Meloren izena eta izana

Jon Miranda Labaien 2021ko ira. 8a, 08:00

Elbarrenako festetako ikur den melokotoia protagonista hartuta ipuin liburua kaleratu dute Izaro eta Iraitz Lizarragak; Gaur herriko umeen artean banatu eta bihar aurkeztuko dute Joxe Arregi plazan

Betiko edertasun kanonetatik apartekoa da Melo. Herrikoia da, parte hartzailea, alaia eta festazalea. Errespetuzko jarrerak bultzatzen ditu Elbarrena festetako pertsonaia nagusiak. Horrela irudikatu nahi izan dute Iraitz eta Izaro Lizarragak Pli-Pla! ipuin liburuan. Bihar 11:30ean aurkeztuko dute jendaurrean Joxe Arregi plazan.

Aurten, osasun egoerak horretara behartuta, ez da Elbarrenako festarik izango Zizurkilen. Festa batzordeak hutsune hori betetzeko, jaien ikur den melokotoia ardatz hartuta ipuin liburu bat osatzea proposatu zien egileei duela ia urtebete. «70eko hamarkada bukaeran blusen kuadrilla batzuk jaiak herritartzen hasi zirenean ekitaldi asko asmatu zituzten eta horietako bat melokotoiaren entierroa izan zen. Lau eguneko festa amaitzeko, hileta bat antzeztuz, fruitua bera lurperatzen zuten plazan inguruan. Urte batzuk beranduago festa batzordeko kideok melokotoiaren irudia berreskuratu eta indartu egin genuen eta orduan etorri ziren maskota, zapietako irudiak eta Melo buruhandia», esan du Iraitz Lizarragak.

Orain Pli-Pla! ipuinarekin izaera batekin identifikatu eta irudi batekin lotu nahi dute Melo, «gorpuztu egin da», esan du Izaro Lizarragak. Elbarrenako festetako hainbat ekintzetan kokatu dute pertsonaia: «Mila momentu daude festetan eta batzuk aukeratu ditugu guk. Nahiz eta saiatu begirada zabaltzen, guretzat bereziak direnak dira jaso ditugunak».

FESTEN TRANSMISIOA ARDATZ

Belaunaldi gazteagoen artean festen transmisioa bermatzeko bultzatu du argitalpena festa batzordeak. Pli-Pla! liburuaren 1.000 ale argitaratu dituzte eta 200 inguru herriko hiru ikastetxeetan aritzen diren 2 eta 12 urte arteko ikasleen artean banatuko dituzte gaur. Beste 200 ale udalak erosi ditu herrian erroldatzen diren herritarrei harrera egiterakoan oparitzeko. Gainerakoak euro batean truke jarriko dituzte salgai egunotan.

Iraitz eta Izaro Lizarraga lehengusuak dira, kuadrilla berekoak eta biak festazaleak. Orain arte, ordea, sekula elkarrekin lan egin gabeak ziren. «Oso emankorra izan da prozesua. Ipuina pixkana eraiki dugu, elkarrekin, inongo presiorik gabe. Esan beharra dago festa batzordeak askatasun osoa eman digula ipuina sortzerakoan», esan du Iraitz Lizarragak.

Testua Iraitzek sortu du eta irudiak Izarok asmatu ditu. «Koadernoan eskuz egin ditut marrazkiak eta itxura hori mantentzen saiatu naiz. Niretzat erronka izan da digitalizazio prozesu hori, baina konforme nago emaitzarekin». Iraitz Lizarragaren iritzian ipuin «jostagarria eta dinamikoa» osatu dute. Onomatopeia ugari sartu dituzte eta liburuaren izenburuak festetako beste une garrantzitsu bati, txupinazoaren unean etxafuegoak egiten duen soinuari egiten dio erreferentzia: Pli-Pla!

Bihar, 11:30ean, Joxe Arregi plazan «jolasean eta solasean» aurkeztuko dute ipuin liburua eta udal bulegoetan izena eman duten haurrek hartu ahal izango dute parte bertan. Bi urte dira Elbarrenako festak normaltasunez ospatzen ez direla. Haria ez da eten, ordea, eta Pli-Pla! liburua da horren erakusgarri.

Bihartik aurrera Zizurkilgo festa batzordeak Meloren kultur asteburua antolatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!