ELKARRIZKETA

«Erantzunen bilaketa prozesuan dago gakoa»

Jon Miranda Labaien 2022ko eka. 12a, 07:57

Maria Altuna Lizarraga artista. J. MIRANDA

Arte diziplina asko landu dituen arren zeramikagintza eta ilustrazioan ibilbidea egin du Maria Altuna Lizarraga artista zizurkildarrak; ostiraletik, Tolosaldeko Ataria-k salgai duen material berriarentzako irudia prestatu du, «uhinen dardaraz sustraiak errotu».

Bilbon bizi den arren, Maria Altuna Lizarragak (Zizurkil, 1988) ez du eten lotura bere sorterriarekin. Eskualdera etortzen da maiz, familia eta lagunak bisitatzera, eta batez ere, oroimenean gordeta dituen txikitako kolore eta paisaiak ikuskatzera. «Hegoak soinean eta enarak poltsikoan gordeak, orain Bilbotik margotzen ditut Zizurkilgo koloreak».

Argi al zeneukan txikitan sorkuntzara bideratu nahi zenuela zeure bizitza?

Txikitatik izan dut komunikatzeko bide ezberdinak esploratzeko gogoa. Umetan Zizurkilen eskulanetako klaseetara joaten nintzen, eta etxean ere beti aritzen ginen pintatzen. Eskaiolarekin ibiltzen ginen irudiak egiten, txotxongiloak eta bestelakoak irudikatzen. Tolosan batxilergoa ikasi nuen garaian antzerkia ere egiten nuen. Beti izan dut adierazteko behar hori.

Zer moduzko ikasketak dira Arte Ederretakoak?

Gustura aritu nintzen. Uneren batean Geografia ikasketak egin edo ez izan nuen zalantza. Non nengokeen orain ikasketa horiek egin izan banitu? Dena den, zergatik oso argi jakin ez arren, banekien artearen mundura bideratu nahi nuela nire ibilbidea. EHUn ikasi nuen eta denetarik probatzeko aukera izan nuen. Ordu asko ematen genituen fakultatean, 08:00etan hasi eta iluntzera arte hantxe egoten ginen. Gero Granadan urtebete eman nuen, Seneca bekarekin eta bueltan, ikasketak amaitzerakoan, ikerkuntzarekin lotutako master bat egin nuen. Bigarren bat ere egin nuen, bigarren hezkuntzako irakasle izateko formazioarekin loturikoa. Bi esparru horietan ibili izan naiz urte guzti hauetan, ikerketa eta hezkuntzarekin lotutako arloetan. Berez, orain prestatzen ari naizen tesia ere gai horien bueltakoa da. Ekuadorren boluntario bezala urtebete eman ondoren, itzuli nintzenean, 2015 urte inguruan, hasi nintzen prestatzen.



Zein arlo ari zara ikertzen tesian?

Idazketa prozesuan ari naiz orain. Sorkuntza prozesuen ingurukoa da eta hezkuntzarekin du harremana. Hezkuntza, ikerketa eta arte prozesuak bildu ditut, urte guzti hauetan bizi izan ditudanak, eta aztertu nahi dut prozesu horretan benetan ba ote dagoen ezagutzeko modu berezi bat. Uste dut sorkuntzak ematen dizula ingurua ezagutzeko modu bat, beste era batera ezinezkoa dena. Susmoa dut bakana den esperientzia dela. Sorkuntza modu zabalean ulertzen dut. Zenbat jende egongo da txikitan marrazten zuena eta heldutakoan albo batera utzita daukana? Esaten aritzen zaizkigu, irakurtzen eta idazten, horretan bai, bizitza osoan zehar jarraitu behar dugula, baina zergatik ez da berdina gertatzen beste adierazpide batzuekin? Komunikatzeko gogo hori bizitza osoan mantentzen da eta uste dut modu plastikoagoan egin daitekeela.

 

«[Zeramikagintza] Naturarekin kontaktuan zaude eta elementu guztiekin egiten duzu lan»



Irakaskuntza munduan irudikatzen duzu zeure burua etorkizunean?

