Elkarrizketa

«Zizurkilera etorri izan ez banintz, sega bat zer zen ez nuke jakingo»

Irati Saizar Artola 2022ko mai. 8a, 07:59
Alatzne Etxaburua. I. SAIZAR

Tolosan bizi zen kalekume bat izatetik Zizurkilera bizitzera joan eta herri kirol munduan murgildu zen Alatzne Etxaburua (Zizurkil, 1978). Sega bat zer zen ere ez zekien, eta Euskal Herriko txapeldun izatera iritsi zen. Segaz gain, trontzan eta aizkoran ere aritu izan da. 2018an, kirol ibilbideari amaiera eman zion.

Aurretik inoiz probatu gabe, Zizurkilgo jaietan herri kirol jaialdi bat egitera animatu zen beste hainbat lagunekin batera Etxaburua; pixka bat entrenatu eta segan aritu zen. Jai giroan hasitakoak onenen artean txapelketetan lehiatzeraino eraman zuen.

Kirolari hitzak badu zentzua zure ibilbidean.

Txiki-txikitatik egin izan dut kirola. Igeriketan hasi nintzen lehenik eta gero bizikletan aritu nintzen 14 urte ingururekin. Tolosan Zirauna izeneko talde bat zegoen, Oriako txirrindularitza eskolak zeukana, ia hamar neska izango ginen. Ondoren, tarte batean, ezer egin gabe egon nintzen, eta behin Zizurkilera bizitzera etorrita, sartu nintzen herri kirol munduan.

Nola egin zenuen topo herri kirolekin?

2008an etorri nintzen bizitzera Zizurkilera. Naroa Geresta herritarra segan aritzen zen, eta herriko festetan herri kirolak egiteko ideia atera zen. Lau bikote misto elkartu ginen eta segan aritu behar genuela erabaki zen. Jaialdi horretarako prestatzen hasi nintzen eta gustatu egin zitzaidan. Joxe Gabirondo gazteluarrak eman zidan lehen sega eskuetara.

Aurretik ezaguna zenuen sega?

Ez, ez. Nire aitona-amonak baserritik kalera jaitsi ziren bizitzera, eta ni kalekumea naiz, erabat. Familian ez dut inor izan baserria duenik.

«Nobedadea zen, inoiz emakumea ez zen plazan ikusi, baina baserrian aritzen zen ba?»

Eta zer moduzko harremana izan zenuen segarekin?

Gogoratzen naiz Joxek sega eman zidanean, nondik heltzen zen galdetu niola. Behin ere ez nuen sega bat eskuetan hartu, niretzat baserri mundu hori eta herri kirola bera guztiz berria zen. Ikusi izango nituen harri jasotzaileak eta nonbait, baina ez nintzen sekula haiei begira jarri, atentzio berezirik ez zidaten deitu ordura arte. Erreminta eskuetan hartu arte ez nintzen jabetu hor zegoen munduaz.

Festetan egindako saioak jarraitzeko har hori sartu zizun?

Herriko festetan, abuztuaren 15ean egin genuen jaialdia, eta Gabirondok bere herriko festetara ere gonbidatu egin gintuen. Behin herrian egin, gero Gaztelun, eta batak bestea ekartzen duenez, Almitzako sega txapelketara joan nahi ote nuen galdetu zidan, eta behin hasita, baiezkoa eman nion.

Txapelketetan hasteak beste prestakuntza bat izatea eskatu zizun?

Lehen kezka sega hartzen eta segan egiten ikastea zen, punta sartu, ez sartu... Denbora ona egiteak ez ninduen gehiegi kezkatzen. Ondo egin nahi nuen, besterik ez. Txapelketa hitza entzutean gorputza aldatzen da, urduritasunak hasten dira eta prestakuntza bat eskatzen du, bai.

Zerotik ikasteak badu alde onik?

