Giro onean doa Aiztondoko Gazte Eguna

Ataria 2021eko azaroaren 20a

Aiztondoko Gazte Asanbladak antolatuta, Gazte Eguna ospatzen ari dira Zizurkilen; egun osoko egitaraua antolatu dute 'Antolakuntza helburu, gazte langileok batu' lelopean.

Antolakuntza on bat oinarri izanik, bailarako gazte oro, langile nahiz langabetu, Zizurkilen elkartzea zen Aiztondoko Gazte Asanbladak gaurko egunerako jarritako helburua. "Pandemiaren eraginez, gazteak nahikoa isolatuta egon gara azken hilabeteetan, eta beraz, bestelako ekintza batzuen bitartez elkarrekin egon gaitezen antolatu dugu eguna", adierazi dute.

Giro oso onean igaro dira goizeko ekintzak. Batetik, 20 bat lagunek hartu dute parte street bolder txapelketan; bestetik, Aiztondoko Gazte Asanbladaren eta bestelako mugimendu politikoek izandako ibilbideak azaltzeko hitzaldian ere gazte ugari batu da.

Eguerdian, berriz, ia 50 gazte elkartu dira Joxe Arregi Plazan egin duten bazkarian; ondoren, bingo musikatua egin dute. Une honetan, Distopia elektrotxaranga herriko kaleak girotzen ari da; gauean, berriz, BassAgain soinu sistema eta No te Crew taldea izango dira bertan.

Asanbladako kideen iritziz, Gazte Eguna "aitzakia ona" izan ohi da bailarako gazteak erakartzeko, baina batez ere, Aiztondoko Asanbladaren berri gertuagotik izateko. "Batik bat, antolakuntzara batu daitezen nahi dugu", nabarmendu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!