Bada harrobia

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko uzt. 1a, 16:02

VII. Ataria Pilota Topaketako finalak lehiatu dira Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. 10:00etan hasita, zazpi partidak lehiatu eta txalotuak izan dira. Pilotari gazteek pilotari profesionalen eskutik jaso dituzte oroigarri eta txapelak.

Esku pilotan eta gomazko paletan aritu dira nor baino nor, goiz guztian zehar, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Izan ere, egun handia zuten markatuta egutegian eskualdeko pilotariek: VII. Ataria Pilota Topaketako finalak.

Harmailak beterik, partidaz partida ikusleak pilotaren harrobiaz gozatu dute. Ziotza pilota elkarteko arduradunek anfitrioi papera bete dute gaurkoan, eta gainontzeko pilota eskolak –Aurrera Tolosa, Behar Zana, Intxurre, Kuku, Txulobi, Zazpi Iturri, Ziotza eta Albiztur, Alkiza, Altzo, Berastegi, Bidania-Goiatz, Larraul eta Lizartzako pilota eskolak–, Ataria-rekin batera, antolakuntzan aritu dira. Honela, guztien lankidetzarekin eta Zizurkilgo Udalaren babesarekin, finala aurrera eramatea posible izan da.

Guztira zazpi final jokatu dira: lau esku pilotan eta hiru gomazko paletan.

Esku pilotan

Benjaminak B mailan, Arregi-Eskudero Artola-Balerdiren kontra aritu dira. Markagailua Artola-Balerdiren alde amaitu da, 16-5eko emaitzarekin.

Benjaminak A mailan, Landa-Zufiria eta Altuna-Artola izan dira aurrez aurre. Altuna-Artola garaile atera dira gaurko finalean, 6-16ko emaitzarekin.

Alebin mailako finala, Ruiz-Eizagirre eta Artola-Iraolari egokitu zaie. Hamar tantoko aldearekin atera dira garaile Ruiz-Eizagirre (16-6).

Azkenik, esku pilotari dagokionez, infantil mailan ikusleek Zufiria-Larrarte eta Otaegi-Lacarraren jokoaz gozatu dute. Pilotari nagusitasunez erantzun diote pilotariek. 7-18an amaitu da markagailua, Otaegi-Lacarraren alde.

Gomazko paletan

Benjaminetan, Lasa-Uzkudun eta Zinkunegi-Lasa III estreinatu dute gomazko paletako finala. Lasa-Uzkudunentzat izan da txapela, 20-12ko emaitzarekin.

Alebinetan, Lasa II-Goikoetxea eta Goitia-Elola jokatu dute aurrez aurre, Goitia-Elola izan dira garaileak, 17-20ko emaitzarekin.

Eta eguneko partidarik lehiatuena, publikoa txaloka tantoz tanto aritu dena, infantil mailakoa izan da. Murua-Goitia eta Lopetegi-Lasa I nor baino nor. Ezin parekatuago partida osoan. Azkenik, azken tantoa Lopetegi-Lasa Irentzat izan da. Lehia 19-20ko emaitzarekin amaituta.

Behin partidak amaituta, sari banaketa ekitaldia egin da. Pilotari gaztetxoek pilotari profesionalen eskutik jaso dituzte euren oroigarri eta txapelak. Miren Larrarte bidaniarrak, Itsaso Erasun zizurkildarrak, Iñaki Artola alegiarrak eta Xabi Tolosa anoetarrak jantzi dizkiete txapelak VII. Ataria Topaketako txapeldunei.

Azken batean, pilotari gaztetxoek argi utzi dute gaurkoan ere, pilotak harrobia baduela Tolosaldean. Honela, Ataria eta eskualdeko pilota eskolak horretaz jakitun, gaurkoan jada hasi dira zortzigarren topaketa prestatzen eta finala non izango den erabakitzen. Horretarako ordea urtebete itxaron behar.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!