ELKARRIZKETA

«Askotan ez gara konturatzen garbitzerakoan zenbat zikintzen dugun»

Jon Miranda Labaien 2023ko urt. 17a, 07:58

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Amalda biobotanika proiektua bultzatzen ari da Aiora Urbieta Eizagirre (Zestoa, 1990). Sendabelarren ekoizpena landu nahi du, eredu ekologikoan eta bitartean ikastaroak ematen ditu batean eta bestean. Villabonan aritu ondoren, Zizurkilen izango da Gure gorputzean eta etxean burujabe ikastaroarekin, lau larunbatetan.

Hemen inguruan sendabelarren ekoizpenik ez al da egiten eredu ekologikoan?

Nik belar-dendetan egin dut lan urte batzuetan. Askotan konturatzen zara bertan saltzen diren belarrak hemen ontziratutakoak direla, baina kanpotik ekarritakoak. Ikusita hemen sendabelar aberastasun handia dagoela, pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela bertako sendabelarrak modu ekologikoan ekoiztea, biltzera atera nahi ez duenak, edo biltzeko toki txukun bat topatzen ez duenak, erosteko aukera izan dezan.

Hasita zaude sendabelarrak ekoizten?

Bai. Iaz lortu genuen lur sail bat alokairuan, asko kostata. Proiektu osoa gauzatzeko lur sail handiagoa beharko genuke, baina asko kostatzen da horrelako bat erostea. Lur zatitxo horretan probak egiten ari gara sendabelarrekin. Zer zerekin landatu, nola erreproduzitu eta horrelako azterketak egiten ari gara. Ez gara oraindik hasi eskala handian ekoizten.

Zer nolakoak landatu dituzue orain arte?

Gehienak bertakoak dira edo bertakora ongi egokitu diren landareak eta erabilera asko izaten dutenak. Ondo egokitzen direnen artean daude salbiak, erromero eta tomilloak, kalendulak... Bertakoak, berriz, txikori belarrak, plantainak, malbak, berbenak edota iperikoak dira.

Proiektuaren barruan zein toki betetzen du formazioak eta ezagutzen transmisioak?

Handia. Ekoizteaz gain, ezagutza transmititzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Transmisio hori moztu egin da momentu batean eta hori berreskuratu nahian gabiltza, datozenei ondare bat uzteko. Ezagutzeaz gain, nola erabili ere jakinarazi nahi dugu, zein prestaketa egin daitezkeen azaldu. Ez gara bakarrik mugatzen xarabe edo infusioetara. Sendabelarrekin azalerako produktu asko egin daitezke, eta baita etxea garbitzekoak ere. Aromatizatzeko ere egin izan dugu lana: intsentsuak eta girotzaile naturalak landu ditugu. Aukera handia daukagu eskura.

Landareak eta haien propietateak ezagutzeaz gainera, bilketa nola egin ere azaltzen duzu?

Oso garrantzitsua da nola bildu eta noiz bildu. Eguraldi baldintzak, hezetasunak eta bestelakoak begiratu behar dira. Ilargiak ere badu bere eragina. Loraldia ere hartu behar da kontuan. Kopuruari ere begiratu behar zaio: joan eta dagoen guztia biltzen baduzu, urte gutxitara belar hori desagertu egingo da. Ondo lehortzea eta biltegiratze egokia egitea ere garrantzitsua da.

Gure gorputzarentzat eta etxearentzat xaboiak eta garbigarriak etxean ekoitzi ditzakegu. Zergatik da onuragarria?

Arrazoi askorengatik. Kontzientzia hartu behar dugu. Askotan ez gara konturatzen garbitzerako orduan zenbat zikintzen dugun. Garbitzeko intentzioarekin geure gorputzean erabiltzen ditugun produktuak ez dira batere onak, eta zer esanik ez etxea garbitzeko erabiltzen ditugunak. Komuneko eta sukaldeko garbiketak egiteko erabiltzen ditugun produktuak oso toxikoak izaten dira, kaltegarriak gure ingurunearentzat. Arraska zulotik botatzen ditugu eta gero ikaragarrizko tratamenduak behar izaten dira ur hori garbitzeko.

Etxean eginda dirua ere aurreztu dezakegu?

Bai. Modu errazean eta ekonomikoan egin ditzakegu. Etxe guztietan egoera ekonomikoa ez da berdina eta garbigarriak etxean merke egin baditzakegu dirua aurrez dezakegu. Gorputzerako eta aurpegirako xaboiak egiten ikasiko dugu Zizurkilen, modu tradizionalean. Sukaldeko olio zaharra erabilita xaboi horiek nola egin ditzakegun azalduko dut, eta azkeneko saioan, xaboi hori baliatuz, arropa garbigarriak egingo ditugu. Detergenteak, leungarriak eta horrelakoak. Guk egiten ditugun produktu guztiak biodegradagarriak dira, eta modu horretara, ez dugu aldiro zakarretara botatzeko plastikozko ontzirik erabili behar. Erosi eta bota logika horrekin bukatzeko modu bat da.

Zeinentzako izan daitezke interesgarriak tailerrak?

Edozeinentzat. Ez da zertan aditu izan behar. Xaboi edo garbigarrientzako erabiliko ditugun osagaiak sinpleak izango dira. Inguruan dauzkagunak. Niretzako praktikotasuna da inportantea. Etortzen dira 16 urtekoak bezala 66 urtekoak, beraz, etxean erraz egin daitezkeen elaborazioak egiten saiatzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!