Hiru mendi ibilaldi prestatu dituzte Zizurkilen

Ataria 2022ko api. 26a, 19:59

'Zizurkil, baserri herria' leloarekin herriko nekazaritza, izaera, paisaia, kultura eta ondarea erakusteko ibilbideak prestatu ditu udalak, Hernandorena kultur taldearekin elkarlanean. Bost panel diseinatu ditu Julen Larruskainek.

Zizurkilgo mendi ibilbide homologatuen inguruko lanketa berezia egiten aritu ondoren, eskaintza eguneratua prestatu du Zizurkilgo Udalak eta hiru mendi ibilaldi egokitu ditu, herriko nekazaritza, paisaia, kultura eta ondarea erakusteko. Herriko eragileekin elkarlanean jardun dute azkeneko hilabeteetan eta Zizurkil, baserri herria irudia eta leloa aukeratu dute ibilbideen proiektua izendatzeko. Herritar eta bisitariek luzera eta zailtasun ezberdina duten hiru ibilaldi izango dituzte aukeran, Iker Urruzola alkateak aipatu duenez, Zizurkilgo mendi eta txokoak bertatik bertara ezagutzeko.

Balizazioak jarri, herri bideak garbitu eta bideetan panelak jarri ondoren, ibilbide hauek herritarrentzat nahiz bisitarientzat prest daudela nabarmendu du Urruzolak: "Turismo jasangarriaren aldeko apustua egiten dugu guk, txoko ezberdinak patxadaz eta modu lasaian bisitatzeko aukera eskaini nahi dugu". Bat etorri da baieztapen horrekin Olatz Illarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo arduraduna eta azpimarratu du Zizurkilgo hiru ibilbide berriak dagoeneko Tolosaldeko mendi ibilaldi homologatuen gidan txertatuta daudela. Bide batez, eskerrak eman dizkio Zizurkilgo Udalari ibilaldi hauek prestatzen egindako lanagatik eta hilabete hauetako lanketa turismo jasangarriaren eredu bezala jarri du: "Herriko eragileekin elkarlanean herritarrentzat prestatzen diren proiektuak dira gero bisitariak erakartzen dituztenak". Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak, beraz, Zizurkilgo ibilaldiak ezagutzera emateko eta kanpoko bisitarientzako eskaintzen artean kokatzeko konpromisoa hartu du.

Udalaren eta eragileen arteko elkarlana esparru askotara zabaltzen dute Zizurkilen, baina kasu honetan, Hernandorena elkarteak egin duen ekarpena eskertu du Ainhoa Azpeitia nekazaritza eta ingurumen teknikariak. "Zer daukagu Zizurkilen? Zer erakutsi nahi genuke? Gisa horretako galderak egin genizkion gure buruari proiektuarekin hasterakoan". Zalantza gutxi izan zituztela aipatu du Azpeitiak eta bi gune behintzat erakusteko modukoak dituztela adostu zuten Hernandorena elkarteko eta udaleko ordezkariek: Atxulondo burdinola eta Ezkeltzu. "Herriaren iparraldean dauden zonaldeak dira eta herritar gehienentzat ezezagunak".

Egindako lanketaren emaitza gisa hiru ibilaldi proposatu zituen lan taldeak eta Gipuzkoako Mendi Federazioak aztertu zituen. Proposamena ontzat eman ondoren, ibilbideen homologazioa eta matrikulazioa egin dute eta federazioak berak hartu ditu bideak balizatu eta seinaleak jartzeko lanak. "Ibilbide bakoitzaren segurtasuna, luzera, zailtasuna eta inguruko ondarearen ezaugarriak jaso dituzte", esan du Azpeitiak.