Askotan esan izan didate, kalekumea izanda segan nola egin nezakeen. Nire alde ona zen aurretik ez nekiela segan egiten. Baserrian segan aritu denak oso desberdin egiten du, postura desberdinean, sega kolpea ere txikiagoa da... nik horrelakorik ez nuen. Zerotik hasi nintzen, eta zerotik hasita txapelketa batean lehiatzeko modu egokiena irakatsi zidan Joxek. Nik ez neukan bizio txarrik, onik ere ez, baina ezta txarrik ere. Horrela, txapelketa baterako ondo zer egin behar den ikasi nuen.

Lehen txapelketetan nola ikusten zenuen zeure burua?

Gipuzkoako Azkartasun Sega Txapelketan hartu nuen parte lehen aldiz, Zizurkilen egin zen eta bigarren egin nuen. Pentsatu nuen: «Ez dakit segan, baina banoa pixkanaka». Ikasteko gogo gehiago piztu zitzaidan, ikusten nuen neure burua gai zela hor egoteko.

Lehiatzeko bazen nahikoa emakume? 

Azkartasun txapelketetarako bai. Ordura arte inoiz ez zen egin, ordea, emakumeen txapelketarik «ohiko era» deitzen dioten modalitatean, belarra pisatzen denean. Gipuzkoako lehena 2012an egin zuten, eta Arrate Garin legorretarrak irabazi zuen. Neska hura gainditzea zen nire helburua.

Eta iritsi zinen gainditzera?

Hurrengo urtean azkartasunekoa nik irabazi nuen eta gertu ikusten nuen, berarekin lehiatzeko moduan ikusten nintzen. Zu baino gehiago den norbait aurrean baduzu, badakizu horretarako prestatu behar duzula, baina kontua da txapelketa bat irabazten duzun momentuan, hurrengo urtean zu zoazela txapeldun modura, orduan, jendeak berriro ere zuk irabaztea espero du, eta irabazten ez baduzu? Presio puntu bat eragiten zidan horrek.

Hala ere, txapelak irabazten jarraitu zenuen. 

Azkartasunean Gipuzkoako Txapelketa zein Almitzako Txapelketa irabazi ditut; pisuko modalitatean Euskal Herrikoak lau egin dira eta laurak dauzkat. Batzuk baditut, bai.

Askotan zure anaia Gaizkari eskaini izan dizkiozu. 

2005eko maiatzaren 21ean egin zuen bere buruaz beste nire anaiak. Nire bizitzako zati bat bertan geratu zen, eta txapelketetan beti eraman izan ditut bere begiak nire kamisetan, argazki batean. Indarra ematen dit, hemen sentitu nahi dut, gertu. Ez dago aldamenean, baina oso presente izan dugu beti. Txapel asko eskaini dizkiot, txapelketa aurretik laguntza ere eskatu izan diot, bete egiten nau.

Segaz gain, trontzan ere aritutakoa zara.

Bai, trontzan Jaxone Aranbururekin atera nintzen. Igor Esnaolaren emaztea da, eta Esnaola trontzan ibilitakoa da. Saltsan ibiltzea gustatzen zitzaigunez, probatu egin nahi genuen eta animatu egin ginen. Gipuzkoako txapelketan atera ginen eta bigarren egin genuen. Gero, mistoan nire senarra den Xanti Aizpuruarekin atera nintzen bizpahiru urtez.

Zer moduzko esperientzia izan zen senarrarekin txapelketak prestatzea?

Oso polita izan zen. Asko bete ninduen. Entrenamenduetan haserre puntu hori izaten genuen, konfiantza dagoen lekuan badakizu zer gertatzen den [Barreak]. Orain, ordea, orduko argazkiak ikusten ditugu eta une hori polita da.

Eta aizkora ere probatu duzu. Apustu bat tarteko hartu zenuen lehen aldiz aizkora eskuetan. 

Lehen aldiz jokatu genuen bi emakumek apustu bat, eta espero ez genuen arren, boom handia izan zuen. 2015ean izan zen, Irati Astondoaren aurka jokatu nuen. Berak segan eta korrika egin nahi zuen apustua, eta nik korrika ez nuela egin nahi esan nion. Behin ere ez ginen aizkoran aritu, ez bera, ez ni, eta apustua itxi genuenetik sei hilabete genituen ikasi eta entrenatzeko. Biontzat zen berria.

Zer moduzko esperientzia izan zen?

