Elkarrizketa

«Horrelako pilota topaketek asko bultzatzen dute pilotarien ibilbidea»

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 18a, 11:58

Itxaso Erasun eta Asier Ugartemendia, 2011n, VIII. Hitza Pilota Txapelketaren sari banaketan, Oier Mendizabal eta Jon Ander Albisu pilotariekin.

Itxaso Erasun (Zizurkil, 1999) eskuz zein palaz aritzen da pilotan gaur egun. Hitza Pilota Txapelketan aritu zen, eta finalera iritsi zen 2011n, VIII. edizioan, Asier Ugartemendia alkizarrarekin batera. Ezin izan zuten txapela eskuratu.

Nola duzu gogoan VIII. Hitza Pilota Txapelketan jokatu zenuen finala?

Hor jokatu nuen azkenekoz eskuz mutilen aurka, eta gero palaz jokatzera pasa nintzen. Adin horrekin dagoeneko asko nabaritzen zen mutilen eta nesken arteko aldea indarrari dagokionez.

Finalera iristeko gai izan zinen.

Oso neska gutxi ginen eta zortea izan nuen Asier Ugartemendiarekin egokitu zitzaidan. Pilotari ona zen, eta nik nahiko indar nuen. Argazkian ikusten denez, altua nintzen eta indar pixka bat banuen. Txapelketan zehar partida gogorrak jokatu genituela gogoratzen naiz, eta irabazi eta finalera iristea lortu genuela. Txapelketa berezia izan zen, neska batek mutilei irabaztea gaizki hartzen zutelako zenbait aurkarik. Gero, finalean, oso gaizki jokatu genuen.

Hitza Txapelketako finalak Beotibarren izaten ziren. Berezia zen zuretzako?

Bai, eta gogoan dut oso urduri nengoela. Niretzako final bat jokatzea askotan pasatzen ez zen zerbait zen.

Gero palaz jokatu zenuen Hitza edo Ataria txapelketetan?

Bai, gogoan dut Ataria Pilota Txapelketa palako modalitatean jokatu nuela, eta finalen batera iritsi ginela. Orain ikusi izan dut neskak eta mutilak batera jokatzen dutela, eta oso ondo dagoela iruditzen zait.

Zer garrantzia izan du txapelketa horietan parte hartzeak zure ibilbidean?

Eskuz jokatzen genuenean sekulako aukera zen neskentzako, txapelketetan aritzeko eta ondo pasatzeko, eta pilotaren munduan aurrera jarraitzeko. Eta palan hasi nintzenean, hemen inguruko pilotarien aurka jokatzeko aukera izaten genuen, eta jendea ezagutzeko eta aurkari ezberdinak izateko aukera polita zen.

Horrelako txapelketak eta topaketak beharrezkoak direla ikusten duzu?

Bai, oso beharrezkoak dira. Nik uste dut lan handia egiten dutela. Asko bultzatzen dute eskualdeko pilotarien ibilbidea, eta jakina da hemen aritu diren pilotari asko profesionaletara iritsi direla. Azkenean pilota mundua bultzatzeko balio dute horrelako txapelketa eta topaketek.

Aukera izan duzu Atari Pilota Txapelketan sari banaketan egoteko, sariak banatzen.

Aurreko urtean joan nintzen eta pozez hartu nuen deia. Nesken esku pilota mundua oraindik oso laburra da, eta hori nabaritzen da mutilenarekin alderatuta, baina niretzat oso polita izan zen gure ibilbidea ere baloratua dela ikustea. Neska pilotari gaztetxoentzat erreferente txiki bat izatea oso pozgarria da guretzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!