«Poltsa hautsiarekin iritsi nintzan ospitalera, eta esan zidaten 24 orduko epea nuela erditzea abiarazteko, eta lasai egoteko, normalean erditzea bere kabuz jartzen dela martxan, eta ez dela beharrezkoa izaten indukzio bat.
Momentu horretan, ospitaleko gelara sartzerakoan langileetako bati entzun nion ginekologoari esaten libre zegoen azkeneko ohea zela okupatzera nindoana. Arreta eman zidan, 08:00ak zirelako. Nire artean pentsatu nuen entzundakoa egia bazen egun osorako arazo bat edukiko zutela, eta nahiz eta gero zentzua hartu zuen denak, momentu hartan ez nion garrantzirik eman datuari.
Ingresatu eta 12 ordura, oraindik ere 24 orduko epea betetzeko asko falta zela, indukzioa inposatu zidaten. Inposizioa izan zela diot, nik ezezkoa esan nuelako. Aipatu zidaten erditzea induzitzen ez banuen umeari zerbait gertatuko zitzaiola, eta nire errua izango zela. Apur bat beldurtu nintzen, baina hala ere, berriro ezezkoa eman eta azalpena eskatu nien. Orduan, gorputz jarrera nahikoa bortitzarekin esan zidaten beraiek ez zutela goizaldeko 04:00etan erditzerik induzitzen, eta ea zer uste nuen nik. Erantzun nien ez nuela 08:00etara itxaroteko arazorik umea eta biok ongi baldin bageunden. Monitorizatuta nengoen eta uneoro kontrolatua. Ezezkoa eta ezezkoan tematu ziren eta guztia jaso eta gela libre uzteko agindu zidaten. Hor azaleratu zen sistemaren lehen arazoa. Baliabideak falta zituzten, gela hutsak behar zituzten.
Ez zidaten informaziorik eman, zuzenean oxitozina jarri zidaten, eta tartean haztapen oso-oso mingarri bat egin zidaten. Gero jakin nuen hamilton maniobra bat izan zela, eta baimenik gabe egin zidaten. Hasi ziren oxitozina kantitate nahikoa altuak jartzen eta berehala hasi nintzen kontrakzio oso indartsuekin.
Ordu asko eman nituen makinari lotuta, eta tarte horretan, etengabe egin zizkidaten haztapenak. Metro edo metro eta erdiko espazioa nuen mugitzeko, pareta eta ohea ukitzen nituen, lotuta nengoen erabat, oso estu.
Kontrakzioak altuak baziren ere, oso ondo neramatzan, atseden txiki batzuk baneuzkalako. Espresuki eskatu nuen beharrezkoak ziren profesionalak baino ez egotea erditze gelan. Hala ere, tartean beste ikasle batek, beste haztapen bat egin zidan, oso mingarria hura ere. Uste dut adierazgarria dela esatea, haztapena egiten zidan bitartean barkamena eskatu zidala. Ez dakit hamilton maniobra bat izan ote zen, edo besterik gabe, bere lehenengo haztapena izan ote zen, baina esan dezakedana da oso mingarria izan zela. Gainera, nengoena baino oraindik ere dilatatuagoa nengoela esan zuen, eta horrek espektatibak aldatu zituen.
Ordura arte komunera joaten uzten zidaten, baina gero ez. Ez zidaten jaten eta edaten uzten, nahiz eta ordu asko baraurik eman. Nekea areagotzen ari zitzaidan.
Txanda aldaketarekin emagin zoragarri bat tokatu zitzaidan, eta oso akonpainamendu ona egin zidan gau osoan zehar. Alboan eduki nuen eta baliabideak eman zizkidan. Nekearen nekez, ordea, kontrakzioen atsedenaldi horietan lokartzen hasi nintzen. Bultzatzeko gogoa nuenez, emaginari haztapen bat eskatu nion, eta zazpi zentimetroko nengoela esan zidan. Nahiz eta nik hasiera batean nahi ez, epidurala jartzeko gomendatu zidan, atseden hartu eta umea kanporatzeko unean indartsu egongo nintzela. Onartu nuen.
Anestesista etorri zitzaidan astakeriak esanez: 'Tonta' izan nintzela hainbeste aguantatzeagatik, eta desordutan molestatzen ari nintzaiola. Epidurala jartzeko bikotea gelatik bidali zuten, eta bere zakarkeria horretan anestesistak geldi egoteko esaten zidan, nahiz eta ezin nik ezin nion gorputzari geldirik eutsi.
Ni emaginarekin zentratu nintzen, eta anestesistak alde egin eta epidurala efektua egiten hasi zitzaidanean atseden tarte txiki-txiki bat izan nuen.
