Dibertsitatea ikusarazteko ekitaldiak eskualdean

Ataria 2023ko mai. 17a, 07:59

'Maitatzeari popatik' ikuskizunaren artxiboko argazkia; aurreko larunbatean eskaini zuten Zizurkilen. Argazkia: Laia Marcos

Aingeru Mayorrek ‘Transitos’ liburua aurkeztuko du Zizurkilen, gaur, LGTBI+ fobiaren aurkako egunean; Afrikaren Astea antolatu du Divina elkarteak eskualdean

Zizurkilgo Maiatza Saltsan egitasmoak aurrera jarraitzen du, eta aurtengoa inklusioan ardaztu dutenez, gaur, LGTBI+ fobiaren aurkako egunean, Aingeru Mayor sexologo eta Naizen elkarteko kideak Transitos liburua aurkeztuko du, 18:30ean, liburutegian.

Hain zuzen, larunbatean Maitatzeari popatik ikuskizun poetiko musikala eskaini zuten Zizurkilen eta bertan parte hartu zuen Mayorrek, Xabier Crehuet eta Ekaitz Goikoetxearekin batera.

Afrikaz aritzeko

Maiatza Saltsan ekimenaren barruan, eta Divina Gipuzkoako emakume nigeriarren elkarteak antolatuta, hainbat ekitaldi izango dira Zizurkilen larunbatean. Besteak beste, txirikorda tailerra, musika eta dantza saioa eta Kinshasa Symphony filmaren emanaldia antolatu dute.

Zizurkilgo ekitaldiak hirugarren Afrikako Astea abiatzeko baliatuko ditu Divina elkarteak. Hurrengo astean zehar, film eta dokumentalak eskainiko ditu Ordizia, Amasa-Villabona eta Tolosan. Hain zuzen, udal horien eta Zizurkilgoaren babesarekin antolatu du elkarteak astea eta Afrikako zinemagintza hedatzeko Cinenomada izeneko egitasmoarekin bat egin du. 2006tik programa horren bitartez, Afrikako film eta dokumentalak eskaintzen ari dira herriz herri. 

AFRIKAKO ASTEA

  • Maiatzak 20, larunbata
    • 18:00. Txirikorda tailerra.
    • 19:00. Nazioarteko pintxo potea, musika eta dantza.
    • 19:30. Kinshasa Symphony pelikularen proiekzioa, Plazida Otañoko balioanitzeko gelan.
  • Maiatzak 23, asteartea
    • 19:30. Ordiziako Herri antzokian Rafiki filmaren emanaldia eskainiko dute.
  • Maiatzak 24, asteazkena
    • 19:30. Villabonako Gurea antzokian Kinshasa Symphony pelikula.
  • Maiatzak 25, osteguna
    • 19:30. Tolosako Leidor antzokian Mrs. F dokumentalaren emanaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!