Begi onez ikusten du, lurraldetasunari kasu egin, eta finala Nafarroara lekualdatzea. Politika horrekin ados dagoela dio. Txapelketa emozionalki «oso garrantzitsua» da Bertsozale Elkarteko koordinatzaile izandakoarentzat. «Beharrezkoak dira bertsozaletasunari indarberritze bat ematen diotelako, eta gure komunitatearentzat egun garrantzitsuak direlako. Komunitatearen urguilua azaleratzen da horrelakoetan».
Kontraesanak ere nabari ditu, ordea. «Bertsolaritza maila batean objetibatu daiteke, baina beste maila batean ez». Ohiko bertsogintzan txapelketak gehiegizko eragina ez ote duen zalantza egiten du, «bertsolari batzuk jainkotu eta besteak baztertzeraino». Horregatik normala iruditzen zaio txapelketari begira bertsolariak urduri egotea. «Kezka dezenterekin sumatzen ditut. Gaur egungo gizartea iritsi da rankinga gehiago baloratzera bertsogintza bera baino. Eta horrek ondorio latzak ditu».
Askatzen zaila den korapiloa da Tapiaren ustetan, are gehiago gaur egun bizi dugun gizartean. «Kirolak hartu duen indarra ikusita, egitura piramidal horrek ez digu mesederik egiten. Muturra da bakarrik garrantzia duena, hedabideek zabaltzen dutena eta gizartearen lehen planoan jartzen dena. Ertz horrek euskarri gisa oinarrian duen ahaleginaren baloraziorik ez du egiten gizarteak».
Beste kezka batek ere bizi du: «Txapelketako finaleko sei-zazpi ordutan saioa kontzentrazio minimo batekin jarraitzea ez da erraza. Eta gaur egungo jendeak ba al daki hori egiten? Azken urteetan saioetan ikusi da nola pisaletzen den jendea. Erromeri bat dirudi horrek, denak prostatako gaitzarekin baleude bezala». Umorez dio Tapiak, baina horrelakoetan jartzen du arreta, gizarteak daramatzan joeren sintoma bezala ikusten ditu eta. «Azkenean, buruz buruko horretan kontzentratzen da jendea gehien. Hor balego bezala bertsogintzaren muina eta ardatza. Eta hori gezurra da. Muina eta ardatza atzetik datorren prozesu guzti horretan dago. Han, ordu erdi horretan ikusten dena adar bat baino ez da».
Distortsio puntu bat nabari du gizartean, baina hala ere, aitortzen du Txapelketa Nagusiak bertsolaritzara jende asko gerturatzeko gaitasuna duela. Tapiak ere egingo dio jarraipena txapelketari eta egun «zoragarri» bat pasatzeko gogoz gerturatuko da Navarra Arenako finalera.