Ginekologo bat agertu zen arte. Ohearen hanketan jarri zen zutik ni zainduko ninduela esanez. Esan zuen moduagatik, bere presentziagatik, agertu zen eragatik izugarrizko beldurra sentitu nuen. Bikotekidea lo zegoen, eta esnatu egin nuen zerbait pasatzen zela ohartarazteko. Botoiari eman eta emaginari deitu genion. Monitoreak begiratu eta emaginak ziurtatu zigun dena ondo zegoela, ez zegoela arazorik, hala ere ohartarazi zigun medikuak nire kasua baloratzen hasi zirela. Handik gutxira aurretik azaldu zen ginekologoa azaldu zitzaidan, beste bi kiderekin batera. Hiruak hasi zitzaizkidan esanez denbora asko neramala eta haztapen bat egin behar zidatela. Bi egin zizkidaten, hiru ginekologo horietatik bik. Elkarri begiratu zioten eta 'zesarea' hitza esan zuten. Besterik gabe.
Nik ezetz esan nuen, dena ondo zegoela eta jakin nahi nuela zer gertatzen ari zen. Bortitz jartzen hasi ziren. Antza denez ez zuten ezezkorik espero eta tentsioan jarri ziren. Hasi ziren esaten erditzea geldituta zegoela eta nire erditzeak zesarea bidez izan behar zuela. Hor berriro ere presa agertu zen, erditze gela libratu beharra. Nik ezezkoari eutsi nion eta orduan gogora etorri zitzaidan haurdunaldiko informazio bilketa horretan irakurri nuen kontu bat: ph proba egin ahal zitzaiola haurrari, erditzean estresatuta ote dagoen edo sufritzen ari den ikusteko. Hirugarren ginekologoak esan zidan proba horren beharrik ez zegoela, ez zuela merezi.
Ikusi nuen, berdin ziola arazoak erreala izan edo ez, erabakita zeukatela erditzea zesarea bidez egitea.
Nire hirugarren ezezkoari erantzuten hasi zitzaizkidan esanez ospitalera joaten banintzen beraiek nahi zutena egin behar nuela, ea zer uste nuen nik. Eztabaida horretan hazi egin ziren, eta hirugarren ginekologo horrek, helduago zenak, beste biak aterarazi zituen gelatik. Gau osoan nirekin egon zen emaginari eskatu nion berriro haztapen bat egiteko dilatazioaren gelditze hori zenbatekoa zen ziurtatzeko, esaten ari ziren hori erreala zen edo ez jakiteko. Emaginak haztapena egin zidan eta baietz esan zidan, erditzea aurrera zihoala, ez zegoela geratuta, aurreko haztapenetik umea beherago zegoela eta umetokiaren lepoa bigunagoa.
Ez zegoen mediku arrazoirik zesarea bat egiteko.
Emaginari eskatu genion mesedez hitz egiteko ginekologoarekin, eta haiei azaltzeko erditzea aurrera zihoala, ez zegoela geratuta. Alegia, ez zela egia esaten ari zirena. Saiatu zen baina berehala sartu ziren esanez zesarea izango zela, bai ala bai. Oso nekatuta nengoen, jarraitzen nuen oxitozina sintetikoaren kontrakzioekin, eta banekien esaten ari ziren hori gezurra zela. Emaginari begiratu nion zerbait esan zezan baina burua jaitsi zuen. Ez zeukan zereginik. Osasun profesionalen arteko hierarkia geratu zen agerian.
Oso gogoan dut eskatu niela poliki azaltzeko zer zen zesarea bat, nekatuta nengoela eta ondo ulertu nahi nuela. Eman zidaten azalpen guztia izan zen ebakuntza gelara joango nintzela eta 40 minututan umea aterako zela. Listo. Ebakuntza nagusi batean eman beharreko baimena horretara mugatu zen: nik ez nuen inongo momentutan baiezkorik esan ere, besterik gabe burua jaitsi baino ez nuen egin, eta noski, ez nuen ezer sinatu.
Derrepentean, hamar pertsona inguru sartu ziren gelara, eta garrasika hasi zitzaizkion bikotekideari dena jaso zezan, aurreko gelan egin ziguten berdina. Segituan hasi zitzaizkidan besoetan bena-barnekoak jartzen, soiltzen, biluzten... inork ezer esan gabe. Ohea mugitzen zela sentitu nuenean anestesista bat gerturatu zitzaidan. 'Ni izango naiz zure anestesista', esan zidan euskaraz. Nik momentu horretan behar nuen nire hizkuntzan arituko zitzaidan norbait. Bat-batean ikusi nuen baninderamatela. Bakarrik. Bikotekidea sartu ote zitekeen galdetu nuen orduan, eta ea zoratuta nengoen erantzun zidaten. Nik banekien, garai horretan poliklinikan, dagoeneko, uzten zietela bikoteei zesareetan ebakuntza geletara sartzen. Orduan eskatu nuen, umea nirekin ez bazegoen aitarekin utzi zezatela azala azalarekin. Ez zidaten erantzun ere egin.
Ebakuntza gelara eraman nindutenean oso gogoan daukat, ohatilara pasa ninduteneko kolpea, zaku patata bat bezala bota ninduten, bizkarrean mina sentitu nuen. Izugarrizko hotza egiten zuen, eta ahots asko entzuten nituen aldamenean. Atea parean neukan eta jendea sartu eta atera ikusten nuen, sartu eta atera. Jende pila bat zegoen han. Nik ez nuen ezer ikusten, eta besoak lotuta jarri zizkidaten. Ezin nuen mugitu eta zarata handia entzuten nuen. Elkarrizketa ezberdinak entzuten nituen inguruan.
