ELKARRIZKETA

«Aldaketa ez dago ume eta gazteen barruan, besteon begiradan baizik»

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 17a, 07:58

Aingeru Mayor sexologo eta ikertzaileak 'Transitos' liburua aurkeztuko du gaur, 18:30ean, Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian. Aurrez liburuaren inguruan aritu da.

Amesten zuen liburua Euskal Herriko familientzat ez ezik, Espainia eta Latinoamerikakoentzat baliagarria izan zitekeela pentsatuta, gaztelaniaz idatzi zuen Transitos Aingeru Mayorrek (Donostia, 1972). Euskaraz ere eman nahi du, baina oraingoz ez da posible izan. Edozein modutan, gaur, euskaraz ariko da Zizurkilen. LGTBI fobiaren bezperetan, Amasa-Villabonako eraso homofobikoaren aurretik erantzun die ATARIAren galderei.

25 familien testigantzak bildu dituzu liburuan.

Bai. Material bat sortu nahi genuen, egoera honetan dauden familiei baliabideak eman behar genizkiela iruditu zitzaigun Naizenen. Elkarteko familia guztiei eskatu nien parte hartzeko eta 25 familiek eman zuten baiezkoa. Beren bizipena zortzi orrialdetan kontatu zuten eta nire aldetik bi lan egin nituen. Batetik, kontakizun horiek ahalik eta gutxiena aldatuz, estiloa findu nahi izan nuen irakurtzerako orduan irakurgarria eta goxoa izateko. Eta bestetik, gurasoek kontatutako horretatik analisi bat egin nahi izan nuen, nolabait sistematizatzeko 25 kontakizun horietatik sortzen den ezagutza. Konfinamenduaren garaia baliatu nuen liburua amaitzeko, eta 2020an kaleratu genuen azkenean.

Zein helbururekin sortu duzu 'Transitos' liburua?

Naizen elkartean ikusten genuen ezezagutza, beldur eta zalantzekin elkartera bertara gerturatzen ari ziren gurasoei zenbaterainoko mesedea egiten zien trantsitua egina zuten beste familien esperientzia ezagutzeak. Askok adierazi izan digute tunel beltz batean bezala sentitzen direla eta beste familien istorioak ezagutzeak, tunelaren bukaeran argi izpia ikustea suposatu diela. Azken batean, beraien sexu identitatearekin ezin bizi izateak ezinegona eta sufrimendua eragiten die haur hauei, eta trantsitua egin ostean ongizate egoera batera pasatzen direla ikusten dute familiek, beraien sexu identitatea onartzen den neurrian.

Zeinengan pentsatuta idatzi duzu?

Esan bezala, familia horientzat baliagarria da dudarik gabe, ispilu bezala funtzionatzen du beraientzat, pistak ematen dizkie... Baina beste helburu bat betetzeko ere balio izan du: errealitate honi buruz ezagutza eskuratu nahi duten profesional eta ikerlarientzako materiala biltzea. Arlo guztietako, psikologo, pediatra eta antropologoentzat ikerketa etnografiko garrantzitsua da, diskurtsoaren analisi kualitatiboa eginaz, ezagutza sistematizatzeko balio izan duelako.

Transitos irakurtzen erraza da, edozeinentzako modukoa. Liburua aurkezten aritu garenean batean eta bestean gai hau sozializatzeko ere balio izan digu. Aurkezpenetan, Zizurkilen, esate baterako, irakurriko ditugu liburuko pasarteak eta elkarrizketa bat sortzea da helburua. Liburua urrun iritsi da gainera, Ertamerikatik eta Latinoamerikatik ere mezuak iritsi izan zaizkigu eskerrak emanez. Oihartzun zabala izan du liburuan, hainbesteraino non Estibaliz Urresola zinegileak ere baliatu dituen bertako kontakizunak 20.000 especies de abejas filmerako. Elkartera hurbildu zitzaigun aholkularitza eske eta guk emandako laguntza teorikoaren barruan liburuko kontakizun batzuk ere helarazi genizkion. Pelikulan sentiberatasun handiarekin eta fikzioaren bitartez oso ongi jaso ditu gure familien errealitateak.

Trantsitua egiterakoan zenbateraino garrantzia du inguruneak, familiak?