Ez dakit esaten. EHUko zerrenda ezberdinetan izena emanda nago. Duela gutxi Leioako Magisteritza fakultateko plastikako departamendutik hots egin zidaten. Ordezko bezala jardun dut eta oso esperientzia polita izan da. Gustatu zitzaidan eta behin tesia amaituta probatu nahi nuke bide hori. Nik gehien maite izan ditudan irakasleak gauzak zalantzan jarri izan dizkidatenak izan dira. Zalantza pizten dizutenean, eta konturatzen zarenean ez diozula zeure buruari galdera hori behin ere egin, orduan hasten zara erantzun bila. Bilaketa prozesu horretan dago gakoa, nire ustez.


2017 Bilbao Arte. Girabiraketak. 


Zalantza horretatik sortzen duzu zuk?

Bai. Gustuko dudana hori da. Ezagutza edo ikasteko puntu hori, bilaketa prozesuan mugitzen den hori da interesgarria niretzat. Behin sortuta, kito, eginda dago eta nahi bezainbeste aldiz errepika dezakezu prozesua. Baina sortzeko momentu horretan gozatzen dut gehien.


Plazida, oihartzunaren plaza.  Errekalde baserria I


Emakume gorputzetik sortzen duzu zuk. Zenbaterainoko pisua du horrek?

Gorputza gure lurraldea da. Hortik abiatzen naiz ni ere. Badirudi emakumeoi kosta egiten zaigula plazarako pauso hori ematea. Fakultatean, adibidez, gehienak emakumeak ginen, eta gero, ibilbide bat egin edota galerietan erakusketak egiten dituzten artista gehienak gizonezkoak dira. Bigarren plano batean geratzen gara oraindik ere. Ni baino gazteagoak diren artistak indar handiarekin datoz eta ardura postuetan ere emakume asko gabiltza. Uste dut joango garela ikusgaitasuna irabazten. Niretzat, esate baterako, garrantzitsua izan da Euskal Irudigileak elkartean hartu ditudan ardurei aurre egitea. Bertigoa izan nuen hasiera, baina uste dut horrelakoetan emakumeok egon egin behar dugula. Orain nire tokatu zait, eta hurrena beste bati tokatuko zaio. Egin eta fuera. Antzeko zerbait pasa zait unibertsitatean klasea ematerakoan ere. Nire artean pentsatzen nuen: «Nik orain zer kontatu behar diet hauei?». Laurogei gazteren aurrean jartzeak errespetua ematen du. Dena hastea izaten da, ordea. Emakumeok lurreratu egin behar dugula uste dut, eta egin egin behar ditugula gauzak, ahalik eta naturalen.



Sortzerako orduan nondik abiatzen zara zu?

Beti paperetik. Koadernoan hasten naiz. Hori gabe zaila egiten zait nire lana ulertzea. Behar dut zikintzea, proba-errorea egitea, parean daukadanari marrazki txikiak egitea edo burura datorkidan ideia marraztea. Koaderno horietatik erreskatatzen ditut gero nire lanetarako ideietako asko. Izan ere, nahiz eta enkargurik izan ez, beti jarraitzen dut sortzen. Egin eta egin aritu arren, batzuetan gauzak ateratzen dira eta besteetan ez. Proiektu pertsonalak badauzkat hor, forma zehatzik ez dutenak baina abiatuta dauzkadanak.

Zeramikagintzarekin noiz eta nola egin zenuen lehenengo harremana?

Aspaldiko oroitzapenak dauzkat, txikitan Villabonara eskulan ikastaroetara joaten nintzenean, kultur etxean labe bat zegoenaren gomuta daukat. Karrera ikasi nuen garaian zaharberritzearen adarrari heldu nion aurrena, baina zeramikagintzarekin loturiko ikasgaiak probatzen hasi nintzen. Gogoan dut ordu berean bi ikasgai neuzkala eta patioan hara-hona ibiltzen nintzela arratsalde osoan. Uste dut orduan maitemindu nintzela zeramikagintzarekin. Zeramika niretzat beste ate bat zabaltzea bezala izan da. Hasten zara horretan eta konturatzen zara mundu bat dagoela diziplina honen atzean. Oso zabala da eta bide askotatik heldu diezaiokezu. Naturarekin kontaktuan zaude uneoro eta hori gustatzen zait. Elementu guztiekin egiten duzu lan: lurrarekin, urarekin, airearekin eta suarekin.

