Elkarrizketa

«Azken pentatloia izango dut hau, eta finalera iristeak ilusio berezia egiten zidan»

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 22a, 19:59
Joseba Otaegi, Euskal Pentatloi Sariaren finalaurrekoan, txingako proban. MAILO OIARZABAL/UROLAKO KOMUNIKAZIO TALDEA

Txapelketa batean egingo duen azken saioa izango da Joseba Otaegirentzat larunbateko Euskal Pentatloi Sariaren finala. Zizurkildarrak ez du bere burua txapelaren borrokan ikusten.

Azpeitiko zezen plaza herri kirolen topagune izango da beste behin. Euskal Pentatloi Sariaren banakako bi finalak jokatuko dira larunbatean, eta gizonezkoetan Joseba Otaegik (Zizurkil, 1983) parte hartuko du. Harriari 25 jasoaldi eman, giza proban bi plaza egin, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza egin eta korrika hiru kilometro osatu beharko dute zizurkildarrak eta bere aurkariek.

Finalaurrekoan zazpigarren egin zenuen, baina azkenean sei finalisten artean zaude.

Bai, horrela suertatu zen. Berez finaletik kanpo geratu nintzen, baina gero finalista baten baja dela eta, finala jokatzeko aukera izango dut. Gustura nago: azken pentatloia izango dut hau, eta finalera iristeak ilusio berezia egiten zidan. Banekien ez nengoela aurreko urteetako mailan eta maila asko igo zela, baina horrela suertatu da eta, egia esan, oso gustura nago.

Nola bizitu zenuen kanporaketa?

Gogorra izan zen. Tentsio erantsia ere bazegoen, banekielako ez nengoela lehengoko denborak egiteko, eta ikusten nuelako finalera sartzeko aukerak nituela, baina baita kanpoan geratzeko ere. Bukaerara arte dena eman behar hori bizitu nuen, aurreko urteetatik ezberdina.

Ez zenuen gozatu, beraz.

Ez, ez nuen batere gozatu. Harri-jasotzen azkar egin nahi horretan, okerrak ere etortzen dira, eta gozakaitz samar aritu nintzen.

Finaleko proba luzeagoa izanik, zuri hobeto datorkizu?

Ez dakit, ez nuke esango. Exijentzia handia du, baita iraupenez ere. Agian abantailaren bat izan dezaket aurretik finala jokatu ez duen norbaiten aurrean, badakizulako zer den eta zein diren momentu gogorrak. Baina uste dut finalera pasa direnak bai kanporaketa eta bai finala ondo egiteko moduko kirolariak direla, eta ez nuke esango abantailarik dudanik inoren aurrean.

Pasada handia da egin beharreko lana.

Bai, exijentzia handiko lana da. Gainera, harri-jasotzen hasten gara eta 25 jasoaldi dira, eta hasierako tentsio horrekin alde handia izaten da entrenamendu saioetatik, eta hankak oso erasanda ateratzen gara. Gero harriari tiraka hasten zarenean, harria ez da joaten nahi bezala, eta dena gehitzen doa. Giharren aldetik exijentzia handikoa da, indarra egin behar delako, baina ordu erditik gorako lana denez, iraupenez ere ondo egon behar da. Oreka bilatu behar da, baina ez da erraza. Pisu gehiago izatea ondo etortzen da lan batzuetarako, baina beste batzuetan horrek okertzea ekartzen du.

Faborito Izeta IV.a eta Zaldua ikusten al dituzu?

Iruditzen zait biak besteengandik dezente goitik egon daitezkeela. Izetak hasi eta bukatu oso erritmo indartsuan egiten ditu lan denak. Uste dut Zaldua aterako dela Izetari orpoz orpo jarraitzera, baina ez dakit gai izango den lan guztietan hori egiteko. Izetak, irabazi behar badu, Zaldua askatzeko jo egin beharko du eta hori egitea kostako zaio. Gero, norbaitek irrist egiten badu nik Gabirondo ikusten dut hor egongo dela, bukaeran oso gora etortzen baita. Txapela, dudarik gabe, hiru horien artean ikusten dut. Gero, Atutxa eta Zelai daude, aurten finalean berriak izango direnak, eta indartsu datozenak. Atutxak aizkorako lanean aurrera egingo du. Harri-jasotzen beharbada pixka bat sufritzen ikusi nuen, baina kirolari handia da eta lanak ondo osatuko ditu. Zelai bizia da, eta ikusi beharko da lan handi honek nola erasaten dion, baina oso kirolaria da eta uste dut ondo egingo duela. Eta nik ea bi hauekin borrokatzen dudan.

Garbi duzu, beraz, azken pentatloia izango dela zuretzat?

Aurten, prestatzen hasterako, erabakia hartu samar nuen azkenekoa izango zela. Prestakuntza ez dut nahi bezala egin, ez naiz iritsi behintzat lehengo urteko mailara. Azkenean final oso berezia da, ikusle gazteak eta giro ikaragarria dituen ekitaldi bat da, eta ilusioa egiten dit finalean azkeneko saioa egin eta egun hori bizitzeak. Ahal dudan lan onena egitera joango naiz.

Pentatloian ez, baina aizkoran jarraituko duzu?

Ez, ez, aizkorarena baztertuta nuen lehenagotik. Azkenean lan handia eskatzen du, denbora asko eta ingurukoen laguntza. Ia 20 urte pasa ditugu hor eta etapa bat ixteko garaia iritsi da. Agian erakustaldiren bat herri mailan edo; kirola egitea gustatuko litzaidake, baina txapelketek-eta duten konpromisotik aparte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!