'Gure gorputzean eta etxean burujabe' ikastaroa Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 17a, 07:59

Lau larunbatetan egingo dira ikastaroak Herrigunean; izen emateak udal bulegoetan egin beharko dira urtarrilaren 31 baino lehen.

Zizurkilgo Udaleko kultura sailak Gure gorputzean eta etxean burujabe ikastaroa antolatu du otsaila eta martxoko larunbatetarako. Otsailaren 11n eta 25ean eta martxoaren 11n eta 25ean izango dira saioak Zizurkilgo Herriguneko jangela izandako lokalean, 11:00etatik 13:00etara eta Aiora Urbieta naturopata ariko da irakasle. Izen emateak urtarrilaren 31 baino lehen egin beharko dira.

Sendabelar eta landare naturalak erabiliz hainbat produktu egiten irakatsiko du Urbietak aipatutako ikastaroetan. Lehenengo saioan, xarabeak nola egin erakutsiko du. Bigarren ikastaroan, gorputz eta aurpegirako oinarrizko xaboiak egiten ikasteko aukera izango dute parte hartzaileek, eta hirugarrenean, erabilitako olioarekin xaboiak egiteko prozesuak landuko dituzte. Azkeneko saioan, arropa garbigarriak eta leungarriak egiteko azalpenak emango ditu ikastaroaren gidariak.

Elaborazio «errazak» eta eskura dauzkagun osagaiekin egindakoak izango direla nabarmendu du Urbietak, Gure gorputzean eta etxean burujabe ikastaroaren bultzatzaileak. Adin guztietako herritarrek har dezakete parte ikastaro hauetan eta udaletik izena ematera animatu dituzte herritarrak.

HILAREN 31RA ARTEKO EPEA

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek Zizurkilgo udal bulegoetara jo beharko dute. Telefonoz ere izango dute informazio gehiago, 943 69 10 12 zenbakian. Izen emateko azkeneko eguna urtarrilaren 31 izango da eta ikastaroak, otsailaren 11n hasiko dira.

Udaleko kultura saileko arduradunek azaldu dutenez, lau tailerretan parte hartu nahi dutenek 100 euro ordaindu beharko dute, baina tailer solteetan ere parte hartzeko aukera izango dute interesdunek. Kasu honetan, tailer bakoitzaren prezioa 30 eurokoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!