ERREPORTAJEA

Indusketak, boluntarioen eskutik

Irati Saizar Artola 2021ko uzt. 9a, 07:57

Hamabi boluntario dabiltza egunotan Saseta defentsa sisteman indusketak egiten; Aranzadi zientzia elkarteak antolatzen dituen auzolandegietan ari dira parte hartzen, eta uztailaren 18a bitarte egingo dute egonaldia; bihar, bailarako herritarrek, egiten ari diren lana bisitatzeko aukera dute.

Aurten ere martxan da Saseta defentsa sistemako auzolandegia. Astelehenean eman zieten hasiera egonaldiari, eta uztailaren 18a bitarte luzatuko dute. Indusketak egitea dute helburu, zehazki, Zizurkilgo Eskaltzuko lursailetan identifikatuta dagoen trintxeran ari dira lanean. Manex Arrastoa zizurkildarra ari da koordinatzaile lanetan, eta azaldu duenez, iaz, gune horretan zundaketa bat egin zuten, eta ikusi zuten interesgarria izan zitekeela bertan lan egitea.

Auzolandegietako parte hartzaileak Zizurkilen Esti Amenabarro eta Leire Padillaren hitzaldiaren aurretik. J. MIRANDA

Aranzadi zientzia elkarteak antolatzen ditu auzolandegiak, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraulgo udalen laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendaritzarekin.

Auzolandegietan boluntarioak izaten dira protagonista. Aranzadik udaro eskaintzen ditu indusketa arkeologikoetan parte hartzeko aukerak, eta tartean dira Saseta defentsa sistemako auzolandegiak. Aurten, guztira hamabi boluntario ari dira parte hartzen: «Lehen astean hamaika ari dira, eta datorren astean horietako bat joan egingo denez, ordezko bat etorriko da». Pandemia dela eta, aurten, parte hartu dutenak Hego Euskal Herrikoak izan dira, Arrastoaren esanetan, «mugikortasun neurriak alda zitezkeenez, mugatzea erabaki dugu». 18 eta 30 urte artekoek izaten dute parte hartzeko aukera, eta inoiz gurasoen baimenarekin adin txikikoren bat etorri bada ere, aurten, adinez nagusi direnak bakarrik ari dira egonaldian parte hartzen. 

Asteasuko Pello Erota ikastetxean ari dira gauak pasatzen eta otorduak egiten. «Aurkitutako materiala ere bertan garbitzen dugu», gehitu du. Goizero, gosaria prestatu behar dutenak 07:30ean jaikitzen dira, eta gainerakoak 08:00etarako prest izaten dira gosaltzeko, zerbait jan ostean, mendira joaten dira indusketarekin jarraitzera: «Eguraldiaren arabera, eguzkiak gogor jotzen badu, goizago igotzen gara mendira, gero goizago jaisteko».

Landa eremuan egiten ari diren lana Julien Blanco arkeologoaren gidaritzapean burutzen ari dira. 2015ean iritsi zen lehen aldiz Saseta defentsa sistema ezagutzera, Aranzadin praktikak egiten ari zela, eta 2017tik aurrera arkeologo lanak egin izan ditu. 2018an, Alba Peñarekin batera aritu zen, eta azken urteetan bakarrik zuzentzea egokitu zaio. Monitore lanak egiten, berriz, Joanes Karrera billabonatarra ari da.

Ikasteko egonaldia

Helburu bat baino gehiago dute auzolandegiek, Arrastoaren arabera: «Defentsa posizioak industera etortzen dira boluntarioak eta honelako egiturak nola industen diren ezagutzeko aukera izaten dute; metodologia ezberdinak erabiltzen dira kronologia ezberdinetan eta hori ere ikasten dute, edota aurkitzen duten materia nola indusi eta nola tratatu». Arkeologiarekiko interes berezia dutenak izan ohi dira boluntario gehienak, zizurkildarrak esan duenez, «36ko gerrako testuinguruak erakartzen ditu asko». Hala ere, interesa duen edonor apuntatu daitekeela gogorarazi du.

Bestalde, indusketez gain, bi asteetan zehar hitzaldiak edota irteerak ere prestatzen dituzte. Esaterako, bihar, bailarako herritar guztientzat zabalik izango den bisita dute prestatuta. 11:10ean Peuskateko gunean, Zaratetik Andatzara doan bidean jarri dute hitzordua, bertatik indusketa eremura joan, eta 11:30ean bisita egiteko. «Bailarako herritarrek ikustea nahi dugu zer den egiten ari garena, eta bere garaian eremu horietan zer gertatu zen», esan du Arrastoak.

2013an hasi ziren indusketa lanak egiten Saseta defentsa sisteman. Aurten ere lan horretan ari dira, uztailaren 18a bitarte. «Datorren asteko ostiral edo larunbatean izango dugu lan egiteko azken eguna, eta gero garbiketa lanak egiteko aprobetxatuko dugu azken eguna».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!