Zizurkilgo Udalak saihesbidea egiteko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 2a, 07:57

Urtarrilaren 30ean egindako osoko bilkuran onartu dute eskaera egiteko mozioa, EH Bildu eta PSEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

Zizurkilgo Udalak EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa onartu zuen urtarrilaren 30ean ospatutako ohiko osoko bilkuran, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiari udalbatzak adierazi dio mozioan Zizurkilerako saihesbidea "premiazkoa" dela, jasaten duten trafiko dentsitatea ikusita. Errepide berria egin bitartean, udalak aldundiari eskatzen dio diruz lagundu dezala Bulandegiko hiritartze proiektua. Bi erakundeen arteko bide horri bat diseinatzeko prestutasuna agertu du Zizurkilgo Udalak eta onartutako mozioa Gipuzkoako Foru Aldundira helaraziko du egunotan.

Onartutako testuan aipatzen denez, handia da egunero-egunero Elbarrenatik igarotzen den trafiko eta garraio astunaren dentsitatea. 2000. hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azterketa aipatzen du mozioak. "10.000 inguru ziren Zizurkilgo erdigunea zeharkatzen zuten ibilgailuak, eta horietako asko Asteasuko industrialdera zihoazen, kamioiak bereziki". Kopuru hori gorantz egin du udalaren  ustetan. Bulandegi inguruan neurri ezberdinak hartu dituzte urteotan, eta besteak beste, abiaduraz ohartarazteko gailuak jarri dituzte legealdi honetan. "Gailu horien neurketek adierazi dutenez, 13.135 ibilgailu igarotzen dira egunero, Bulandegi eta Erniobidea ingurutik. Trafikoak, beraz, gora egin du nabarmen".

Saihesbidearen proiektua atzeratu egin da urteetan eta udalak premiazkoa du errepide berria Bulandegiko trafiko emaria gutxitzeko. "2010ean iragarri zuten baina krisi ekonomikoaren argudioarekin bertan behera geratu zen. Geroztik ez dio aldundiak benetan gaiari berriro heldu nahiz eta 2018an udalbatzak lankidetza eskaini eta lan horiek egiteko eskatu. Urteotako herritarren protestak ere hor daude, erantzunik gabe", dio mozioak.

Saihesbidea egin bitartean, ingurua herritarrentzat erosoago egiteko lanak egiten ari da udala. 590.000 euroko aurrekontua du hiritartze proiektuaren lehen zatiak. "Bulandegi bidea bizilagunentzat erosoagoa eta irisgarria egitea da lan hauen helburua, besteak beste espaloiak bi aldeetan ezarriz. Faseka egingo dira ia bi milioi euroko aurrekontua duten lanak, eta aurtengo aurrekontuetan jada aurreikusten da hurrengo fasea idaztea, 2024an egiteko". Udalak adierazi du egitasmoa aurkeztu arren Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela lan hauek diruz laguntzeko urratsik eman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!