«Egoera horiek modu natural eta lasai batean kudeatzea garaipen bat da»

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 13a, 11:58

Aurreko ikasturtean Galtzaundik Tolosan antolatutako Euskaraz bizi gaitezke euskaldunen ahalduntze tailerrean parte hartu zuen Beñat Azaldegi Lakuntzak (Tolosa, 1994).

Zergatik erabaki zenuen tailer honetan parte hartzea?

Gure hizkuntza hautuen inguruan kezka dugun pertsonak elkartu eta horren inguruan hausnartzeko aukera ona izan zitekeela pentsatu nuen. Nire kezkak partekatzeko aukera emango zidalako eman nuen izena.

Zein profiletako pertsonek hartu zenuten parte saioetan?

Zorionez profil nahikoa diferenteko jendeak eman zuen izena eta hori oso aberasgarria izan zen. Tailerrean parte hartzeko motibazioak ere ezberdinak ziren gutako bakoitzaren kasuan. Bageunden kezka pertsonalak bultzatuta gerturatu ginenak, baina baziren baita euren jardun profesionalean hizkuntzaren erabilerarekin kezka zutenak ere. Adibide bat jartzearren, Altzako eskola publikoko langile bat zen parte hartzaileetako bat eta bizi zuen estres linguistikoaz jardun zitzaigun.

Nork gidatu zituen saioak?

Galtzaundiko Imanol Artolak. Egia esan, oreka ona bilatu zuen, guretzat zerbait gozoa eta aldi berean emankorra izan da. Kezkak konpartitu bai, baina batez ere gure hizkuntza hautuen inguruko erabakiak hobeto identifikatzeko tresnak eman zizkigun. Gainera hasieratik argi adierazi zigun behin estres egoera horiek identifikatuta, norberak erabakitzen duela egoerari aurre egin edo ez. Kontua ez da geure burua zigortzea hizkuntza hautuari eutsi ezin diogulako.

Egoera ezeroso horiek errazago identifikatzen dituzu orain?

Bai. Guk uste duguna baino egoera gehiagotan bizi dugu estres linguistikoa euskal hiztunok. Askotan pentsatzen dugu jende ezezagunarekin pasatzen zaizkigula horrelakoak, baina gehienetan gure inguruko jendearekin bizi ditugu egoerarik ezerosoenak. 'Nik zergatik egiten dut hautu hau? Zergatik nago eroso honaino eta zergatik egiten ditut hemendik aurrera beste hautu batzuk? Zergatik ez dut euskaraz jarraitzen?', galdera horiei erantzuna topatzen lagundu zidan tailerrak .

Ikastaroa egin aurretik euskarazko hautuari eustea zein testuingurutan zitzaizun zailagoa?

Konturatu nintzen hizkuntza hautuari eroso eta lasai eusteko oztopo gehienak emozionalak nituela. Konplexuak ere azaltzen dira horrelakoetan. Ikastaroan asimetriaz asko hitz egin genuen. Euskal hiztunok joera dugu hizkuntza aldatzeko parean duguna eroso sentitu dadin, baina ez du zertan; biok elkar ulertzen badugu eutsi diezaiokegu euskarari. Nire kasuan konturatu nintzen, euskaraz horren ongi moldatzen ez diren lagunekin gaztelania erabiltzeko joera nuela, edo gaztelaniazko makuluak erabiltzekoa, behintzat. Uste nuen haiek eroso senti zitezen egiten nuela, baina tailerraren ostean konturatu naiz, euskaraz jarraitzea dela haiek eroso sentiarazteko modua. Azken batean, norbera den bezala agertzea baino modu hobeagorik ez dago eta ni euskaraz naiz. Euskaraz ariko ez banintz ez nintzateke ni %100ean.

Zertan lagundu dizu ahalduntze tailer honek?

Lehen esan bezala egoera horiek identifikatzen lagundu dit. Nik nahikoa argi dut hizkuntza hautua, baina hautu horrekin lasai eta eroso sentitzea ez da erraza. Estres momentu horiek ekiditeko, edo ahal den neurrian behintzat, lasaitzeko, tresna batzuk eman zizkigun Imanolek. Nuen estresa ikaragarria izan gabe ere egoera horiek modu natural eta lasai batean kudeatzea niretzat garaipen bat da.

Behin tailerrean parte hartuta euskara gehiago egiten duzu?

Tolosaldean, neurri handi batean, euskaraz bizitzea ahalbidetzen digun ingurune bat daukagu. Ez nuke esango euskara gehiago edo gutxiago egiten dudanik, baino positiboago bizi dut orain eta hori kutsatu egiten da. Alde horretatik polita izan da, ez delako besteei begirako ariketa bat izan, norbere buruarekin egin beharrekoa baizik.

Nola animatuko zenituzke herritarrak parte hartzera?

Estres kasu zehatzak identifikatu, haiei nola aurre egin ikasi eta norberari begirako konpromiso batzuk hartzen ikasi dut tailer honetan. Gainera kezka berdintsuak dituzten pertsonak ezagutu ditut eta hori beti da ederra. Ingurune berri bat eman dit.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!