Emaitza bikainak Denok Danena halterofilia taldekoentzat Gipuzkoako Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 3a, 17:00

Denok Danena taldeko pultsulariak, Ekaitz Kortajarena eta Jon Ander Iriarte entrenatzaileekin.

Aurreko larunbatean, urriaren 28an, Zarauzko Aritzbatalde frontoian, Gipuzkoako Teknika, 15 urtez azpiko eta 17 urtez azpiko txapelketak izan ziren eta Denok Danenako gaztetxo taldea bikain aritu zen lehian Jon Ander Iriarteren eta Ekaitz Kortajarenaren gidaritzapean.

Gipuzkoako Eskola Teknikan, Eneko Mesa (Pedro Mari Otaño Ikastetxea) txapelduna izan zen, eta Kisbel Lopezek (Pedro Mari Otaño Ikastetxea) bigarren postua lortu zuen.

15 urtez azpiko mailan, 49 kiloko mailan Sergio Gonzalez (Pedro Mari Otaño Ikastetxea) izan zen txapelduna; 67 kiloko mailan Unai Mesa (Pedro Mari Otaño Ikastetxea) izan zen irabazlea eta bigarren postua Mohamed Reda El Byad-entzat (Pedro Mari Otaño Ikastetxea) izan zen; 71 kiloko mailan Maialen Zubeldia izan zen txapelduna. Pultsulari horiek 17 urtez azpiko mailan ere postu berberak lortu zituzten.

Azaroaren 18an egingo da Euskadiko Teknika, 15 urtez azpiko eta 17 urtez azpiko txapelketak, Zarautzen bertan, eta Gipuzkoatik parte hartzeko ondorengo pultsulariak sailkatu dira: eskola teknikan, Eneko Mesa eta Kisbel Lopez; 15 urtez azpikoan, Sergio Gonzalez, Unai Mesa eta Maialen Zubeldia; eta 17 urtez azpikoan, Unai Mesa eta Maialen Zubeldia.

Neska-mutil horiek guztiek astean hiru aldiz entrenatzen dute Pedro Mari Otaño Ikastetxean, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 17:30etik 18:30era. «Beraiek dira gure etorkizuna eta hauekin emaitza gehiago eta hobeak lortu nahi baditugu, ordu gehiago eskaini behar zaizkio prestaketa lanei», azaldu dute Denok Danena klubetik. «Gaztetxo gehiago animatzea ere bada gure beste erronketako bat. Eta gure esku ez badago ere, momentu honetan ez zaigu batere erraza suertatzen behar bezala aritzea, entrenatzeko denbora gehiago eta espazio egokiaren behar handia baitaukagu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!