Zizurkilgo Udalak asteburuetako gertakariak salatuz oharra kaleratu du

Ataria 2021eko azaroaren 29a

Festa «zentzuz» egiteko eskaria luzatu du eta babesa adierazi die Elbarrena erdiguneko bizilagunei.

Bando baten bidez Zizurkilgo Udalak azken hilabeteotako asteburuetan Elbarrenako erdigunean eta inguruetan gertatu direnak salatu ditu. Aipatu duenez, bizilagunen deskantsua oztopatu eta txikizioak eragin dituzte Joxe Arregi plazako estalpea bilgune bezala hartu duten hainbat gazte taldek. Festa «zentzuz» egiteko eskaria luzatu du eta babesa adierazi die Elbarrena erdiguneko bizilagunei.

Pandemiaren inguruko neurriak arintzen hasi zirenean, eta oraindik tabernak gauez itxita zeudela, hainbat gazte taldek Joxe Arregi plazako estalpea bilgune gisa erabiltzen hasi zirela aipatu du udalak. «Itxialdi luzearen ostean, ulergarria da elkartzeko gogoa izatea, baina berehala hasi ziren arazoak: Goizaldera arte eurek ekarritako bafleekin musika jarri eta herri altzarien lehen txikizioak eman ziren». Udalak esan du, geroztik, asteburu ugaritan galarazi zaiela bizilagunei deskantsua eta kalteak eragin direla herrian: «Herri altzariak hondatu, etxebizitzetara gauzak jaurti, kaleetako 20 seinale baino gehiago hautsi, argi indar koadroaren atea ere behin baino gehiagotan lehertu dute horrek dakarren arriskuarekin...».

Eragile ezberdinekin harremanetan dago udala gertatzen ari dena aztertzeko. «Herri txikia gara, Zizurkilgo Udalak ez du bitartekorik larunbat gauetan gertatzen dena kontrolatzeko. Baina herri txikia izateak ez du esan nahi edozer gauza onartu behar dugunik». Bandoan aipatu du ulertzen eta babesten duela elkartzeko eta ondo pasatzeko gogoa izatea, «baina inola ere ez bizilagunak jasaten ari direna eta txikizio ulertezin hau». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!