ELKARRIZKETA

«Ezin da utzi pasa izan ez balitz bezala»

Jon Miranda Labaien 2021ko uzt. 9a, 07:58
Esti Amenabarroeta Leire Padilla joan den asteazkenean Plazida Otaño liburutegian eskaini zuten hitzaldiaren aurretik. J. MIRANDA

Saseta defentsa sistemaren inguruan antolatu dituzten auzolandegien barruan Memoria historikoa eta gertuko memoria Amasa-Villabonan hitzaldia eskaini zuten Esti Amenabarro Iraola eta Leire Padilla Lopez ikerlariek, asteazkenean Zizurkilgo Pladia Otaño liburutegian.

Amasa-Villabonan azken hamarkadetan izandako giza eskubideen urraketak ikertzen ari da Aranzadi zientzia elkartea. Lantalde zabalago baten barruan ari da Leire Padilla Lopez (Amasa-Villabona, 1994) kriminologoa. Ikerketa zientifikoaren bidez, Amasa-Villabonan izandako gertakariak eta bertako biktimen lekukotasunak jaso eta plazaratuko dira. Horretarako aurretik Aritza kultur elkarteak egin izan duen lana izango dute abiapuntu. Esti Amenabarro Iraolak (Amasa-Villabona, 1974) bultzatu zuen memoria historikoa berreskuratzeko ekimena. Padilla eta Amenabarro asteazkenean aritu ziren Plazida Otaño liburutegian.

Zein alde dago memoria historikoa eta gertuko memoriaren artean? 

Leire Padilla: 36ko gerratik 60ko hamarkadara bitarteko epea izendatzeko erabiltzen dugu oroimen historikoa eta gertuko memoria, berriz, 60ko hamarkadatik gaurdainoko epea izendatzeko. Gure eskuetara iristen den dokumentazio guztia datu base batean sartu eta webgune batean bihurtzen dugu. Amasa-Villabonan eman ziren giza eskubideen urraketak jasota geratuko dira bertan. Amasa-Villabonan bezala beste hainbat herritan ere aritzen gara, hemen inguruan, Tolosan adibidez. 

Zein da zure egitekoa egitasmo honen barruan, Leire? 

Padilla: Nik, bereziki, artxiboetatik jasotako informazioa irakurri eta sailkatzen dut. Amasa-Villabonakoa den norbait edo Amasa-Villabonan urraketa bat jaso duen pertsona bakoitzeko fitxa bat irekitzen dugu eta urraketaren sailkapena egiten dugu: gertatu zeneko urtea, zeinen esku izan zen urraketa, non eman zen... Hori guztia ahalik eta zehatzen jartzen saiatzen gara, ahalik eta osoen, gero dokumentazioan urraketa bakoitzaren erreferentzia non topatuko duen jakin dezan webgunea kontsultatzen duenak.

Zurekin batera, zeintzuk osatzen dute lantaldea?

Padilla: Javi Buces da burua, eta nirekin batera, Karlos Almorza ere aritzen da, esate baterako. Sei bat lagun bagara taldean. Oroimen bulegoak ere zabaltzen ditugu herriz herri eta horien bitartez herritarren lekukotzak jasotzen ditugu. Gaur, Adunan, adibidez, nire lankide den Ione Zuloaga ariko da gai horren inguruan kultur aretoan. Memoria historikoa gaur egundik: arbasoen esanei tiraka izenburua eramango du saioak.

Amasa-Villabonan lanaren parte bat aurrez osatuta dagoela esan daiteke?

Padilla: Bai. Aritza kultur elkarteak lan ikaragarria egin zuen duela urte batzuk. Orain lan hori guztia irakurri eta aukera baldin badago osatzen ari gara gu. 

Nondik nora abiatu zenuten Aritza kultur elkartean oroimen historikoa berreskuratzeko lana?

Esti Amenabarro: Oroimen historikoa beti izan da nire kezketako batzuen oinarria. Iruditzen zait herri bezala etorkizuna marraztu nahi duen edozein herrik, atzera begiratzeko ariketa beharrezkoa duela. Guk bagenuen kezka hori eta bagenekizkien hainbat kontu Villabonako kaleetan kontatzen zirenak baina gero ofizialki inolako konstantziarik gabe geratzen zirenak. Historiaren inguruan kezka genuen hainbat pertsona bildu ginen eta hari horri tiraka egin genuen lana. Egia da udalaren sentsibilitate politikoak ahalbidetu zuela gure jarduna, erabaki politiko baten ondorioa izan zen, eta oso eskertuta gaude konpromiso hori egon zelako.

Lekukotza asko jaso zenituzten Aritza kultur elkartean?

Amenabarro: Herri guztietan daude kondairak, eta uste dut ikerketak ematen diela kondaira horiei kontrastea. Villabonako edozeinek badaki Barbe izeneko gizon ilun bat existitu zela edota abertzale izateagatik zenbait emakumek asko sufritu behar izan zutela. Kaleko istorioak istorio inportanteak dira baina ofizialtasuna eman behar zaie historiara pasa daitezen. Guk egin genuen lanak egia jakiteaz harago bazuen justizia egiteko asmo bat. Gerra bidegabeki irabazi zutenek idatzi zuten gerora historia eta hori izan zen guri eskoletan irakatsi zigutena.

Orain jarraipena izango du zuek Aritza kultur elkartean abiatu zenuten lanak?

Amenabarro: Bai eta oso eskertuta gaude. Gu ere Aranzadi zientzia elkarteari esker aritu izan ginen lanean bere garaian, Euskal Herrian erreferente zientifiko inportantea baita. Oroimen historikoa lehia politikoaz harago behar batean bihurtu da, hainbat familiek isilpean gorde behar izan zuten errealitatea azaleratu dezaten.

Padilla: Ados nago. Egia, justizia eta erreparazioa askotan esaten da. Baina hau guztia ez da duela hainbeste denbora gertatu eta ezin da utzi pasa izan ez balitz bezala. Nonbaitetik gatoz, eta gertatu zenaren berri jakitea da berme bakarra historia berriro errepika ez dadin.

Bereziki latza izan zen emakumeek gerra ondorenean jasan izan zuten errepresioa?

Amenabarro: Bai. Historia irabazleek idazteaz gainera, gizonezkoek idatzi dute eta emakumeen jazarpena ikaragarria izan zen. Oroimen historikoa berreskuratzeko ariketa hasi genuenean bistarazi zitzaizkidan beste hainbat herritar, nik jakin gabe, historiaren parte ere badirenak. Gure herriari buruz esan izan diren hainbat gauza ezeztatzen dituzten kontakizunak daude: oso herri borrokalaria izan da gurea eta emakumeek izugarrizko lana egin zuten. Hil edota ahotsik gabe utzi zituzten horien bozgorailu izaten saiatu gara Aritza kultur elkartean.

Amasa-Villabonan abiatu duzuen lanaren emaitza webgune bat izango da. Noizko egongo da prest?

Padilla: Aurten abiatu dugun eta pare bat urteko iraupena izango du lanak. Ahalik eta datu gehien sartzen saiatuko gara. Guztiz osatuta ez da sekula egongo baina ahalik eta informazio zabalena bildu nahi genuke bertan.

Erlazionatuak

Indusketak, boluntarioen eskutik

Irati Saizar Artola 2021 uzt 09 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!