Artisautza berreskuratzeko saioa

Ataria 2021ko urr. 6a, 11:59

Zurjole elkarteko kideek bost postu jarriko dituzte azoka berezian; Galtzear dauden ofizioak berreskuratzeko ahalegina egiten dute Donostian kokatutako dagoen akademian.

Zurjole elkartean artisautza ofizioak berreskuratzen ari dira 2015. urtetik. Daniel Lizarralde (Donostia, 1975) akademiaren bultzatzailearen iritziz, artisautzaren geroa kolokan dago, belaunaldi gazterik ez datorrelako atzetik. «Diziplina asko kolokan daude erreleborik ez delako ikusten. Baina nola nahi dugu jende gaztea erakarri ofizio hau hautatzen dutenek nekez atera badezakete bizimodua?». Egoerari buelta emateko asmoz sortu zuten Donostian Zurjole akademia eta gaur egun sei irakasle dabiltza bertan. Aurtengo ikasturtean 52 ikaslek eman dute izena.

«Maisu eta aprendizaren arteko bidean sinesten dugu. Gazteak trebatu nahi ditugu mundu profesionalean bidea egin dezaten. Ofizio hauek betirako desagertu baino lehen jakinduria hori partekatzea izan zen gure helburua Zurjole sortu genuenean», esan du Lizarraldek. Eman dituzte urratsak norabide horretan: erremonteko xisterak egiten ikasi du akademiako ikasle batek eta gaur egun Hernaniko Galarretan dabil lanean.

Zur taila, otarregintza, puntua, erremonteko xisterak, aulkien ehungintza... galtzear dauden ofizio zaharrak berreskuratzen dabiltza Zurjolen. «Aulkiak ehuntzen Gipuzkoa osoan gu bakarrik gabiltza». Langintza hauetara jendea gerturatzeko ahaleginarekin gustura dago Lizarralde: «Ikasturte berrian jende askok eman du izena. Badirudi konfinamenduan jendeari zerbait egiteko gogoa sartu zaiola eta bere eskuekin lanean hasten denean ondo sentitzen dela».

Azkeneko urte eta erdian pandemiaren eraginez, bertan behera geratu dira festa giroko azoka eta salmenta puntuak eta horrek eragin die herriz herri dabiltzan artisauei. «Lehen ere kolokan zegoena orain aukera gabe geratu da. Guk, dena den, krisialdi hau aukera bat bezala ikusten dugu eta jendearengan sortu den joera berri hau, artisau ofizioak berpizteko bidea dela uste dugu», aipatu du Lizarraldek. «Jendeak azoketara joan nahi du eta guk eskainitako lanak merke erosi nahi ditu, baina gure egitekoa ere bada gure artisautza produktuen atzean dagoen balioa ezagutaraztea. Jakingo balu jendeak zenbat denbora pasatzen dugun pieza bakoitza egiten, seguru nago artisauok beste begirune bat izango genukeela gizartean».

Eskuz egindako lanei balioa ematen jarraitu nahi dute Donostian kokatuta dagoen akademian. Bertan aritzen diren ikasle eta irakasleek bost postu jarriko dituzte igandean Zizurkilgo azoka berezian: zur taila, aulkien ehundura, puntua, otarregintza eta eskulanak izango dira ikusgai eta salgai.

HERRIKO LAU ARTISAU

Artisauak gonbidatzeko geroz eta zailtasun handiagoak dituztela nabarmendu du Ainhoa Larrea kultura teknikariak eta horregatik eskertu du Zurjole elkarteko kideek emandako laguntza. «Pixkana ofizioak galtzen ari dira, eta aurten, esate baterako, beira landuko duen artisaua Logroñotik ekarriko dugu eta Madrilera jo behar izan dugu hargin baten bila». Tradizionalak diren ofizioak berreskuratu eta jendeari erakusteko Zurjole bezalako ekimenak begi onez ikusten ditu Zizurkilgo Udalak.

Dinagu emakume sortzaileen kolektibokoak ere izango dira azoka berezian eta herriko artisauek izango dute beren txokoa. Besteak beste, Juani Alkorta eta Luixi Goikoetxearen eskulan eta bitxiak, Dario Artetaren olio eta motxilak eta Patxi Otegiren eskulturak izango dira ikusgai. 17 artisautza postu izango dira guztira eta kosmetika, zeramika, ilustrazioak, egur tailak eta eskulturak ekarriko dituzte Intxaur pilotalekuan jarriko duten gunera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!