Elkartean aspaldi ikusi eta ikasi genuen trantsitua ez dute haurrek egiten, besteok baizik. Haurrek ikusiak izatea ikusten dute, baina aldaketa ez dago euren barruan, besteongan baizik, ikusi egiten baititugu, onartu egin ditugulako diren bezala. Gure begiradatik ematen diegu existentzia. Gure begiratzeko modua aldatzerakoan aurretik neska zela suposatzen genuen ume horrengan mutila ikusterakoan egiten da trantsitua.

Zein emozio bizi izaten dute familiek?

Aldea badago duela hamar urtetik hona. Gizartea onerako aldatzea lortu dugu eta ezagutza zabalagoa da. Zenbat eta gehiago ezagutu, familientzat esan dezagun errazagoak direla prozesuak. Lehen informaziorik ez zegoenez zailagoak ziren trantsituak. Hain zuzen, ezezagutza horregatik guraso horietako askok ezin zuten ez ikusi, ezta onartu ere, haur eta gazte hauek adierazten zutena. Aurrerapauso horiek izan daitezke, umeari motz-motz eramaten uztea, edo alderantziz, luze, edota prakak edo gonak erabiltzea. Haur bakoitzak behar batzuk adierazten ditu, eta ukapena dagoenean, depresio eta antsietate sintomak agertzen dira, autolesioak, suizidio saiakerak.

Ekai Lersundiren kasua aipatzen duzue liburuan.

Bai. Familien kontakizun guztietan agertzen dira mezu positiboa eta zoriontasuna, Ekairen kasuan izan ezin. Sekula gertatu izan behar ez zuena gertatu zen Ekairekin. Berak zeraman zama eta gaizki egon ezberdinengatik bere buruaz beste egitea erabaki zuen.

Trantsitu prozesua noiz hartu daiteke amaitutzat?

Oso polita da ikustea liburuko kontakizunetan nola agertzen den hitz bat: zoriontasuna. Haur hauek zoriontsu sentitzen hasten dira, edo bere bizitzako egun zoriontsuena bezala gogoratzen duten aitortza hori egiten zaien eguna. Irribarrea sortzen da. Oso grafikoa den elementu bat da hor: haur hauek trantsitua egin aurretik ez dute argazkietan agertu nahi izaten edo ateratzekotan haserre arpegia jartzen dute. Prozesua amaitzerakoan ateratzeko gogoa sartzen zaie eta argazkietan pozik agertzen dira. Liburuan ezagutza jasotzeaz gain, emozio guzti horien goitibeherak jasotzen ditugu. Bidai bat da.

Espainian onartu den trans legeak ekarri al ditu onurak?

Guztiz ikusezina zen errealitate bat zen transexualitatea. Ez bakarrik ikusezina, pentsaezina ere bai, norbaitek zakila izan eta neska izan zitekeela, edo alderantziz, bulba izan eta mutila izan zitekeela. Lortu duguna da errealitate hau ikusaraztea. Garrantzitsua da familiek egin duten lana komunikabideen aurrean euren intimitatea jendearekin partekatuz. Pentsagarri egin dugu errealitatea. Aurrerapenak beste arlo askotan ematen ari dira, eskoletan protokoloak egon daitezen ere, edota osasun zerbitzuetan hobekuntzak egiteko. Nafarroan eta EAEko genero unitateetan zein aldaketa izan dituzten ikustea besterik ez dago. Ez da ausaz gertatu, borrokatu dugulako baizik.

Legislazioan ere eman dira aurrerapenak. Nafarroan duela urte batzuk polemikarik gabe eman zen aurrerapausoa legeetan eta Euskadin ere duela urte pare bat aurretik zegoen legearen aldaketa egitea lortu genuen, transexualitatea guztiz despatologizatzeko. Niretzat latza izan da trans legearen inguruan zenbat zarata sortu den eta nola hauspotu dituen zarata horrek diskurtso ukatzaileak. Gezur asko zabaldu dira. Espainiako trans legearekin gauza batzuk aurreratu dira eta beste gauza batzuk ez, aurrerapen horiek, Euskal Herri mailan eginak baitira. Guk lanean jarraituk dugu Naizen elkartetik ezagutza eta maitasuna zabalduz.

LGTBI+ fobiaren aurkako eguna da gaur.

Bai. Fobia hitzak ez du hainbeste gorrotoa esan nahi, beldurra baizik. Transfobiaren aurkako erreminta eraginkorrenak ezagutza eta maitasuna dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!