 

«Ulertu behar du bezeroak eskuz egindako pieza bat dela, denbora eskatzen duela»



Formazioa non jaso duzu?

Arte Ederretako ikasketak egin genituenean zeramikagintza ematen zigun irakasleak proposatu zigun udan teknika hau lantzen jarraitzeko. Bisbal d'Empordàn (Girona, Herrialde Katalanak) eskola bat zegoela esan zigun. 2008an joan nintzen lehengo aldiz raku ikastaro bat egitera. Japoniatik datorren teknika bat da eta tearen zeremoniarekin du zerikusia. Ikusgarria izan zen niretzat, aurkikuntza bat. 2020an itzuli nintzen berriro ere eskola horretara tornua eta beiraduren inguruko astebeteko ikastaro bat egitera. Aurten eskolak 50 urte betetzen ditu eta Dolors Ros Frigola da hango zuzendaria. Oso pertsona eskuzabala da. Daukan guztia erakusten dizu eta inoiz izan dudan irakasle onenetakoa da.



Zein teknika lantzen duzu?

Esan dezaket nahikoa esperimentatu dudala zeramikagintzan. Moldeekin egin dut lan, adibidez, horrek irudi bat errepikatzeko aukera ematen didalako. Nahiz eta iruditu pieza guztiak berdinak izango direla, eskuz eginak diren momentu beretik, bata besterekiko ezberdinak dira. Guztiak dute beren nortasuna errepikapen horretan. Tornua da erabili izan dudan beste teknika bat. Asko asebetetzen nau. Terapia bezala ulertzen dut, ia. Eseri eta orduak pasatzen ditut, ia hipnotikoa da ikustea hasieran buztin puska bat zena nola bihurtzen den pieza batean. Plaka bidez ere egin izan dut lan. Arrabola hartu eta pieza eraikitzen joaten naiz. Baina mila dira erabili daitezkeen teknikak zeramikagintzan. Atximurka ere egin daiteke lan. Txotxongiloak ere eginda dauzkat zeramikarekin. Askotariko lanak egiten ditut, egia esan.



Prozesu delikatua da zeramikagintzarena?

Bai. Pieza egin ondoren sikatu egin behar izaten da. Ahulena den momentua da hori. Labean sartzerakoan, gogortzeko mila gradu ingurutan erre behar da pieza. Gero buztinaren arabera, hortik gorako graduetan erre daiteke. Portzelana edo pieza erregogorrak lortzen dituzunean, kalitate handiagokoak dira. Hauskorrak direla iruditu arren, iraunkortasun dezentekoa dute.

Zer-nolako zeramika piezak lantzen dituzu?

Azkenaldian sortzen ari naizen piezak erabilgarriagoak dira. Platerak, edalontziak eta bestelako tresnak egin ditut. Labean, mikrouhin labean, ontzi garbigailuan sartu ditzakezu arazorik gabe. Eskuz eginda dagoela kontuan hartuta, beti ere, baina iraunkortasun handia duten piezak dira. Gainera, gustuko dut egunerokotasunean erabiltzen diren piezak sortzea. Konexio bat dago objektuaren eta momentuaren artean, eta aldi berean lotura bat momentu horren memoriarekin. Esate baterako, gogoan daukat amonak gosaltzeko tostadak nola jartzen zizkidan platertxo batean. Bada oroitzapen horri tiraka sortzen dut nik, eta bizitzako momentu polit horiek plater edo katilu baten islatu nahi izaten ditut. Oroitzapen zaharretarako bide ematen duten piezak dira, baina aukera ematen dizute oroitzapen berriak sortzeko ere.



Enkarguz egiten duzu lan?

Bai. Enkarguz lan egitea gustatzen zait. Eta denetarik eskatzen didate, egia esan. Normalean sare sozialetatik eta webgunetik jartzen dira nirekin harremanetan. Pieza bat eskatzen didaten bakoitzean saiatzen naiz bezeroarekin hitz egiten eta haren ohiturak ezagutzen. Galdetzen diet, ea nola gosaltzen duten. Kafe luzea edo motza hartzen ote duten, behatz guztiak sartzen ote dituzten katiluko heldulekuan edo bi hatzekin bakarrik heltzen ote dioten. Enkargu bakoitzari mimo pixka bat eta dedikazioa eskaintzen dizkiot. Harreman hori oso gustukoa dut eta esan dezaket sorkuntzarako beharrezkoa dudala jendearekiko tratua. Uste dut hori islatzen dela nire piezetan eta horrek bakanak egiten dituela. Pieza bakoitzari balioa emateko nire modua da, bestela edozein piezarekin konformatuko ginateke.

