ELKARRIZKETA

«Begiradak saihesteko jartzen dut ileordea»

Irati Saizar Artola 2022ko mai. 8a, 07:58
Alatzne Etxaburua ileordea orrazten. I. S.

Hiru urte zituela gorputzeko ile guztia galdu zuen Alatzne Etxaburuak. Profesionalek alopezia areata unibertsala diagnostikatu zioten. Hemezortzi urte ingururekin erosi zuen lehen ileordea, eta geroztik gehienetan hala erabiltzen du, hobeto ikusten delako eta begiradak ekiditeko. 

Zer da alopezia zuretzat?

Behin ere ez naiz jarri begira zergatik gertatzen den, zein diren soluzioak. Gaur egun, alopezia duten pertsonen taldeak aurki daitezke sare sozialetan eta gomendioak ematen dituzte. Buruan ilerik ez eta gorputzean izan banu, agian kasu egingo nieke, baina nik ez daukat inon ilerik, beraz, ez naiz horretan jarri.

Zein izan da zure kasua?

Hiru urterekin galdu nuen ile guztia. Medikuak esan zidan alopezia areata unibertsala nuela. Nire gorputzean ditudan zenbait zelulek ez dute ilea sortzen, ez daukate indarrik, eta erori egiten da. Txikitan bai, buruan likido bat ematen nuen, akupuntura egiten zidaten, mediku, petrikilo, sorgin, psikologo eta gehiago pasa nituen. Hala ere, ez neukan ilerik. 13 urte ingururekin berriro ilea etorri zitzaidan, inork ez daki zergatik. Eta 18 urte ingururekin berriro galdu nuen, gaur arte.

Nerabea zinenean itzuli zitzaizun eta geroxeago berriro erori. Nola bizitu zenuen etapa hori?

Ez daukat oso gaizki pasa nuenaren oroitzapenik edo etxetik atera nahi ezik egon nintzenik gogoan. Etorri zitzaidanean opari moduan ikusi nuen, baina aurretik ere gabe egona nintzen. Oraindik batzuetan esaten dut: «Jo, zergatik ez daukat nire ilea? Motots bat egin nahiko nuke!». Baina arazoari ez diot buelta gehiegi ematen, ez dudalako ezer konpontzen.

Haurra zineneko oroitzapenik baduzu?

Haurrak haurrak dira. Umeek barre egiten dute, burla ere bai. Bizitza horrela da, ezin dira saihestu. Norbaitek barre egiten bazidan, erantzun egiten nion edo etxera iritsitakoan amari kontatzen nion. Nire ama nire babesa zen, kasurik ez egiteko esaten zidan, politena ni nintzelako. Zer esango dit ba nire amak?

Gurasoak beti izan dituzu hor. 

Ilea galtzen hasi nintzenean asko kezkatu ziren. Batera eta bestera eramaten ninduten. Behin, esan zieten ilea erortzearena trauma baten ondorio izan zitekeela eta psikologo batengana joan nintzen. Hark segituan esan zien gehiago ez eramateko ez psikologo ez psikiatra batengana, ez nuelako inongo arazorik, ume zoriontsua eta osasuntsua nintzela. Oroitzapen txarrik ez dudanez, nik uste besteek gehiago sufritu zutela momentuan nik baino. Adibidez, ordea, orain, ama naizen honetan, uste dut sufrituko nukeela.

Eta emakumea zara gainera. 

Kanon jakin batzuetan egotea eskatzen du gizarteak. Seguru nago mutil bat burusoil ikusita normaltzat hartuko genukeela, eta agian oso gaizki ari da pasatzen, ezin da jakin. Denoi gustatzen zaigu geure burua ondo ikustea, gustura sentitzea. Zergatik makillatzen da jendea? Hobeto ikusteko, ezta? Nik ileordea ere hobeto ikusten naizelako jartzen dut. Askotan esaten du jendeak: «Zaren bezalakoa izatea onartu behar duzu». Nik onartzen dut naizena, baina batak ez du bestea kentzen. Polita ikustea gustatzen zait, besterik ez.

