ELKARRIZKETA

«Guri dagozkigun erabakiak ez ditugu guk hartzen»

Jon Miranda Labaien 2023ko abe. 25a, 07:59

Nahaia Alkorta Elezgarai. J.MIRANDA

Arpa argitaletxearekin kaleratu duen Mi parto robado liburuak oihartzuna izan du estatu mailan; NBEko Emakumearen Aurkako Diskriminazioa Ezabatzeko batzordeak uztailean aitortu zion bere lehen erditzean indarkeria obstetrikoa jasan zuela. Ebazpena noiz beteko zain dago.

Azpitituluan bertan aitortzen duenez, erditze traumatiko bat, filma batean kontatzeko moduko kalapita legala eta bakar-bakarrik emakume batek sistema nola garaitu duen kontatzen du Nahia Alkorta Elezgaraik (Zizurkil, 1986) bere liburuan. NBEk indarkeria obstetrikoa jasan zuela aitortuz ebazpena jaso ondoren idatzi du liburua.

Nazio Batuen Erakundeko Emakumearen Aurkako Diskriminazioa Ezabatzeko batzordeak uztailean aitortu du zure lehen erditzean indarkeria obstetrikoa pairatu zenuela.

Bai, nire lehen erditzea traumatikoa izan zen eta indarkeria obstetrikoa jasan nuen. Salatzea erabaki nuen pentsatuz ospitaleko arduradunek barkamena eskatuko zidatela gertatutakoa esplikatu eta nola bizi izan nuen azalduz gero. Gaur da eguna zain nagoela. Espainiako Estatuko instantzia guztiak agortu ondoren, nire abokatuak erabaki zuen NBEko Emakumearen Aurkako Diskriminazioa Ezabatzeko batzordera adierazgarriak ziren lau kasu eramatea. Hiru tramitera onartu zituzten, eta hiruen kasuan banaka-banaka jaso ditugu aldeko ebazpenak.

Batzorde horrek ez du esaten, soilik, gure erditzeetan indarkeria obstetrikoa jasan dugula. Aipatzen du epaiketa prozesuan indarkeria instituzionala ere jaso dugula eta genero sesgoa gaineratzen du, hortaz dio bi aldiz jaso dugula indarkeria instituzionala. Aitortza egiten digu, eta guretzako kalte ordainak eskatzen ditu, baina guretzat garrantzitsuagoak diren neurri orokorrago batzuk ere jasotzen ditu. NBEk Espainiako Estatuari eskatzen dio indarkeria obstetrikoaren inguruko azterketa sakon eta objektiboak egiteko; osasun eta justizia profesionalak gai honetan formatzeko; eta indarkeria mota hau gizarteratzeko neurri eraginkorrak hartzeko.



Espainiako Estatuak bete al du NBEaren ebazpena?

Oraingoz isiltasuna da jaso dugun erantzun bakarra. Hau guztia, gainera, esaten dutenez Espainian izan den inoizko gobernu feministena izan den garaian gertatu da. Nahikoa zuten borondate politikoa agertzea ebazpena betearazteko. Gu izan gara munduan indar obstetrikoa jasan dutela aitortu zaien aurreneko emakumeak, hiruak Espainiako Estatuko biztanleak gara. Aukera paregabea zuten eredugarri agertzeko.

Ebazpena beteko denaren esperantza baduzu?

Guk ez dugu etsiko. Ebazpenak betearazi daitezen beharrezko erreklamazioak jarriko ditugu nahiz eta horrek suposatzen duen prozesua beste bizpahiru urtetan luzatzea. Egingo dugu eta ja ez guregatik soilik. Nire aurretik Galiziako kasu baten ebazpena eman zuten 2020an. Ebazpena bete ez zelako Auzitegi Nazionalean helegitea jarri eta hara non agertu den estatuko abokatua esanez Espainia estatu burujabea dela eta eurak ez daudela behartuta NBEk esaten duena betetzera. Jurisprudentzia hori ezarriko balitz erabat babesgabe geratuko ginateke edozein diskriminazio jasan dugun herritarrak. Giza eskubideez ari gara hizketan.