Pila bat entrenatu genuen. Irabazi edo galdu nirea eman behar nuela esaten nion Igorri. Beti esan izan dut: irabazten didanak ni baino gehiago izan delako irabaz diezadala, ez nik ez dudalako nirea eman. Lau egur moztu behar genituen, eta ordubeterako falta zen denbora segan osatu behar genuen. Belar kilo gehien biltzen zuenak irabazten zuen. Beldurra nuen Iratik bost minutu baino gehiago kenduko zizkidala aizkoran. Gainera, hasieran, aizkorarekin ez nuen ondo asmatzen eta etsi puntu bat ere izan nuen. Baina etxeko eta inguruko babesari esker, lasai hartu nuen. Inguruko baserrietakoek belardiak prestatu eta entrenatzeko utzi zizkidaten eta haiei ere zor nien garaipena.

Uste baino diferentzia gutxiagorekin amaitu zenuen aizkoran. 

Bi minutu ere ez zizkidan atera. Gainera, lehen enborra nik moztu nuen lehenago eta horrek ere indarra eman zidan. Igor Esnaola eta Iñaki Azurmendi nituen laguntzaile, eta haiek emandako lasaitasunari esker lortu nuen irabaztea. Estutzen banaute, ez dut ematen nirea, nik lasaitasun hori behar dut, animo mezuak entzun nahi ditut, goxotasunez anima nazatela. Aizkora amaituta, Igorrekin batera Joxe Gabirondok lagundu ninduen, arnasari buelta eman eta nire kabuz egiten utzi zidaten, lasai, patxadan. Eta hala lortu nuen irabaztea.

Horren ostean, aizkoran jarraitu zenuen. 

Bazeuden aizkoran oso ondo aritzen zirenak, Maika Ariztegi esaterako. Erakustaldi asko egin genituen aurrez, eta Donostiako Urrezko Kopan parte hartu edo ez zalantzan ibili nintzen, 2017an. Lehen urtean ez nintzen atera, eta bigarrenean animatu egin nintzen. Asko entrenatu nuen, baina ez nuen espero irabaztea. Banekien denboratan hortxe ibiliko nintzela, baina besteak ere hortxe zebiltzan. Irune Izkuek segituan hartu zigun denoi aurre, nik neurea egin nuen ordea, eta laugarren egurrean parean jarri ginen. Bosgarren eta azken egurrean irabaztea lortu nuen. Bederatzi minututik behera egin nuen eta errekorra jarri nuen. Oraindik ez dute hautsi.

Ibili zaren kirol guztiek eskatzen dute erreminta bat. Eta laguntzaileak ere bai. 

Alde horretatik ez dut inongo arazorik izan. Segan sekulako laguntza izan dut, segak prestatu dizkidate, zorroztu, txukun jarri... eta segak duen beste beharrezko osagarria belarra da. Euria bada, askotan ez da moztu nahi izaten. Horretan, ordea, Amasako Aizperri baserriko Juantxo Beldarrain eta Rosa Arregik sekulako laguntza eman didate. Txapel guztiak beraienak ere badira. Badakit badagoela jendea entrenatzeko belarrik izan ez duena, eta nik ezin dut sekula esan ez dudala belarrik eduki. Deitu diedan bakoitzean utzi izan dizkidate, eguzkia izan edo euria ari.

Aizkoran berdin. Lanetik atera eta entrenamendua egin ahal izateko egurra prestatu behar da. Egurra ekarri behar da, prestatu, entrenamendua egin eta gero askatu, egurra moztu... eta berriro ere hurrengo entrenamendurako prestatu. Hori guztia bakarrik egitea ezinezkoa da. Jendea kexu izaten da mundu honetan jende gutxi dabilelako, baina zaila ere bada. Nik zortea izan dut inguruan laguntzaile asko izan ditudalako, eta bereziki, Zizurkilera etorri nintzelako bizitzera, bestela sega bat zer zen jakin ere ez nuke egingo.

Herri kirolak uzteko momentua iritsi zen, 2018an. 