Zizurkilek duen baserri paisaia nabarmendu du Joxin Azkue Hernandorena kultur taldeko kideak. "Landa ingurune paregabea du Zizurkilek. Herrigunetik gora eta Eskeltzuraino paisaia zoragarriak daude eta horiek ezagutzeko gonbita egin nahi diegu herritarrei". Hernandorenako kideek egindako hausnarketaren ondoren, Zizurkil, baserri herria irudi eta leloa aukeratu dituzte herriko ibilbideak izendatzeko eta Julen Larruskain asteasuarra arduratu da bidean jarri dituzten panelak diseinatzeaz. Bost panel dira guztira: ibilbide bakoitzak dagokion informazio panela izango du ibilbidearen hasieran eta bertan ibilbidearen mapa, luzera, iraupena, zailtasuna eta beste hainbat informazio baliagarri jaso dituzte.

"Gipuzkoa mailan landa edo baserri paisaia gutxi egongo da hemen bezalakorik", esan du Larruskainek. Balore handia du beretzat paisaia horrek eta horregatik esan du ez zaiola zaila egin sormen lana. Ibilbide bakoitzeko panel bana diseinatzeaz gainera, Ezkeltzun eta Atxulondon panel interpretatibo bana jarri du, ingurune esanguratsu horietako zehaztapenak emanez.

      • PR-Gi 117 Zizurkilgo erreka eta mendiak
        • Ezaugarriak: Ibilbide zirkularra. 11,1 kilometro. 4 orduko iraupena. 585 metroko desnibela. Zailtasun altua.
        • Ikustekoak: Ibilbidea herriguneko Pello Mari Otaño plazan hasi eta amaitzean da. Baserri batzuk zeharkatu eta gero, ibilbidea Salobietaerrekaren ibarretik igarotzen da. Zizurkilgo ekialdeko muga lerroa errekak markatzen du. Bideak gero, urbazterretik gora jotzen du, baso ingurunean zehar murgilduz. Bideak Eskeltzu mendiaren magalera eramaten du, eta bertatik beherako pista hartuta, Zarateko Benta pasoko lekura iristen da bisitaria. Handik distantzia laburrera Irizibarko karobia bisitatu daiteke. "Udala, Hernandorena eta bertako etxekoen artean lehengo erara berritu dugu eta bisitagarria da erabat", esan du Azkuek. Handik behera, baserrien arteko bideari jarraituz, hasierako puntura itzultzen da bidea, Pello Mari Otaño plazara.

    • SL-Gi 26 Ezkeltzuko larretan zehar
      • Ezaugarriak: Ibilbide motza. 3,4 kilometro. 50 minutuko iraupena. 127 metroko desnibela. Zailtasun txikia.
      • Ikustekoak: Ezkeltzu gainak ikuspegi dotorea erakusten du. Otez eta sasiz beteta zeuden jabego txikiak elkartu eta Zizurkilgo garaiko udalak bideratuta, mendia txukundu eta belaze bihurtu ziren paraje horiek, herriko baserritarren uda parteko larre leku bilakatuz. Peruazkarateko aparkalekutik abiatuta, ordubete inguruko buelta antolatu dute, "familia giroan egiteko". Handik, itsasoa ikusteaz gainera, Gipuzkoako mendi asko ere bistaratzen dira.  Sarobe harri bat edota elur zuloa ikusi daitezke ibilaldi honetan.

  • SL-Gi 27 Atxulondo bira
    • Ezaugarriak: 4,3 kilometro. Ordubete eta 10 minutuko iraupena. Zailtasun txikia.
    • Ikustekoak: Toki "magikotzat" dute zizurkildarrek Atxulondokoa. Urrutien dagoen herriko tokia da, ingurune naturala. Atxulondoko burdinolarako bidean Neolitiko garaiko trikuharri bat bisitatu daiteke. Bidegurutze garrantzitsu batean dago kokatuta. Handik iritsi daiteke Atxulondoko burdinola zenaren arrastoak dauden tokira. XV. mendeko burdinola zen. Bere garaian industriagune garrantzisua. Ura, basoa, garoa, goroldioa, burdinolako pareta zaharrak... "Isiltasuna da nagusi orain baina bere garaian, mailu hotsak ziren nagusi bertan".

Argazkia: Hernandorena kultur elkartea

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!