Zenbaterainoko ziurgabetasuna sentitu duzu prozesuan?

Ziurgabetasun handia. Nekagarria izan da prozesua eta etengabe kuestionatua sentitu naiz, uneoro epaitua. Estresa suposatu dit; denbora eskaini behar izan diot, kostu emozionala eta kostu ekonomikoa ere bai. Oraindik ez dakigu epaiketaren kostuak guk ordaindu beharko ote ditugun. Prozesu horretan zauden bitartean, sistemaren jomugan zaude. NBEren ebazpena atera eta berehala, Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak ohar bat atera zuten esanez «bikaintasuna» egon zela nire erditzean. Hori iraina da. Eta mehatxua. Mehatxua jarraitu ez dezadan gertatutakoa kontatzen. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Berdintasun Legean egin zuten azkeneko moldaketan indarkeria obstetrikoa sartu zuten. Zure lege propioak esaten duenean indarkeria obstetrikoa indarkeria matxista bat dela, nola ukatzen duzu zurean kasu bat egon dela? Nola ukatzen duzu NBEaren ebazpen batek esaten badu? Nora goaz?



Birbiktimizatua sentitu zara?

Bai. Eta, berez, niri zaila egin zait biktima naizela onartzea. Emakume gaztea naiz, ahaldundua, feminista eta bat-batean etiketa hori jarri behar diozu zeure buruari. Horrelako egoera traumatikoetatik pasa garenotako askok geure burua erruduntzat jotzen dugu. «Hau esan nuelako egingo zidaten?», «garaia baino lehen joan nintzelako ospitalera?», «erietxe hura aukeratu nuelako?». Horrelakoetan gogor egin behar diozu zeure buruari. Baimenik gabe hamar aldiz sartu badizkizute behatzak aluan... Horrek berak beste izen bat hartzen du herriko plazan gertatzen bada.

Beste indarkeria matxista batzuetan bezala, zaila da identifikatzen indarkeria obstetrikoa?

Oso zaila da zenbaitetan sotila izan daitekeelako. Batzuetan ahozko tratu txarra izan daiteke eta beste batzuetan bortxa. Ni, adibidez, ez nintzen oso kontziente hasieran. Erditze ondoko lehen 15 egunak gurasoen etxean eman nituen, ez nintzelako gauza zutik egoteko. Berez, umearen lehenengo hiru hilabete horiek ezabatuta dauzkat burutik. Ia ez naiz ezertaz akordatzen. Gurasoak kezkatuta zeuden eta ginekologo pribatu batera eraman ninduten. Ni ez naiz kontatu izanaz gogoratzen, baina bai akordatzen naiz bukaeran ginekologoak esan zuenarekin: «Horrek ez zuen gertatu behar». Orduan esnatze moduko bat gertatu zen niregan eta neure buruari esan nion: «Honaino, ez nago zoratuta eta laguntza behar dut».

Trauma ondoko estresa diagnostikatu zizuten gerora.

Bai. Atentatu bat edo gerra bat bizi izan duenak daukan trama berbera da, pentsa noraino iristen den erditzerakoan jasotzen dugun tratu txarrak gugan duen eragina. Hori da azken batean indarkeria obstetrikoa: tratu txarrean oinarritzen den indarkeria matxista bat, noiz eta emakumea zaurgarri dagoen une batean. Izan daiteke erditzea, baina izan daiteke abortu bat edo ginekologoaren kontsultan jasotzen dugun tratua. Orokortua da, sistematikoa. Nire lehen erditzea, alde horretatik, normala izan zen; normala praktika hauek oso ohikoak direlako. Esaten dute zenbait ikerketek hamar emakumeetatik lauk erditzean esperientzia traumatiko bat bizi dutela. Ikaragarria da datua.

Uste duzu osasun arloko profesionalek egiten dutela autokritika gai honen inguruan?

