Hiruzpalau familia topatu nahi dituzte Oporrak Bakean programarako

Ataria 2022ko martxoaren 24a

Saharako ume bat udan etxean jaso nahi dutenek Zizurkilgo Udalera hots egin beharko dute, 943 69 10 12 telefonora.

Azken bi urte hauetan, pandemia medio, saharar umeek ez dute Euskal Herrira etortzeko aukerarik izan eta aurtengo udan 8 urteko umeak iritsiko dira eskualdera. Tolosaldean 15 ume hartu nahi dituzte baina familia falta dago. Zizurkilen erronka jarri dute eta bizpahiru famili lortzeko helburua jarriko dute.

Programa honen bitartez, haur sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatu kanpamentuetatik kanpo pasatzeko aukera izaten dute, eta familia euskaldunek aukera izaten dute Saharar herria lagundu eta beste kultura batekin elkarbizitza egiteko.

Harrera programa honen helburuak eman dituzte ezagutzera Zizurkilgo Udaletik:

  • Umeak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea (udan 50 gradu baino gehiagoko tenperaturak, harea ekaitzak…).
  • Haurren osasuna hobetzea elikadura orekatu baten bitartez, egunean bost otordu eginez, elikagai fresko, barazki, fruta, proteinak eta abar hartuz.
  • Oinarrizko osasun azterketak egin eta kanpamentuetan antzeman edo tratatzea zaila diren gaitzak artatu: ikusmen eta entzumen arazoak, hortzetako gaitzak…
  • Haur sahararrek kultura eta hizkuntza berriak eta errefuxiatu kanpamentuetakoa ez den beste errealitate bat ezagutzea.
  • Mendebaldeko Sahara eta Saharar herriaren egoeraren bueltan euskal herritarrak sentsibilizatzea.
  • Gizarte sahararra eta gizarte euskaldunaren arteko harremana sustatzea.

Oporrak Bakean programan parte hartu nahi dutenek Zizurkilgo Udalera hots egin beharko dute informazioa lortu eta izen emateko: 943 69 10 12. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!