ERREPORTAJEA

Irakurzaleak txikitatik sortzen dira

Jon Miranda Labaien 2021ko urr. 29a, 07:57

Ibarrako liburutegiaren ataria, bertan egiten dute astean behin bitartekarien irakurketa kluba. ATARIA

Liburutegien Nazioarteko Egunaren harira, Ibarrako liburutegian duela hilabete batzuetatik martxan duten bitartekarien irakurketa klubean egiten duten lana aztertu nahi izan du Ataria-k. Imanol Mercero aritzen da saioa dinamizatzen eta 2 eta 16 urte bitarteko gaztetxoen artean irakurzaletasuna bultzatzearen garrantziaz jarduten dira bertan.

Urriaren 24an ospatzen da urtero Liburutegien Nazioarteko Eguna. 1997an sortutako ekimena da, gizartea irakurketaren garrantziaz kontzientziatzeko eta liburuzainen lana omentzeko. Data horrek, 1992. urteko urriaren 24ari egiten dio erreferentzia, Balkanetako gerran Sarajevoko liburutegia suntsitu zuten egunari, alegia. 

Irakurzaletasuna bultzatzeko ekimenak aurkezteko baliatzen dute nazioarteko eguna liburutegiek eta baita dagoeneko egiten dituzten lanak hauspotzeko. Ibarrako udal liburutegian, esate baterako, bitartekarien irakurketa kluba jarri dute berriro martxan hilabete honetan. 2 eta 16 urte bitarteko haurrei eta gazteei bideratzen zaien literaturaz hausnartzeko taldea da eta Imanol Mercerok (Pasaia, 1969) gidatzen du. «Ibarrako kultura zinegotziak eta biok elkar ezagutzen dugu aurretik eta gai honekin zerbait egin nahi zutela esanez gerturatu zitzaidan. Planteamendua egin eta orduan hasi genuen ekimena», esan du Mercerok.

Asteazkenetan biltzen da bitartekarien irakurketa kluba Ibarrako liburutegian, 18:00etatik aurrera. Gurasoak gerturatzen dira gehienbat, baina baita irakasle eta liburuzainak ere. «Haur literatura aipatu eta umekeriei buruz ari garela iruditzen zaie zenbaiti. Uste dut gai hauetan interesa piztea kosta egiten dela eta bozgorailu falta handia dagoela», aipatu du Mercerok.

Haur eta gaztetxoei bideratutako liburuen azterketa egiten dute klubean parte hartzen duten taldekideek, eta hasierako iruzkin hori entzun ondoren, liburuaren gainean elkarrizketa sortzen da klubean. «Nik laguntzen diet liburuak aukeratzen eta zerrenda zabala eskaintzen diet, beti ere genero ezberdinak kontuan hartuta. Gero badaude liburu tekniko batzuk, oso komenigarriak eta publiko orokorrarentzat baliagarriak direnak eta horiek aletzea nire lana izaten da».

Dena den, klubean parte hartzen duten herritarrei liburuak zerrendatuta ematea baino nahiago izaten du Mercerok kideei erremintak eman, eurak jabetu daitezen esku artean hartzen duten liburuak zein balio duen. «Batez ere saiatzen naiz transmititzen liburua ez dela sufritzea edo izerditzea, liburu batera gerturatzen garen guztiak gozamena dugula helburu. Irakurketa klub honetan ere hori da helburu nagusia, ondo pasatzea, eta uste dut lortzen dugula, saio guztietan irribarretxo batekin ateratzen baikara».

Edozein obra literariok plazera eman diezagukeela defendatzen du irakurketa klubeko gidariak eta ez da literatura mota ezberdinen artean sailkapenak egitearen zalea. «Haur eta gazteentzako literatura, hutsala edo sinplea denaren ustea izan dezake jendeak, baina ez da egia. Besterik gabe, parametro jakin batzuetan sortutakoa da, baina edozein obren antzera irakurleari plazera ematea du helburu».

Bitartekarien garrantziaz

Irakurketak badu gaitasun tekniko baten beharra eta hori etxean bezala eskolan landu daiteke. Merceroren ustez, gaitasun tekniko horretan laguntzeaz aparte, bitartekariaren figurak aukeraketan lagundu behar dio haurrari: «Umearen eta munduaren artean bitartekaria dago eta hark erakutsi behar dio liburutegirako bidea edo liburu dendarakoa. Gaztetxoarei erakutsi behar dio denbora fisikoa kudeatzen eta egunero tarte bat hartzen irakurketarako. Oso modu utilitarioan ikusten dugu askotan bitartekaria eta askotan ahaztu egiten zaigu liburu batekin zenbat goza dezakegun transmititzea dela garrantzitsuena». 

Umeak liburuetara gerturatzeko errezeta magikorik ez dagoen arren, Mercerok uste du irakurlea izango den pertsona hori ez abandonatzean dagoela giltza. «Gehienbat 6-7 urterekin letrak dominatzen hasten direnean eta umea irakurtzeko gai dela ikusten dugunean inertziaz abandonatu egiten ditugu. 'Tori liburua eta irakurri' esaten diegu eta bakarrik uzten ditugu». Horri erremedioa jartzeko, umearekin, umearentzat eta umearen aurrean irakurri beharra dagoela dio irakurketa klubeko dinamizatzaileak. «Ez da nahikoa irakurtzen jakitea, irakurtzen ari zaren horri zentzu bat eman behar diozu. Haurra irakurtzen ari denean gu bertan egotea garrantzitsua da, akonpainamendua deitzen zaion hori egitea. Txandaka irakurri dezakegu berekin. Eta heldu garen heinean, irakurri behar dugu haien aurrean, etsenplua eman behar diegu, ikusi behar gaituzte irakurtzen; Normalizatu egin behar den jarduera da irakurketa, ez dezaten irakurtzea eskolarekin bakarrik lotu».

Argi du adin jakin batzuetan irakurtzeko gaitasunean egin beharra dagoela bultzada. «Alfabetatzea deitzen diogun hori egin behar da. Irakurtzen ondo ikasi beharra dago, gure pentsatzeko modua eta gure bizitzeko modua asko baldintzatuko duelako horrek. Irakurtzen dakienak, liburuak maneiatzen ikasten duenak, aurrera egingo du eta bere burua kokatuko du mundu honetan. Gaitasun hori eskas garatzen duenak, bere burua gizarteko bazterrean egotera kondenatzen du».

Irakurri eta gozatzearen garrantziaz ohartarazita urrian abiatu dute Ibarran bitartekarien irakurketa klubaren hirugarren txanda. Abendura bitartean izango dituzte saioak astean behin eta bertan parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera eta informazio zabalagoa izango dute Ibarrako liburutegian.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!