Badakit ez dela erraza izango tratu txarrak ematen ari direla jendaurrean aitortzea. Baina ezin daitekeena da XIX. mendean asmatutako indarkeria obstetrikoa terminoa bera ukatzea eta egongo ez balitz bezala jokatzea. Ukatzen duten bakoitzeko biktimak iraintzen gaituzte. Nik eskatuko nieke begirada zabaltzeko. Amak biktima gara, umeak biktima dira, eta askotan, profesionalak ere biktimak izaten dira. Sistemaren barruan dauzkaten baldintzen ondorioz derrigortuta ikusten dute beren burua praktika txar horiek burutzera. Baliabide gutxirekin eta itota ibiltzen dira. Dena den, ez nituzke osasun profesionalak zuritu nahi, uste dut guztiok hartu behar ditugula geure ardurak. Baina horrela sistema ez da jasangarria, norabide honetan jarraituz gero ez da inorentzat osasungarria izango.

 

«Indarkeria obstetrikoa ukatzen duten bakoitzeko biktimak iraintzen gaituzte»



Uste duzu hamar urteotan osasun arta gineko- obstetrikoak hobera egin duela?

Ez dakit zer esan. Niri emakumeak gerturatzen zaizkit oraindik, duela hamar urte niri egin zizkidaten gauza oso bertsuak berriki egin dizkietela esaten. Iruditzen zait indarkeria matxista ere eraldatzen joaten dela. Orain, adibidez, zesarea tasa jaisteagatik, agian forceps-ak gehiago erabiliko dituzte. Agian ahozko indarkeria ez da hainbestekoa izango, baina mehatxu berriak sortuko dituzte. Erne egon behar dugu. Nik kalitatezko osasun sistema bat nahi dut, non ebidentzietan oinarrituta, erabakiak hartuko ditudan. Pazientearen autonomiaren legea, uste dut, askatzailea izan beharko litzatekeela profesionalentzat. Medikuak esaten digu zein aukera dauden, zein arrisku hartzen ditugun eta zein alternatiba dauzkagun. Gero guk pazienteok erabakiko dugu. Baina hori horrela da benetan? Berdin gertatzen da pazientea emakumea baldin bada? Hor dago gakoa, emakume izateagatik gertatzen zaigula. Horregatik da indarkeria obstetrikoa indarkeria matxistaren beste adierazpide bat.



Nola babestu dezakete euren burua emakumeek?

Sistema hau eraitsita. Ez dago besterik. Zerbait sistematikoa, orokortua eta normalizatua da, eta lortu behar genuke hau guztia praxi txarra izatera pasatzea, alegia, une jakin batean profesional batek egin duen praktika txar bat bezala ikustea. Baina horretarako desmuntatu egin beharra dago sistema osoa. Bien bitartean zer? Sareak sortzea eta elkar babestea baino ez zaigu geratzen. Eta informazioa ondo dago, baina geure buruak estutu gabe. Kontraesankorra dirudi agian, baina nik beti egiten dut ezjakintasunaren aldeko aldarria. Ikaragarri informatuta egon eta erditzera momenturo zure eskubideak zein diren ikasita bazoaz, izugarrizko presioa senti dezakezu. Edozein emakumek, informatuta egon edo ez, erditzerakoan errespetuzko tratua jasotzeko eskubidea du.

 

«Informatuta egon edo ez, erditzerakoan errespetuzko tratua jasotzeko eskubidea dugu»



Sentitzen duzu zuen gorputzak gudu zelai bat direla?

Modu batera bai. Ez da erditzerakoan bakarrik, ez da ama izan garenon kontua bakarrik. Emakume guztiak zeharkatzen gaituen indarkeria da indarkeria gineko-obstetrikoa. Edozein emakumek kontatuko dizu ginekologoaren kontsultan pasa zaizkionak, eta nola sentitu den epaituta, edo kiloak irabazi dituelako, edo bollera delako, edo menopausian dagoelako, edo abortatu nahi duelako. Guri dagozkigun erabakiak ez ditugu guk hartzen, gure umetokiaren gainean gizon zuri zakildunek ebazten dute. Eta zakilez ari garela, inork imajinatuko al luke gizon bati basektomia egitea hari baimena eskatu gabe? Ez, ezta? Apendizitisa egin dioten gizon bati esango zaio hilabetean kargarik ez hartzeko eta atseden hartzeko. Hara non bidaliko duten zesarea egin dioten emakumea etxera ebakuntzatik hiru egunetara, jaioberri baten kargu egitera. Bizkarrean kolpetxo bat eman eta «zorte on» esango diote. Sistemak ikuspegi produktibista du zeharo, erreproduzitzeko nahi gaituzte. Ondo atera da, bada hurrengoaren txanda da.