Bat-batean entzun nuen nola hasi ziren ebakuntza azaltzen han zegoen jendeari. Ni, berez, oso beldurtia naiz gauza horietarako. Bada, entzun behar izan nuen ebakuntza guztiaren azalpena; usainak, soinuak eta bestelakoak, oraindik ere, hamaika urte beranduago presente dauzkat, oso gorputzean ditut.
Ni han ez nintzen existitzen. Berdin zuen denak. Dardarka nengoen eta errieta egiten zidaten. Ez nuen neure gorputzaren inongo kontrolik. Anestesistak esan zidan nire haurrarengatik egin nezakeen gauza bakarra lasaitzea zela, eta horretan zentratu nintzen. Oso esperientzia bortitza izan zen.
Halako batean, haurraren negar bat entzun zen. Anestesistak esan zidan: 'Hori da zure semea'. Ikusi nuen pertsona batek umea bazeramala. Uneoro kontziente nengoen eta garrasi egin nuen. Pertsona horrek buelta eman zuen umea niregana ekartzeko, eta garrasi egin zioten pediatrarengana eraman zezan. Haurraren behatzak baino ez nituen ikusi, eta desagertu egin zen korridorean. Istant batera kordea galdu nuen, edo ez dakit lokarrarazi egin ote ninduten. Tarte batera esnatu eta berriro ekarri zuten umea eta musu emateko agindu zidaten, baina ez zidaten nahikoa gerturatu. Ezin izan nuen ukitu, usaindu, aurpegitik urrun jarri zidaten.
Handik esnatze gelara eraman ninduten. Gizon bat zebilen han lanean eta inork ez zidan azalpenik eman. Erloju bat nuen parean eta ikusten nuen nola pasatzen ziren orduak. Inork ez zuen ezer esaten, eta bat-batean gaizki sentitzen hasi nintzen, manta bero moduko bat jarri zidaten eta pixkana errekuperatzen hasi nintzen. Behin eta berriro eskatzen nuen umea ekarri zezaten. Halako batean, bi ordu luze pasata zeudenean, gizonezko horrek esan zidan ez nintzela bertatik aterako hankak mugitzeko gai ez nintzen bitartean. Hankak altxatu nahian hasi nintzen, bat kontrolatzen nuen baina bestea ez, eta tranpatxoak egiten hasi nintzen. Telefono bat ere ikusten nuen eta eskatzen nien nire bikotekideari deitzen uzteko, jakin nahi nuela umea bizirik ote zegoen edo ez. Nik momentu horretan uste nuen umea hila zela, inork ez zidalako ezer esaten. Halako batean bi zeladore azaldu ziren elkarren artean poz-pozik hizketan eta esan zidaten: 'Tu hijo es el más guapo que hemos visto hoy'. Orduan, nire artean pentsatu nuen, 'bizirik egongo da, bestela ez zidaten horrelakorik esango'.
Ia lau orduz esnatze gelan egon ostean, plantara eraman ninduten. Igogailutik ateratzerakoan ikusi nituen nire gurasoak zurbil-zurbil. Haiek ere ez zekiten ni bizirik ote nengoen, inork ez zielako informaziorik eman. Izugarrizko lasaitua hartu zuten ikusi nindutenean. Iritsi nintzen gelara, baina haurrik ez zen han. Berriro ere ume eskean hasi behar izan nuen. Ia ordu erdi tardatu zuten semea ekartzen. Ordurako, aitari gezurra esanez, biberoi bat emana zioten. Nire bikotekideak esan zien bularra eman nahi niola umeari, baina erantzun zioten gluzemia bat egin ziotela umeari eta azukrea baxu zuenez biberoia ematea erabaki zutela. Gero historia klinikoan ikusi ahal izan genuen gezurra zela esandakoa. Beraz, umea erdi lo etorri zen eta edoskitzean arazoak izan nituen.
Hurrengo lau egunetan, plantan ere bortizkeria izugarria bizi izan genuen. Altxatzera derrigortzen ninduten gai ez nintzenean. Eta lehenengo aldiz altxa nintzenean, ziplo erori nintzen. Errieta egin zidaten, zer eta lurrera erortzeagatik! Etengabeko tratu txarra eman ziguten harik eta egoeraz jabetuta emagin batek gu bakean uzteko agindua eman zuen arte. Hirugarren eguna zen eta lur jota nengoen fisikoki eta emozionalki.
Erditzetik gelara iritsi nintzenean gurasoei esan nien lehenengo gauza izan zen 'non dago nire haurra?', eta bigarrena, 'nik ez dut ezer sinatu'. Oso kontziente nintzen gertatu zen hori guztia ezin zela legez gertatu. Pentsaezina egiten zait gizonezko bati basektomia baimenik gabe egitea edo inori apendizitis bat egitea ezer sinatu gabe. Hagina kendu behar didatenean sinatu behar dudan paper kopurua ikusi eta gero, zesarea hura inolako baimenik eman gabe egin zidaten».
Nahia Alkorta Elezgarai