Defentsa puntu bat osorik ikertu dute lehen aldiz

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 23a, 09:00
Argazkia: Aranzadi zientzia elkartea

Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalen babespean, Aranzadik ikerketa arkeologikoen kanpaina egin du Zizurkilen

Uda honetan Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo gazte talde batek ikerketa arkeologikoen kanpaina egin du Saseta Defentsa Sisteman lubakiak aurkitzeko. 1936. urtean Gipuzkoa altxamendu militarraren aurka defenditzeko helburuz sortutako sistema da. Zizurkilgo lurretan dagoen Arripilletan egin dituzte indusketak eta muinoaren hedadura txikia dela eta, defentsa puntu bat bere osotasunean ikertzeko aukera izan dute, Aranzadiko kideek aipatu dutenez, «lehen aldiz».

Azken urteetan gazte boluntarioek gauzatu izan dute ikerketa programa: alde batetik indusketa lanak egin izan dituzte, eta bestetik, prestakuntza jaso izan dute memoria historikoan eta giza eskubideen alorrean. Aurtengo auzolandegian Arripilletako egitura ezberdinen ikerketa egin dute. Gune hau Zizurkilgo udalerrian kokatzen da, Andatza eta Zarateaitz mendien artean, hain zuzen ere.

«Defentsa Sisteman kokatzen den muino honen hedadura txikia denez, bertako egitura guztiak aztertzeko aukera egon da eta lehenengo aldiz puntu defentsibo bat osotasunean ikertu ahal izan da», azaldu du Manex Arrastoak, auzolandegiko koordinatzaile eta historia arduradunak. Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkil udalek sustatutako proiektua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren giza eskubideen zuzendaritzak ere lagundu du. Hemen ikusgai aurtengo indusketako irudiak.

Erresistentzia antolatua

Kanpaina hau gauzatu den gunea Saseta Defentsa Sistema edo erresistentzia-puntu gisa ezagutu zen 1936ko abuztuaren eta irailaren artean. Hain justu, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo zonalde horretan euskal milizianoek tropa frankistei aurre egitea lortu zuten, 1936ko abuztuaren 11n Tolosa haien eskuetan erori ondoren. Lekuaren gaineko memoria historikoa galdu egin bada ere, orain arteko dokumentazioaren arabera ehun biktima inguru eragin zituen konfrontazio handia izan zen bertan. Sektore horrek egin zuen erresistentziari esker, altxatutako militarrei aurre egitea lortu zen, haiek aurreratzea oztopatuz, eta hala sortu zen Eusko Gudarostea.

Azken urteetan arkeologia lana egin du bertan Aranzadi zientzia elkarteak: puntuak dokumentatu ditu informazio historikoa gal ez dadin, eta ondoren, zonalde horiek geure memoria historikoari dagozkion leku moduan aldarrikatu ditu. Zientzia elkarteak iragarri du Saseta Defentsa Sistemaren inguruko ikerketak jarraituko duela, baina datorren urtetik aurrera ez dituztela auzolandegi gehiago antolatuko.

Erlazionatuak

Arripilletako muinoan egin dituzte indusketak

Tolosaldeko Ataria 2022 uzt 22

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!