 

«Sistemak ikuspegi produktibista du zeharo, erreproduzitzeko nahi gaituzte»



Uste duzu indarkeria gineko-obstetrikoa agenda feministaren erdigunean dagoela?

Tamalez ez. Badirudi soilik amen kontu bat dela, eta iruditzen zait akats handia egiten ari garela modu horretara. Azkenaldian amatasun feministen inguruan hitz egiten dugu, eta ni neu konturatuta nago askotarikoak direla amatasunak. Pixkana ari gara begirada zabaltzen eta oihartzun handiagoa izaten. Askok esaten digute, «orain dena da amatasuna», baina agian hori gertatzen da azkeneko 60 urtetan isilik eduki gaituzuelako. Badugu zer esana. Ama garenok eta ez direnek. Emakume guztiok erabaki behar izan dugu uneren batean ama izan edo ez izan. Eseri gaitezen eta aurrez aurre elkarri begiratuta hitz egin diezaiogun elkarri.

Zuretzako sendagarria izan da jendaurrean zure lehen erditze traumatiko hori azaltzea?

Duela hamar urte ez nintzen gai hau guztia kontatzeko, eta okasio askotan hautsi nintzen barrutik jendaurrean kontatzerakoan. Baina gogorra izanagatik beharrezkoa da kontatzea. Esperientzia traumatikoa hor dago, baina badago berriro jaiotzeko eta errekuperatzeko aukera. Niri argi pindar hori ematea gustatzen zait. Daukadan zauria betirako izango da nirea. Miresten ditut zesarea egin ondoren euren orbanari eskertuta eta maitasunez begiratzen diotenak, baina niri ez zait gertatzen, nik ez diot orbanari ez maitasunik, ez errespeturik, ez ezer. Niri minari hitzak jartzeak lagundu dit, baina batez ere iruditzen zait kontatu beharra dagoela errealitate hau existitu dadin. Emakume askok bakardadean bizi dute gertatu zaiena, eta ez dira gai jasan dutena indarkeria obstetrikoa izan dela identifikatzeko. Ezin ditugu bakarrik utzi, etxean sartuta eta zoratuta daudela pentsatuz. Alde horretatik pribilegiatua sentitzen naiz, bere garaian, trauma osteko estresarekin diagnostikatu zidatelako, eta nire gorputzean gertatzen ari zena zer zen jakiteko aukera izan nuelako. Emakume gehienek, ordea, ez dute diagnostiko hori. Kuriosoa da. Emakumeen patologizazio mentala izugarria da. Edozein tripako min berehala lotuko dute antsietatea edo edozein arazo mentalekin. Aldiz, erdiondoan, nahiz eta arrisku handiko garaia izan, depresioa infra-diagnostikatuta dago. Erdiondorako protokolo eraginkorrak ezarri ordez, kontsulta batera eramaten gaituzte aluan dauzkagun puntuak kentzeko eta titiak nola dauzkagun ikusteko.

 

«Minari hitzak jartzeak lagundu dit, baina batez ere kontatu beharra dago errealitate hau existitu dadin»



Ezagutza hori zabaltzeko asmotan, duela gutxi kaleratu duzu 'Mi parto robado' izeneko liburua.

Nire lehen erditze traumatikoa nahikoa klandestinitatean eraman dut urte hauetan guztietan, baina NBEren ebazpena jaso nuenean, garbi izan nuen kasuak inpaktu soziala izatea nahi nuela. Hain justu, epaia jaso eta argitaletxe baten proposamena jaso nuen liburua idazteko. Egia esan arrapaladan, oso azkar, idatzi nuen. Lehen zatia, gainera, nire lehen erditzearen kontakizuna oso gordin atera zitzaidan, barruan nuen hori guztia bota nahi izan nuen, eta gerora, ez du zati horrek zuzenketa handirik behar izan. Niretzat oso terapeutikoa izan da liburua idaztea, gai honetaz hitz egiteko beste tresna bat delako. Dena den, ez da erditu berri den emakumeentzako liburu bat soilik.

