoekin, gure seme-alabekin egin dugu transmisio lan hori. Ilobetako askok fisikoki ezagutu ez zuten arren, osaba zena etxekotzat daukate. Aldiro, mahai honen bueltan jarri eta Joxeluren umetako eta gaztetako argazkiak begiratzen ditugu. Mutil bizi-bizia zen, eta guretzako, anaiak bizirik jarraitzen du.

Erlazionatuak

Ttotto: 25 urte egiaren bila

Jon Miranda Labaien mar 13 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!