Parte hartu nuen Donostiako Urrezko Kopa horretan, bukatu eta dutxatzera joan nintzenean ezin nintzen makurtu galtzerdiak kentzera. Gerrian sekulako mina nuen. Uste nuen irabaztean min guztiak ahazten direla, baina ezin nintzen mugitu, gerria txikituta nuen. Kiste txiki bat daukat, eta kirola egitean handitu egiten zait eta nerbioa ukitzen dit. Egunerokotasunean ez dut ezer notatzen, baina entrenatzean hazi egiten zait. Eta egia esan, garaiak ere hala eskatzen zidan. Bi haur ditut eta bizikletako karrerak, futboleko partidak izaten dituzte. Beti esaten zidaten: «Ama, etorriko zara ikustera?», baina txapelketa ez bazen erakustaldia izaten nuen. Horrek ere eraman ninduen uzteko erabakia hartzera. Txiki-txikitatik ibili dira haurrak gurekin, belaze guztietan izan ditugu alboan, entrenamenduetan ere bai, eta beraien garaia zela ikusi nuen. Ez naiz damutzen. Orain lasai bizi naiz.

Egunero lanera, entrenamenduak ere egin behar, bi haur etxean. Nola antolatzen zinen?

Aitona-amonak beti izan ditut ondoan. Beraiekin bizi gara, eta askotan, entrenatzera nindoanean, beraiek geratzen ziren haurrekin eta ni gauean iristerako, dutxatuta, afalduta eta ohean izaten ziren askotan. Gurasoen babesa sekulakoa izan dut.

Hastapenetara bueltatuz, lehen emakumeak izan zineten txapelketetan hasten. Zuen ondoren etorri da soka. 

Lehen ere emakumeak aritzen ziren, baina egia esan, zentzu batean hedabideei esker etorri dira ondorengoak ere. Emakumeak telebistan edo egunkarian ikusten dituzunean, jendeari interesa pizten zaio, bultzada hor dago. Jendeak ez badu ikusten, ez daki existitzen denik. Harri jasotzen bezala, Idoia Etxeberria gaindituko duenik ez da izango. Orain neska mordoa hasi da harriarekin, baina Idoia aritzen zen garaian ez zegoen inor gehiago. Bere erronka zen bere burua garaitzen joatea, ez zuen beste aukerarik.

Herri kirolena bereziki mundu maskulinoa da. Emakume izateagatik inoiz sentitu izan zara deseroso?

Inoiz ez. Adibidez, Igorrekin zorroztaile bezala atera nintzen txapelketa batean, eta izan ziren komentarioak «Beno, beno, emakume bat zorroztaile?» eta halakoak. Inportantziarik ez nien ematen ordea. Egia dena da nobedadea zela, behin ere ez zelako ikusi emakumea plazan, baina lanean baserrian aritu da ba? Bai segan eta bai zorrozten ibili da. Plazan jardute hori ez zen ordura arte ikusi, baina guk natural bizitu genuen. Ni behintzat inork ez nau gutxietsi emakume izateagatik, oso ondo zaindu gaituzte zentzu horretan.

Afizioz herri kiroletan, baina ofizioz ere beti kiroletik gertu. Aralar Kirolak dendan lehen, orain Arsuagan. 

Aralar Kirolaken 18-19 urterekin hasi nintzen eta 21 urte egin nituen bertan lanean. Eta duela lau urtetik Arsuaga Bizikletak dendan nago. Horrela tokatu zait egia esan, hasieran mendiari lotuta, orain bizikletari gehiago, beti kirol mundutik gertu eta kirolari artean. Gustura, gustuko lanarekin. Lanera gustura joaten naiz eta ez dago gehiago eskatzerik.

 

MOTZEAN

Txapelik gogokoena?

Zizurkilgo Txapel Egunean jarri zidatena, herriak halako opari bat egiteak ez du parekorik.

Sega, trontza edo aizkora nahiago?

Sega.

Plaza onena?

Zizurkilgo Nekola baserriko belardia, apustua egin genuena.

Txapelketa konpletoena?

Irati Astondoaren aurkako apustua.

Laguntzaile bat?

Plazan Igor Esnaola eta egunerokoan Xanti Aizpurua.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!