Denbora da bezeroei eskatzen diezun gauzetako bat.

Bai. Presarekin ezin baita egin. Zeramika eta presa ez dira elkarrekin ondo ezkontzen. Materialak eta prozesuak eskatzen dute mantsotasuna eta beti dago arriskua apurtzeko. Dena den, proiektu batean murgiltzeko, egitasmoak arreta eman behar dit. Edozein proiekturekin ez naiz animatzen. Lanerako proposamenak oinarritua izan behar du. Lan baldintza onak behar ditut. Ulertu behar du bezeroak eskuz egindako pieza bat izango dela, denbora bat eskatzen duela prozesuak berak, eta labean pieza bakarra ezin duzula sartu, labea bete egin beharra dagoela piztu ahal izateko. Gainera, enkargua egiten dizunak entenditu behar du bizitza bat ere badudala.

Lanerako espazio bereziturik baduzu?

Numa Pottery lagunak eta biok tailerra konpartitzen dugu Bilbon. Handik gertu bizi naiz. Labeak, tornuak eta lanetarako material guztia bertan gordetzen dugu. Toki egokian dago, Hiru Zutabeen plazaren inguruan, baina gehienbat lanerako erabiltzen dugu. Ez dugu erakusleihorik, guretzako lantokia da, tailerra, eta nabari da horretarako erabiltzen dugula. Etorri izan da jendea bisitan eta etorri denak topatu ditu bukatutako piezak eta aldamenean hasitako proiektuak, erdizka daudenak eta tapatuta dauden lanak. Denetarik dugu bertan.

 

«[Plazida Otaño] Herrikoa, emakumea... alde askotatik gurutzatzen nau»



Zeramikagintzatik ilustraziora salto egin duzula sentitzen duzu?

Sortzaile bezala diziplina anitzekoa naizela esango nuke. Zeramikagintzarekin batera beti egon da presente ilustrazioa nire bizitzan, baina aspaldi honetan bereziki jardun dut horretan. BilboArte fundaziora proiektu bat aurkeztu ondoren, urtebetean garatzeko sorkuntza beka bat lortu nuen. Zeramikazko piezak mugimenduan jarri nituen egitasmo horretan. Zinemagintzaren hasierako taumatropoaren ideia horrekin bueltaka sortu nuen proiektua. Bekadun nintzela, ilustrazio ikastaro bat egiteko aukera izan nuen Bonito argitaletxeko Elisabeth Perez Fernandezekin. Haren bitartez egin nuen harremana Euskal Irudigileak elkartearekin, Euskadiko ilustratzaileen elkarte profesionalarekin.

Eta orain, Euskal Irudigileak elkarteko lehendakaria zara.

Bai. Elisabeth Perez Fernandez aritu zen lehendakari gisa eta gero nik hartu nion lekukoa kargu horretan. Bigarren urtea daramat ardura horrekin. Lan handia da eta militantzia gisara ere ulertzen dut. Ordezkari gisa tokietara joatea tokatzen zait eta iristen diren galdera guztiak bideratzen saiatzen naiz. Zuzendaritza batzorde bat dago eta elkarren artean banatzen ditugu lanak. Alboan bi lehendakariorde ditut: Asier Iturralde Gaston eta Higinia Garai Higi Vandis. Haien laguntzarekin ateratzen ditugu lanak aurrera.

Zer-nolako lan ildoak lantzen dituzue?

150 bazkide gara, Euskal Herriko lurralde guztietakoak. Katalogo bat ere argitaratzen dugu digitalki berritzen duguna, gure lanak erakusteko. Badaude bazkideak oso ezagunak direnak eta ibilbide luzea egin dutenak ilustrazio munduan, eta badaude hasiberriak direnak eta oso lan onak egiten ari direnak. Hain zuzen, ilustrazio munduan profesionala den jendearekin hartu-emana izateko sortu zen bere garaian elkartea. Elkartuta beti ere, babestuago egon gaitezke sortzaileak, aholkularitza eskaini eta gainerako bazkideen esperientziak partekatzeko aukera ematen digu egitura honek.

