265.000 euro gehiago bideratuko dituzte Bulandegi eremuko lanak egiteko

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urt. 26a, 19:59

Iban Lizarraga eta Iker Urruzola gaurko aurkezpenean.

Zizurkilgo Udalak 2023ko inbertsioak eta erronkak aurkeztu ditu; 661.850 euroko aurrekontua izango du eta hiru erronka nagusi azpimarratu dituzte.

Inbertsio nagusiena Bulandegi ibilbidean egingo du udalak. Bigarren urtez jarraian, aurrekontuko zati handiena bertan egin beharreko lanetarako erabiliko dute. 265.000 euro bideratuko ditu udalak orain egiten ari diren lehen faseko lanen bigarren zatia finantzatzeko, eta beste 10.000 euro hurrengo faseko proiektua idazteko (landareak jartzeko). Gaur egun, eremu horretako lanen lehen faseko lehen zatia egiten ari da udala, 590.000 euroko aurrekontuarekin. Iker Urruzola alkateak adierazi duenez, «legealdiko konpromisoetako bat» zen abian jarrita zuten eremuaren eraberritzea. «Dagoeneko ekin diete lehen faseko lanei eta bide orria marraztuta dago, 2024an gauzatu ahal izateko. Badira, ordea, gure ustez, gogoratu beharreko zenbait aspektu», gogorarazi du.

Alkateak azaldu duenez, aspektu horietako bat Elbarrena zeharkatzen duen trafiko eta garraio asturnaren dentsitatea da. «Zizurkilgo herriak uneotan duen arazo handienetako bat da. 2000ko hamarkadan Aldundiak egindako azterketen arabera, 10.000 ibilgailu inguruk zeharkatzen zuten egunero Zizurkilgo erdigunea». Urtetik urtera, baina, trafiko hori areagotuz doala jabetu dira. «Abiaduraz ohartaratzeko legealdi honetan ditugun gailuetan zenbatutakoaren arabera, bataz beste, 13.000 ibilgailu baino gehiagok egiten dituzte eguneroko joan-etorriak lanegunetan; zehazki esanda, 13.135 ibilgailu igarotzen dira egunero Bulandegi eta Erniobidea ingurutik. Horietako asko Asteasuko industriaguneetara doazenak izaten dira, kamioiak bereziki», esan du Urruzolak.

Gipuzkoaok Foru Aldundiak duela urte ugari agindu zion udalari saihesbidea jarriko zuela. «Azkenean, 2010ean iragarri zuten, baina krisi ekonomikoaren aitzakiarekin bertan behera geratu zen. Geroztik ez dio benetan berriz heldu, 2018an udalbatzak horrela eskatu eta lankidetza eskaini zion arren», azaldu du alkateak. «Urteotan, herritarrek protesta ugari egin dituzte, erantzunik gabe. Egoera horretan, ulertu behar da Zizurkilgo Udala ahal duen guztia egiten ari dela. Bulandegi bideko lanei ekin diegu. Bulandegi bideak sekulako trafikoa jasatzen du eta inguru hori bizilagunenetzat erosoagoa eta irisgarriagoa egitea da lan hauen helburua, besteak beste, bi aldeetan espaloiak jarriz. Faseka egingo dira ia bi miloi euroko aurrekontua duten lanak», gaineratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiari egitasmoa aurkeztu dio Zizurkilgo Udalak, baina alkateak baieztatu duenez, «orain arte Aldundiak ez du diruz laguntzeko urratsik eman». Hori dela eta, datorren astelehenean, urtarrilak 30, Zizurkilgo Udalaren osoko bilkuran, EH Bilduk osatzen duen udal gobernuak mozio bat aurkeztuko du, Foru Aldundiari ostera saihesbideari hel diezaiola eskatuz eta udalaren lankidetza eskainiz. «Bien bitartean, Aldundiari eskatuko diogu, saihesbidea gauzatu bitartean, Bulandegiko eraberritzea diruz laguntzeko, udalarekin bide orri bat adostuta; 2024ko aurrekontuetatik aurrera, kontuan izan dezala egitasmoa. Zizurkilek nahikoa itxaron du jada, eta espero dugu udalbatzak aho batez egingo duela eskari hori, bestela ez genuke ulertuko. Zizurkildarron bizi kalitatea dago jokoan», esan du Urruzolak.

Kirolgunea

Legealdi honetan udalak agindutako proiektuen artean zegoen kirolgune bat eratzea. Futbolaz aparte herrian egiten diren beste hainbat kirol edo jarduerentzako gune bat izatea zen helburua, esaterako, halterofilia edo txirrindularitza. Iban Lizarraga kirol zinegotziak esan du udalak Danena futbol zelaiaren atzealdeko gunearen aukera aztertu zuela lehenik. «Lur hori, ordea, ez da udalarena, eta bertan ezer eraikitzea oso zaila da hainbat kontu teknikogatik», azaldu du.

