Irakurzaletasuna bultzatzeko Maria Moliner XX. Kanpainak 50.000 biztanletik beherako udalerrietako liburutegietan garatutako irakurmena dinamizatzeko 310 proiektu saritu ditu. Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak finantzatzen du kanpaina, orotara 700.000 eurorekin. Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiak aipamena jaso du sariketan eta jasotako saria funts bibliografikoa eskuratzeko erabiliko dutela jakinarazi du Arantxa Zabala Artola liburuzainak.
Zein helbururekin antolatzen dute Maria Moliner lehiaketa?
Maria Moliner prestigio handiko sariketa bat da, estatu mailan antolatzen dena eta 50.000 biztanletik beherako udalerrietako liburutegiek dute aukera bertara aurkezteko. Aurten lehen aldiz animatu gara parte hartzera eta oso kontentu gaude jaso dugun aipamenarekin. Espainia osoko 750 liburutegik aurkeztu dituzte euren proiektuak eta 122. lekuan geratu da Plazida Otaño. Pozik gaude.
Euskal Herriko liburutegi askok eman dute izena?
Bai, badira batzuk izena ematen dutenak eta ia urtero sarituak izaten direnak. Pena ematen dit denak gogoan ez edukitzea, baina Nafarroako Vianakoa dut gogoan, edota Bizkaiko Elorrioko edo Muskizko liburutegiak. Hemen Gipuzkoan Eibarkoak ere jaso du aipamena.
'Nekeetan irria ezpainetan' proiektua aurkeztu zenuten lehiaketara. Zein helburu ditu proiektuak?
Izen horrekin laburbildu genituen apirila inguruan gauzatu genituen hainbat ekimen. Ikusita pandemiak hilabeteotan jendartean sortu duen apatia eta ondoeza, umore pixka bat sartzea komenigarria izango litzatekeela pentsatu genuen. Besteak beste, Ane Labakaren Algara mutilatuak liburua aztertu genuen irakurle taldean; Motxila ibiltarian jasotako umeen lanekin erakusketa bat ere antolatu genuen. Giuseppe Arcimboldren koadroak imitatzen zituzten irudiak prestatu zituzten umeek, barazki eta frutekin. Eta horren harira Kontalari2 taldeak irudi horiek erabiliz Plazidaren baratza ipuina kontatu zuten; Iraitz Lizarragak beste ipuin kontaketa bat egin zuen zirkua oinarri hartuta. Hori eta beste zenbait gauza ere antolatu genituen eta Nekeetan irria ezpainetan izena eman genion proiektuari. Egitasmo horri esker jaso dugu Maria Moliner sariketako aipamena.
«Beti ari gara buruari eragiten, irakurzaletasuna bultzatzeko zer egin ote dezakegun pentsatzen»
Prestigioaz gain jaso al duzue bestelako saririk?
Bai. Esku dirutan ere ematen dute kopuru bat. Gure kasuan 2.014 euro izan dira. Baldintza batekin ematen dute: liburuak erosteko edo harpidetzak egiteko erabiltzea diru hori. Kopuru hori inbertsio bezala erabiltzea eskatzen digute. Ondo etortzen da funtsa berritzeko, urtean izaten dugun aurrekontua urte amaierarako ia agortuta izaten dugulako. Orain Durangoko Azokarako argitaratuko diren liburu berrietan gastatzeko aukera izango dugu.
Aurrera jarraitzeko motibagarria izan da?
Bai. Dirua baino gehiago bide honetan jarraitzeko ematen digun motibazioa da garrantzitsua. Animazioan jarraitu eta ideia berriak ekartzeko bultzada ematen digu sariak. Erronka asko dauzkagu esku artean eta horiei aurre egiteko indarra ematen digu.
Irudimen asko eskatzen al du irakurzaletasuna bultzatzeak?
Bai. Irene Urruzola lankideak eta biok talde ona osatua dugu eta ilusio horrekin erraza da ideiak etortzea. Beti ari gara buruari eragiten, irakurzaletasuna bultzatzeko zer egin ote dezakegun pentsatzen.
Aurrera begira zein beste proiektu daukazue?
Liburutegien Nazioarteko Egunaren harira, aurreko asteburuan Divinas elkarteak antolatutako ipuin kontaketa saioa izan genuen eta gero trentza tailerra egin genuen liburutegian bertan. Astelehenean hiru dimentsioetan ikusi ahal izateko oihaneko animalien irudiak prestatu genituen umeentzako. Aste honetan hasi dugu euskarazko irakurle taldearen aldi berria eta Oihana Iguaran amasarra ariko da hemendik aurrera hilean behingo saioak dinamizatzen. Tarteka, saio horietara, idazlea gonbidatzeko asmoa ere badugu. Motxila Ibiltaria ekimenarekin ere aurrera jarraitzen dugu eta hiruhileko honetan umeek superheroi bat eta heroi horrek duen boterea asmatu beharko dituzte. Gero, Oihana Iguaranek eta Maria Altuna ilustratzaileak elkarrekin prestatu duten Plazida Otañoren bizitzari buruzko Plazida oihartzunaren plaza ipuin ilustratua inprentan dago eta aurki aurkeztu ahal izango dugu herrian. Mila ale aterako ditugu.