Zein ekimen burutzen duzue urtean zehar?

Asko. Irudika da horietako bat: ilustratzaileen nazioarteko topaketa. Artium-en egiten da eta aurtengoa seigarren edizioa izango da, irailaren 29, 30 eta urriaren 1a bitartean egingo da. Irudikako ardura Elisabethek berak darama eta berak du harremana nazioarteko irudigile guzti horiekin. Gainera, datorren urteko Frantziako Tourreko kartela sortzeko lana ere eman digute. Lasterketaren antolakuntzak erabaki du hurrengo urteko edizioaren kartela euskal irudigile batena izatea eta Eusko Jaurlaritzatik guregana jo dute laguntza eske. Deialdi bat prestatu da eta aurkeztutako lan guztien artean finalistak aukeratu dira. Hortik aterako da kartel irabazlea, 2023ko Frantziako Tourra iragarriko duena. Gero elkartetik bultzatzen ditugu komikigintza liburuen tertuliak irudigile desberdinekin. Orain arte erdaraz bakarrik egin izan dira Kike Infamek gidatuta, baina orain euskarazko saioak bultzatzen ari gara. Arrate Rodriguezek gidatzen ditu, iaztik. Lehendakaritzan nabilenetik, hizkuntza irizpideak orekatzen saiatzen ari gara eta geroz eta ekimen gehiago egiten ditugu euskaraz.

Irudigileek zein lan baldintza dauzkazue?

Ilustrazioaren liburu zuria izeneko dokumentua dugu duela urte batzuk sortutakoa, orain berrikusi dugu: Espainiako ilustrazio grafikoaren liburu zuri berria. Euskal Irudigileak elkartea Fadip izeneko federazioko kide da, estatu mailan dagoen elkarteen elkarteko kide alegia. Lan baldintzak ez dira askotan egokienak izaten. Erakundeetatik ere ez da adostasunik egoten. Ogasunaren arabera modu batera edo bestera erantzuten diote sortzaileari. Elkartetik saiatzen gara irudigile profesionalen kezkak argitu eta laguntza ematen.



Kontziliazioa zailagoa da sortzaileen kasuan?

Ez da lan erraza. Nik, adibidez, batetik eta bestetik irudiak sortzen nituen lehenagotik ere baina elkartea ezagutu nuen momentuan serioago hartu nuen lan hau. Ordura arte ez nuen profesio bat bezala kontsideratzen. Orain beste modu batera lan egiten dut. Gutxieneko batzuk eskatzen ditut. Kontratuak eskatzen ditut eta egile eskubideak kontuan hartzea exijitzen dut. Nahiz eta lan kontratu zehatzik ez eduki, irudi horien egiletza aitortzea gutxienekoa dela iruditzen zait. Pedagogia egitea tokatzen zaigu askotan. Mesede gisara lanak eskatzen zaizkigunean, zuzenean ezezkoa esan gabe, nire lan baldintzak azaltzen ematen dut denbora puska bat.

Ama izan naiz duela urtebete pasatxo eta gauza askorekin jabetzeko aukera izan dut. Azken batean sormena ez zaizu 08:00etatik 10:00etara etortzen. Edozein momentutan pizten zaizu ideia eta justu momentu horretan ez zaude lanerako. Lehen niretzako neukan denbora guztia eta edozein momentutan koadernoa hartu eta sortzen hasten nintzen. Umea haur eskolan dagoen garaira egokitu behar izan dut orain eta horretara mugatu nire sorkuntza. Kosta egin zait. Esku-frenoa jarri behar izan diot neure buruari. Baina amatasunak balio izan dit horretarako. Era berean, konturatu naiz ezin diodala sortzeari utzi, nire izatearen parte dela. Norberak bere burua zaindu beharra dauka eta norbera izaten jarraitu. Intentsua izaten ari da amatasunaren esperientzia eta prozesuan asko ikasten ari naiz. Uste dut pandemiaren aurretik, gizartea zirimola batean sartuta zegoela, eta ni neroni ere bai. Gelditu eta zertan ari garen pentsatzeko aukera eman dit geldiune honek. Argi dut denetara ezin garela iritsi.