Beste hainbat alternatiba ere aztertu ditu udalak, eta azkenean Joxe Arregi plazatik gertu, Bulandegi bideko 12 eta 14 atarien arteko lokal handi bat erosteko asmoa dutela adierazi du Lizarragak. «Inguruko bizilagunen beharrak aztertzeko ere balitatzen ari gara prozesu hau. Gauzak espero bezala ateraz gero, aurtengo aurrekontuetan erosketaren lehen zatia gauzatuko dugu eta lokala txukunduko dugu».

Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, udala kirol taldeekin «proiektua lantzeko elkarlanean» aritu da eta ari da oraindik. «Izan ere, eragile desberdinak inplikatzea lortu behar dugu, baita finantzazio iturri gehiago ere. Elkarteentzat biltzeko gune izateaz gain, lokalak aukera gehiago ere eman ditzake herriarentzat. Agindutako gai bat bideratuta uztea da maiatza bitarte gure buruari jarri diogun lana eta erronka».

Herri-bideak eta liburutegia

Aurrekontuko beste inbertsio nagusiak herri-bideak konpontzeko eta liburutegiaren alboko lokala egokitzeko lanetarako izango direla azaldu du alkateak. «Herri-bideei dagokienez, Aia aldeko gunera doazen bideak konpontzea aurreikusten da. Azken 40-50 urteetan udalak ez du lanik egin bertako bi barrunbeetan, besteak beste, bertako baserrientzat eremua irisgarriagoa bilakatzeko. Hortaz, horri helduko diogu».

Zizurkilgo Udalak otsailaren 7an onartuko du 2023ko aurrekontua, oposizioaren adostasuna lortze aldera atzeratu duten ezohiko bilkura batean.

Plazaetxeberri

Azkenik, legealdia amaitzen ari den honetan, hirugarren erronka bat aipatu du Urruzolak. Legealdi honetan erosi du udalak Plazaetxeberri eraikina. HerriBIZIgune herriko taldeak erabiltzen du orain sotoa, Txinparta izena eman dioten proiektu bati hasiera emanez; topagune bat sortu dute, gunea herritarren eskura jarriz. Jatetxearen ustiapena, berriz, lehiaketara atera zuten abenduan, aurreko kudeatzaileak utzi ondoren, baina ez da inor aurkeztu; ondorioz, berriz aterako dute lehiaketara, aldaketa txiki batzuekin. «Aukera ona dela uste dugu eta interesa dutenei udaletxeko atea jotzeko deia egiten diegu», esan du.

Era berean, eraikinak ezinbesteko dituen egokitzapen lanei begira, iragarri dute eskualdeko turismo planaren baitan, Europar funtsetatik 100.000 euroko diru laguntza lortu dutela, Plazaetxeberrin Kandido Saseta defentsa sistemaren memoria eta interpretazio gunea egiteko. «Laguntza hori hurrengo legealdian iritsiko da eta bultzada emango dio eraikina berritzeko egitasmoari, Plazaetxeberri osoa zizurkildarren nahiz bisitarien eskura jartzeko. Herriguneko bizitzarako eraikin garrantzitsua izango delakoan gaude», azpimarratu du Urruzolak.

2023ko aurrekontua
PROIEKTUA INBERTSIOA
Liburutegiko atzeko lokala egokitu 75.000 euro
Herri-bideen konponketa 145.000 euro
Informatikako ekipamendu berriak 1.800 euro
Liburutegirako materiala (liburuak, diskoak) erostea 9.500 euro
Tresna eta erraminten erosketa, obra eta zerbitzua 4.800 euro
Bulandegi bideko espaloiak egokitu 265.000 euro
Trafiko seinalizazioen pintaketa eta hobekuntza 4.800 euro
Udal eraikinetan piktogramak jartzea 4.800 euro
Herriko parkeak (urtean 2) 20.000 euro
Aiztondoko pisu babestua 15.000 euro
Kale altzariak (eserlekuak, zabor hontziak...) 2.800 euro
Argiteri publikoa (farolak) 4.850 euro
Kirol eremua erostea 33.500 euro
Kirol eremua berritzea 65.000 euro
Bulandegiko landareak jartzea 10.000 euro
GUZTIRA 661.850 euro

Alkate berria

Gaurko aurkezpenaren amaieran, Urruzolak politikarekin lotutako erabaki baten berri eman du: ez da alkategai izango maiatzeko udal hauteskundeetan. «Ez da legeladi erraza izan Zizurkilgo udal gobernua osatzen dugunontzat: pandemia dela, udalaz gaindiko ezusteko proiektuak direla edo beste hainbat gertakarigatik, sentsazioa izan dugu lasai lan egiteko aukera gutxi izan dugula, lehertzen zitzaizkigun arazoei nola hala aurre egiten aritu behar izan dugula, eta hori oso nekagarria da. Indarra banuen oraindik, baina batzuetan bidea uzten jakin behar da, eta pozik esango dut nire esparru naturalera itzuliko naizela, herrigintzaren beste aldera, herriko taldeetan, jaietan eta hamaika ekimenetan parte hartzera, Zizurkil bihotzen daramadalako. Nik dena eman dut Zizurkilgo alkate izan naizen lau urteotan, eta hala emango dut ekainera arte. Ohore bat izan da alkate izatea eta horrelakoetan esaten den gisan, ongi eginak kontuan hartu, eta gaizki eginak barkatu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!