Naturaltasunez daramazu.

Ahalik eta ondoen eramaten saiatzen naiz. Ileordea jartzen dut edo zapiak erabiltzen ditut, jendearen begiradak saihesteko eta neronek ere neure burua hobeto ikusteko. Ilerik ez dudala esateak ez dit batere lotsarik ematen. Eta ileordea ez badut gehiago kentzen jendearen begirada ekiditeko da. Baina nik ere begiratzen dut eta badakit nahi gabe egiten dugula. Norbait zapiarekin ikusten dugu eta begiratu egiten diogu, eta gainera, aurpegi tristea jartzen dugu, errukiz begiratzen diogu. Ez dugu hori behar. Nik ez daukat ezer, baina beste batek agian atzetik gaixotasun bat darama, eta zama bat baino gehiago ditu: batetik gaixotasuna, bestetik ile falta...

Begirada horiek min ematen dute?

Ez dakit mina den, hori baino gehiago esango nuke pena aurpegi horrekin ez begiratzeko. Ez diot inori pena eman nahi. Ondo nago. Konplizitatea lortzeko begiradak izaten dira askotan, baina akaso, pertsona horrek ez du hori behar, agian beste pertsona bati kasu egingo lioken bezala egitea behar du berak ere.

Askotan, ilerik eza minbiziarekin lotzen da. 

Galdetu izan didate bai ea gaixorik nagoen. Eta sare sozialetan ilerik gabe agertzen naizen argazkiren bat jarri izan dudanetan, galdetu izan didate ea zer gertatzen zaidan. Jendeari esan ilerik ez daukadala eta sorpresaz hartzen du, batzuk ez direlako ohartu.

Ileordea jartzea ere hautu bat egitea da. 

18 urte ingururekin, berriro erortzen hasi zitzaidanean, hutsuneak nituen buruan. Nire amak galdetu zidan ea berriro medikura joaten hasi nahi nuen eta ezezkoa erabaki nuen. Bartzelonan ile naturalarekin egindako ileordeen zentro bat zegoen eta hara joan ginen. Ileorde haiek silikonarekin burezurrari lotuta zihoazen, 10-15 egun pasa ostean kendu egiten zenuen, guztia garbitu eta berriro jarri. Bi urte inguru egin nituen horiekin. Minbiziaren kontuarekin, ordea, aurrerapen gehiago izan zuten ileordeek eta aukera gehiago nuen, prezio aldetik ere denetarik zegoen. Kendu eta jarri egiteko ileordea probatu nuen ondoren, eta salbazioa izan zen. Beste ileordearekin lo eta guzti egin behar izaten nuen, eta sarea duenarekin askoz erosoago sentitzen naiz, nahi dudanean kentzen dut, hondartzara noanean kendu egiten dut, etxera iristean ere bai, arnasa hartzen dut.

Zenbat ileorde dituzu?

Berrogei bat bai. Zahartu ere egiten dira ordea, kalitatearen arabera. Ezin ditut berrogei ileorde mila eurokoak eduki. Badakizu zein erosten duzun data konkretuetarako eta zein egunerokorako.

Faltan botatzen duzu zure ilea izatea?

Bai, izugarri gustatuko litzaidake nire ilea izatea, ilearen sentsazio hori sentitzea. Nire ahizpak, esaterako, ile asko du, kalparra askotan heltzen diot, ze gozatua.

Egunerokoan trabarik eragin dizu ileordea erabiltzeak?

Oztoporik ez, baina beti dago hor. Hondartzara banoa ez dut eramaten, baina zuzenean lanera joan behar badut motxilan hartzeaz gogoratu behar izaten dut. Betaurrekoak erabiltzen dituena bezala da, osagarri bat. Hala ere, ez da oztopo bat izan zerbait egiterakoan. Txapelketa guztiak, esaterako, ileorde motzarekin egin izan ditut, erosoagoa delako. Baina agian, bazkaltzera joateko ileorde hori kendu eta melena luze batekin joan izan naiz. Ez da zerbait ezkutatu nahi dudana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!