Tolosaldeko mendi ibilbide homologatuen gida argitaratu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 18a, 11:39

Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak eskualdeko mendi ibilbide homologatuen (SL, PR edo GRak) gida argitaratu berri du. Iraupen eta zailtasun anitzeko 31 ibilbide jaso ditu mapan eta Turismo Bulegoan eskuratu ahal da, doan. 

Behar bezala seinaleztatutako 31 mendi-bideren inguruko informazioa jasotzen du esku orriak, guztiekin osatutako mapa batekin batera: deskribapen laburra, distantzia, zailtasun-maila, iraupena eta malda, esaterako. Ibilbide guztiek hasieran informazio panel bat dute, eta marra txuri-berde, txuri-hori edo txuri-gorriekin markatuta daude, zailtasunaren arabera. Guztietan balio natural, paisajistiko, etnografiko edo historikoak aurkitu ahal izango dira, eskualdea ezagutzeko aitzakia ezin hobea direnak.

Tolosaldeko udalek diseinatu eta markatutako ibilbideak dira gehienak, Aralarko Parke Naturaleko ibilbideak eta etapetan egiten diren GRak izan ezik, azken horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak baitira. 15 herrik sortu dute, hain zuzen, eskaintza zabal hau.


Oinarrizko informazioaz gain, esku orrian bideen gogortasun tekniko nahiz fisikoa baloratzeko mendizaleek erabiltzen duten MIDE komunikazio sistemaren arabera ere sailkatuta ageri dira ibilbideak. Lau ezaugarri –ingurunea, ibilbidea, ibilaldia eta ahalegina– hartzen dira kontuan, bakoitzari 1etik 5erako puntuazio esleituz. Segurtasuna bermatzeko eta ingurunea errespetatzeko hainbat gomendio ere jasotzen ditu.

Gidak Tolosako Plaza Zaharrean dagoen Tolosaldeko Turismo Bulegoan eskuratu daitezke. Hala ere, ibilbide gehienen informazioa Tolosaldea.eus webguneko mendi ibilbideen atalean nahiz Tolosaldea Turismoak duen Wikiloc-eko kontuan dago, nahiz eta momentu honetan, falta diren mendi ibilbideen informazioa osatzen ari diren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!