Hain zuzen emakumeen memoria historikoa berreskuratzean egin duzu zure lanetako bat. Plazida Otañok zer suposatzen du zuretzat?


Nire Plazida [Hasperenka]. Izugarri disfrutatu nuen prozesuan. Oihana Iguaranekin oso gustura aritu nintzen lanean. Sekulako esperientzia izan zen. Liburutegitik Zizurkilgo emakume honen irudia azaleratzeko asmoa zutela-eta, Oihanak ipuina osatu zuen aurrena. Gero ipuina lagunduko zuten irudiak asmatzeko lehiaketa deitu zuten ilustratzaileen artean. Nire proposamena aukeratu zuten eta libre utzi ninduten lanean. Plazera izan zen lan hau egitea, oso gustura egin nuen. Herrikoa, emakumea, bertsolaria... alde askotatik gurutzatzen ninduen Plazidak. Gainera, eskatu zidan ikerketa lantxo bat egitea, bera bizi izan zen garaiko Zizurkilgo irudi zaharrak begiratzea, adibidez. Hasiera bat izatea zen asmoa, Plazida Otañorekin bezala, beste emakume bertsolari askoren bizitzak berreskuratu nahi genituzke. Mikaela Elizegi, adibidez, hor bertan dugu. Heldu nahi genioke horri ere.

Zenbaterainoko pisua du tradizioarekiko loturak zure lanetan?

Gustuko dut lotura hori mantentzea. Berritzea ere bai, baina uste dut nonbaitetik abiatu beharra dagoela. Tradizioa eta ohiturei garrantzia ematea inportantea iruditzen zait.

Koloreei eta testurei garrantzia ematen diezu.


Bilbon Hara hona. 2020. Casilda Iturrizar Urkixo.


Bai eta uste dut hori nabari dela. Abiapuntu organiko hori dute nire irudiek, nahiz eta gero digitalean tratatu, koloreak beti antzekoak dira. Lurrarekin lotutakoak dira. Paleta konkretu bat da eta eroso mugitzen naiz bertan. Gero hortik abiatuta, guztia kolokan jartzea ere gustatzen zait, baina oinarri horretara bueltatzen naiz maiz. Etxekoak ditut kolore horiek. Pentsatzen dut paisaiarekin zerikusia ere izango dutela. Konturatzen naiz naturan aurkitu daitezkeen testurak erabiltzen ditudala gehienbat. Hostoa, egurra, buztina... ukitzeko gogo hori ematen dute nire lanek askotan.



Irudigile bezala erronka berriei heltzen ari zara. Aurki komiki bat argitaratuko duzu.

Bai, ilusionatuta nago. Kasualitatez iritsi zitzaidan eskaera. Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan garatzen ari diren programa baten barruan, suizidioaren prebentziorako komiki bat egitea eskatu zidaten. Gainera, duela gutxi, horrelako saiakera baten esperientzia bizi izan dut gertuan eta hori gertatu eta gutxira hots egin zidaten komikia osatzeko. Begira nolakoak diren gauzak. Nire lehenengo komikia da eta aurki aterako da kalera. Kike Infame lagunari hots egin nion gidoia osa zezan Inmakuladatik pasatako materiala oinarri hartuta. Digitalki bakarrik ez, paperean ere aterako da, eta Easo politeknikoarekin harremana dutenez, zabalkundea ere emango diote alde horretatik. Bertigo handiarekin hasi nintzen komikigintzan baina pozik nago emaitzarekin.

Zein garrantzi dute sare sozialek zure lanen zabalkundean?

Dilema asko sortzen dizkit kontu horrek. Zalantza asko dauzkat, egon behar bada hor erabat buru-belarri egon behar ote den. Ez dakit nagoen bezala egotea ona ote den. Ni ez nago oso pendiente. Eta osasunarentzat ere hori ona dela iruditzen zait. Erritmoa jaitsi nahi dut, sare sozialak elikatu baina horretan denbora gehiegi inbertitu gabe. Pendiente ez egote horrekin aukerak galduko ditut? Agian. Baina sortuko zaizkit beste modu batera. Ez naiz gehiegi larritzen. Atera behar bada aterako da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!