Parke eolikoen inguruko beste bi ekitaldi, Zizurkilen

Ataria 2023ko api. 18a, 19:57

Green Capital enpresak Ezkeltzun parke eolikoa jarri nahi duela eta, etzi hitzaldia izango da Plazida Otaño liburutegian, herritarrak gaiaz informatzeko. Maiatzean erakusketa bat inauguratuko dute eta mendi ibilaldi gidatua egingo dute Ezkeltzura.

Green Capital enpresak Zizurkilen, Ezkeltzun, zentral eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztua du eta Eusko Jaurlaritzak aurreko urtarrilean jakinarazi duenez, eskaera hori "izapidetzen" ari da. Horrelako proiektu batek eragingo lukeen txikizioak kezkatuta, Andatza-Ezkeltzu Bizirik elkartea jarri du martxan herritar talde batek eta ekimen ezberdinak antolatu ditu egunotarako. Ostegunean, besteak beste, Eolikoak mendietan, irtenbide edo arazo? izeneko hitzaldia emango du Aitziber Sarobe biologo eta ekologistak, Plazida Otaño liburutegian, 19:00etatik aurrera.

Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeak adierazi du energia berriztagarrien alde dagoela, "mendiak eta landa eremua txikituz ez, ordea". Elkarteko kideen ustez, zentral eolikoak proiektu industrialak dira, eta beraz, industrialdeetan eta zonalde urbanizatuetan jarri behar dira. "Mendiak industrializatu ordez, energia kontsumoa murriztearen alde gaude eta energia berriztagarrien mikro-proiektu deszentralizatuen alde".

Ezkeltzuko haize errotek inguruko bioaniztasuna arriskuan jarriko luke elkarteko kideek esan dutenez. "Milaka hegazti eta intsektu zuzenean hilko dira haize erroten besoak jota". Hauen artean galzorian dauden espezieak aipatu dituzte: Miru Gorria, Sai Zuria, Saguzar Sagujale Arrea, Saguzar Belarriluze Grisa eta Ferra-Saguzar Handia, baita ingurunea polinizatzen duten erle eta intsektuak ere.

Gainera, Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeko kideek uste dute 200 metroko errotak eraikitzeko eta bertan finkatzeko lur mugimendu handiak egin beharko lituzketela, lur emankor asko artifizializatuz: "Horrek bertako landareengan eta lurreko mikroorganismoetan inpaktua izango du". Haize errotek sortzen dituzten infrauhinekin ere kezkatuta daude elkarteko kideak eta uste dute pertsonen osasunean "kalte larriak" eragin ditzaketela, baita Ezkeltzun larreratzen diren abereengan ere.

Inguruneak ondare historiko eta arkeologiko bezala duen balioa ere nabarmendu dute Andatza-Ezkeltzu Biziriketik. Gogoratu dute, Saseta Defentsa Sistema osoan orain arte gerra materialetan aurkitu den lubaki emankorrena, Ezkeltzun dagoela.

Ekimen ezberdinak antolatu ditu elkarteak datozen asteetarako Zizurkilen eta bertan zentral eoliko honek Ezkeltzun eragingo lukeen inpaktuaz ariko dira:

  • Apirilak 20, osteguna
    • 19:00. Plazida Otaño liburutegian Aitziber Sarobe biologo eta ekologistak Eolikoak mendietan, irtenbide edo arazo? hitzaldia emango du.
  • Maiatzak 2, asteartea
    • 19:00. Maiatzaren 2an hegaztietan aditu den Aitor Lezak hitzaldia eskainiko du erakusketa zabaltzearekin batera. Plazida Otaño liburutegian ikusgai izango da Babestu dezagun Ezkeltzu erakusketa, maiatzaren 13ra arte ikusgai izango dena.
  • Maiatzak 13, larunbata
    • 10:00. Ibilaldi gidatua Ezkeltzuko magaletik abiatuta. Hegazti, landare eta ondare arkeologikoan adituak diren pertsonek parte hartuko dute. Bertara abiatzeko hitzordua, 09:30ean Pedro Mari Otaño plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!