Pentatloiko finalistak Mahala ongi ezagututa iritsiko dira larunbateko finalera

Ataria 2022ko irailaren 22a

Emakumezkoen eta gizonezkoen banakako pentatloi saria aurkeztu dute, gaur arratsaldean. Ekitaldia Mahala lantegiaren aurrean izan da, Leaburun, eta ondoren, Jokin Arrospidek bertako historia azaldu die finalistei. Bisita gidatua egiteko aukera ere izan dute. Mahala pentatloiaren babesle nagusia da. Ekitaldian Joseba Otaegik ez du izaterik egon.

Euskal Pentatloi Sariaren banakako bi final jokatuko dira, larunbatean, Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan hasita. Batetik, Emakumezkoen II. Euskal Pentatloi Saria izango da jokoan, eta bertan hiru kirolari ariko dira: Lucia Orbe, Karmele Gisasola eta Nerea Arruti.

Bestetik, Gizonezkoen V. Euskal Pentatloi Sarian sei kirolari ariko dira: Xabier Zaldua, Izeta VI.a, Julen Gabirondo, Aitzol Atutxa, Zelai IV.a eta Joseba Otaegi. Sarrerak Tolosako Kantabriko tabernan eta Azpeitiko Mendizabal taberna-erretegian daude salgai, 25 euroan. Egunean bertan, 20:00etan, takilak zabalduko dituzte eta zezen plazako ateak 21:00etan irekiko dituzte.

Egin beharreko lana, emakumeak:

  • Harria, 15 jasoaldi
  • Giza proba plaza bat
  • Aizkora, bi 45 ontzako
  • Txingak lau plaza
  • Korrika kilometro eta erdi

Egin beharreko lana, gizonezkoak

  • Harria, 25 jasoaldi
  • Giza proba bi plaza
  • Aizkora 3 kanaerdiko
  • Txingak sei plaza 
  • Korrika 3 kilometro

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!