Berrikuntzak izango ditu bihar hasiko den Kirol Asteak

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 11a, 15:35

Sei eguneko egitaraua antolatu dute Zizurkilen. Adin guztietako herritarrek izango dute kirola egiteko aukera, baita kirolariez gozatzekoa ere. Herriko kirol taldeek euren ekarpena egingo diote Kirol Asteari.

Aurtengo Kirol Astearen egitaraua aurkeztu dute udal ordezkari eta kirol taldeetako kideek. Bihartik hilaren 23ra bitarte, beraz, kirola izango da protagonista Zizurkilen. Berrikuntzen artean, Pirineos Film Festival aipatu behar da. Erronken atalean abenduaren 16a azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek, 12 orduz kirolean ariko baitira zizurkildarrak. Herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute ekimen honen bidez. Ohiko hitzorduetan nagusiena, Gau Krosa izango da. Horrez gain, urte osoan zehar Neska zatoz korrika! ekimena martxan dagoela gogoratu dute udaletik, Aitziber Ibarbiarekin ostiralero 18:00etan.

Gaur eta bihar hitzaldi eta tailerrak egongo dira Kirol Asteari hasiera emateko. Ostiraletik igandera bitarte, potoloena etorriko da, eta abenduaren 23an, punta puntako halterofilia txapelketa jokatuko da, erronka berezi eta guzti.

Pirineos Film Festival

Aragoien antolatzen den jaialdia da Pirineos Film Festival, Huescan hain zuzen ere. Lehen aldiz bertako laburmetraiak erkidegotik kanpora aterako dituzte, eta bilduma hori Zizurkilen ikusteko aukera egongo da abenduaren 15ean. Jaialdiko proiekziorik aipagarrienak jarriko dituzte Atxulondo Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Bi orduko saioa izango da eta tartean 10 minutuko atsedenaldia egingo dute. Guztira zortzi laburmetraia proiektatuko dira: The tough (Polonia); Roca Nua (Espainia); Into the ice (Espainia/AEB); Le moustache forever (Espainia); Into the mountain (Brasil); 24 hours odyssee (Austria/Suitza); Plastic (Malaisia) eta Jotunn (Espainia).

Gau Krosa, Ibontxo Gonzalezen oroimenezkoa

Zizurkilgo Gau Krosaren 26. edizioa abenduaren 16an ospatuko da. Ibontxo Gonzalez gogoan dutela, bi lasterketa mota antolatu dituzte: haurrena eta helduena. Gaztetxoek izena emateko aukera ikastetxeetan izan dute, baina egunean bertan ere egongo da horretarako aukera, 21:00etan plazan. Helduek aurrez eman beharko dute izena, herrikrosa.eus webgunean 3 euroren truke. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gehienez 150 korrikalarik parte hartuko dute maila honetan.

  • 22:00etan txikienak aterako dira, 2011 edo ondoren jaioak. Kilometroko ibilbidea egin beharko dute hauek. Horietatik 850 metro kontrolpean eta azken 150 metroak libre. 2008-2010 artean jaiotakoek, 2,5 kilometroko ibilbidea egingo dute. Lehen hiru gazteek saria izango dute, eta haurren kasuan, parte hartzaile guztiek eramango dute zerbait etxera.
  • Helduen lasterketa 22:30ean hasiko da eta 7 kilometro izango ditu ibilbideak. Lehen hiru sailkatuek saria izango dute. Horrez gain, korrikalari helduenari Dinosaurio Saria emango diote.

Halterofilia

Batis Kortajarena Danok Danenako kidea gustura agertu da Kirol Astearen aurkezpen ekitaldian, aurtengoan halterofiliari lotutako bi ekitaldi egongo direlako. Lehena abenduaren 17an izango da, eta eskola mailako txapelketa jokatuko dute. Hitzordu nagusia, ordea, abenduaren 23an izango da. Kortajarenaren esanetan, mailarik goreneko pultsulariak elkartuko dira egun horretan Intxaur pilotalekuan. Horrez gain, Eki Lizasok munduko txapelketara joateko txartela lortu nahi du Zizurkilen. Egun horretan, gutxieneko marka lortzen badu, Danok Danenan ibilitako pultsularia munduko txapelketan izango da.

Egitaraua

Abenduak 12, asteartea
  • 19:00. Hitzaldia Plazida Otañoko balioanitzeko gelan. Gaia: Guztiok kirola egiteko aukera izan dezagun. Gipuzkoako Futbol Federazioko eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren arteko Futbola denontzat proiektua. Hizlaria: Josu Zubia, futbol federazioko kirol koordinatzailea eta kirol egokituko teknikaria.
Abenduak 13, asteazkena
  • 10:45. Erretirodunei zuzendutako gimnasia tailerra, Atxulondon.
Abenduak 15, ostirala
  • 19:00. Pirineos Film Festival. 2023ko film aukeratuen emanaldia, Atxulondon.
Abenduak 16, larunbata

12 orduz kirolean Zizurkilen.

  • 11:00. Herri kirolak eta jolasak ZEK-en eskutik Intxaur frontoian.
  • 11:00-13:00. Emakumeei zuzenduriko tailerra, bizikletan ibiltzen ikasteko. Joxe Arregi plazan eta bidegorrian.
  • 17:00. Volleya ezagutu nahi duzu? Neskide taldearekin entrenatzeko aukera Otañon.
  • 18:00. Neskide taldeko infantilen partida.
  • 18:45. Janari ekuatoriarraren dastaketa.
  • 19:15. Ecuavolley erakustaldia.
  • 22:00. Haurren Gau Krosa.
  • 22:30. XXVI. Gau Krosa, Ibontxo Gonzalezen Oroimenezkoa.
Abenduak 17, igandea
  • 11:00. Egarri Halterofilia Torneoa. Eskola mailako teknika txapelketa. Denok Danenaren eskutik Joxe Arregi plazan.
  • 17:00. Ziotza pilota eskolako umeen partidak Intxaur frontoian.
  • Ondoren, esku pilotari afizionatuen partida: Alberdi-Erasun vs. Perurena-Aizpuru.
Abenduak 23, larunbata
  • 09:30. Bizikleta ibilbidea. Eguraldi txarrarekin ginkana. Danena Txirrindularitzaren eskutik. Benjaminak eta alebinak (LH3-6), eta infantilak eta kadeteak (DBH 1-4).
  • 11:00. Eguberrietako Halterofilia Txapelketa, Intxaur frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!