Zeinentzat izan daiteke interesgarria?

Liburuak indarkeria gineko-obstetrikoaren dimentsio osoa ulertzen laguntzen duela uste dut, eta beraz, interes sozial hori duten guztientzat izan daiteke interesgarria, baita ardura politikoa dutenentzat ere. Egunotan gerturatu izan zaizkit pertsona asko liburuaren inguruko komentarioa egiteko, eta zenbait gizonek esan didate balio izan diela euren amekin euren erditzeaz hitz egiteko. Ibone Olza psikologo perinatalak esaten du, 30-40 urteren bueltan gauden guztiak, ziurrenik, indarkeria obstetrikoaren biktima izan garela, oso ingurune bortitzetan jaio ginelako. Normalean ez da kontu horien inguruan hitz egiten, eta niretzat oparia litzateke liburuak horrelako elkarrizketak sustatuko balitu.

Osasun arloko profesional batek irakurriko duenaren esperantza baduzu?

Nahiko nuke. Profesionalen batek irakurriko balu, autokritika egin eta gauzak aldatzeko pausoa emango balu, ni izugarri poztuko nintzateke. Profesional bakar baten aldaketak, emakume askori eragin diezaieke, asko lirateke onuradunak, eta horrek sortu dezake elur bola bat.

 

SABELETIK MUNDURA

Ama izan aurretik bazuen Nahia Alkortak haurtzaroarekiko interesa. Eskolaz kanpoko klaseak eman, antzerkia landu, eta adimen emozionalaren inguruko lanketak egin ondoren, konturatu zen gai horietan sakontzeko euskaraz sarean ez zegoela informaziorik. Hutsune hori betetzeko asmoarekin abiatu zuen Sabeletik Mundura proiektua.

Bide horretan ama izatea erabaki eta lehen erditze traumatikoa izan zuen: «Banentorren interes eta kezka horietatik eta lehen erditze horrek azkartu egin zuen prozesua. Beste guztiarekin hautsi eta honetara begira jartzeko beharra sentitu nuen».

Sabeletik Mundura proiektuaren erdigunea izen bereko webgunea da. Haurdunaldi, erditze eta amatasunaren inguruko testu zientifikoak euskarara ekartzen ditu Alkortak. Proiektua sostengatzeko beste adar batzuk ere baditu egitasmoak, neurri handi batean, jendearen eskariz sortu direnak. «Webgunean bildutako informazio hori bera beste formatu batzuetan emateko hitzaldiak antolatzen ditut herriz herri eta baita online ere. Horrekin batera, sarean denda bat ere badut gurasoei baliabideak eskaintzeko eta etxez etxeko zerbitzua ere ematen dut».

Alkortak dio pribilegio bat dela etxeetara sartzeko ematen dioten aukera: «Telefonoz harremana egiten duzunean ezberdina da, baina etxeetara joan eta bateko arropa pila eta besteko arraskako plater zikinen tontorra ikusten duzunean, errealitatearen argazki osoa ikusten duzu». Erditze ondoan emakumeek sentitzen duten bakardadea modu batera estali nahi du Alkortak proiektu honekin. «Bakardadeari erantzuteko behar profesionala izateak agerian uzten du gizartean dugun hutsunea. Lehen beste mota bateko ingurunea genuen eta inguruko emakumeek egin zezaketen akonpainamendua, baina gaur egun ez. Sare hori ordezkatu nahi du Sabeletik Mundurak, nahiz eta anbibalentzia handia sortzen didan horregatik kobratu behar izateak».

Informazioa eman, entzun, sostengatu, baliabideak eskaini eta emakumeak beste profesionalengana bideratu. Horrela laburbiltzen du Alkortak Sabeletik Mundura proiektuan egiten duen lana. «Autonomo izateak baditu bere alde gogorrak, zaila da kontziliazioa, baina beste amatasun eta gurasotasun batzuk akonpainatzeko aukerak zentzua ematen dio guztiari. Zaila da baina mundua egiteko beste modu bat da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!