Ahalduntze taldea jarriko dute martxan Zizurkilen

Ataria 2023ko ira. 13a, 11:57

Galtzaundi euskara taldeak 'Euskaraz bizi gaitezke' izenburupean sei saio eskainiko ditu urritik abendura bitarte; astelehenean irekiko dute izen ematea.

Aurretik Tolosan egin bezala, Euskaraz bizi gaitezke izeneko euskaldunen ahalduntze tailerra jarriko du martxan Galtzaundi Euskara Taldeak Zizurkilen. Tailerrean izena ematen dutenek euskaraz bizitzeko topatzen dituzten zailtasunei aurre nola egin ikasiko dute, besteak beste. Astearte arratsaldeetan izango dira saioak Atxulondo kultur etxean 18:00etatik 20:00etara, hamabostean behin. Sei hitzordu izango dira guztira eta izen emateak Galtzaundi Euskara Taldeko bulegoan egin beharko dira. Argibide gehiago nahi dituenak 943 65 50 04 zenbakira hots egin dezake edo galtzaundi@galtzaundi.eus helbidera idatzi.

Galtzaundik aurreko bi urteetan ere martxan jarri izan ditu ahalduntze taldeak. Euskara taldearen esanetan gaztelaniaz hitz egiten dugun kasu askotan euskaraz egin genezake: «Maiz gertatzen da gaizki sentitzen garela hori egiten dugunean, edo kezka izaten dugula besteek zer pentsatuko. Estres linguistikoa esaten zaio horri». Ahalduntze saioetan norbere barruak zergatik mugitzen diren identifikatzen laguntzen diete euskal hiztunei. Antolatzaileen esanetan, prozesu hori besteekin batera egitea da gakoa.

Saioek bi zati izaten dituzte, bata praktikoa eta bestea teorikoagoa. Batetik, norberak euskaraz bakarrik bizitzeko dituen zailtasunak kontatuko ditu «modu informalean», eta erronda horretan, partaideen arteko interakzio bidez, norberak gertatzen zaiona hobeto ulertu ahal izango du. «Muga horiek edo erosotasun falta horren arrazoiak izan daitezke politikoak, psikologikoak, emozionalak edota egiturazkoak. Zergati horiek azaldu eta egoera horien aurrean nola jokatu daitekeen azalduko da tailerretan», esan dute Galtzaunditik. Tailerretan parte hartu nahi dutenek irailaren 29ra arteko epea dute izen emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!