Eskeltzu inguruan parke eolikoa jartzeko ekimena abiatu dute

Ataria 2022ko ots. 26a, 10:47

Lau aerosorgailu jartzeko aurretiazko administrazio-baimena eskatu du enpresa batek, osteguneko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu denez. Zizurkilgo Udala, proiektuari alegazioak prestatzeko lanean ari da eta dagoeneko bildu da Eskaltzu-gain elkarteko kideekin.

Zizurkilgo Udalak jakinarazi duenez, Eskeltzu inguruan parke eolikoa jartzeko eskaera egin du enpresa batek. Osteguneko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen baimen eskaera.

"Green Capital Development XLIV SLU" izeneko enpresak bideratu du eskaera. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko iragarkiak ohartarazten duenez, 4 aerosorgailu eraikitzeko aurretiazko administrazio-baimena eskatu du. Horietako 3, Zizurkilgo lursailetan egongo lirateke, eta beste bat Usurbilgo lurretan. Guztiak ere, Eskeltzu eta Andatza inguruan. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean enpresak egindako baimen eskaera argitaratu zen ostegunean eta hogei eguneko tartea zabaldu zen konkurrentziarako. "Hogei egun horiek igaro ondoren jakingo da proiektuak zein forma hartzen duen", esan dute udaletik. Bitartean, udal teknikariak txostenak prestatzen ari dira, proiektuari alegazioak aurkezteko.

Zizurkilgo Udalak enpresa honen asmoaren berri izan zuen duela hilabete inguru. Ekimenaren berri jaso bezain laster, bilera deitu zuen Eskaltzu-gain elkarteko kideekin, udalaren esku zegoen informazioa emateko. Proiektuaren inguruko informazio gehiago jaso ahala, batzarrak deituko dituela iragarri du udalak, "herritarrak uneoro jakinaren gainean egon daitezen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!