Ospakizuna eta aldarrikapena bateratuko dituzte Zizurkilen

Ataria 2023ko urr. 17a, 19:59

Duela urtebete sortu zen mendiak babesteko sarea. Sare hori sendotu dela aldarrikatzeko festa egingo dute urriaren 22an, Zizurkilen. San Millan elizan bertso saioa eta ondoren herri bazkaria antolatu dituzte. 

Mendiak babestu eta mendietan zentral eolikorik ez dutela nahi aldarrikatzeko eguna egingo dute datorren urriaren 22an Zizurkilen. "Urtebete honetan Gipuzkoako mendiak babesteko sarea sortu eta sendotu egin dugula ospatuko dugu. Mendiak aske eta industrializatu gabe nahi ditugu, gure gazteen eta seme-alaben etorkizuna izaten segi dezaten", esan dute antolatzaileek.

Duela urtebete Elosun elkartu ziren Energia berriztagarriak bai, mendiak txikitu ez lelopean hainbat talde: Oletan ere ez (Azkoitia), Sañu bizirik (Azpeitia), Sainu Bizirik (Zestoa), Karakate Bizirik (Elgoibar, Soraluze, Bergara), Urretxu-Zumarraga Bizi (Urretxu-Zumarraga) eta Andatza-Ezkeltzu Bizirik (Zizurkil, Usurbil). Gipuzkoako Mendiak Aske izenean abiatu zuten bidea elkarrekin eta orain Zizurkilen ospatuko dute urtebeteko ibilbidea.

Horretarako, urriaren 22an, honako egitaraua prestatu dute:

  • 12:00. Energia(k) ezbaian bertso saioa San Millan elizan. Aitor Bizkarra, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran. Gai-jartzailea: Saroi Jauregi. Sarrerak 10 euro; umeek borondatea.
  • 14:00. Herri bazkaria kantaldi eta guzti, eta amaieran, kalejira. Herri bazkarirako produktu guztiak bertakoak eta ekologikoak izango dira. Bazkaria 15 euro eta umeek borondatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!