Elkarrizketa

«Kasilda 14 urte ingururekin hasi zen eskubideen alde borrokan»

Irati Saizar Artola 2021ko mai. 4a, 09:36

'Maiatza saltsan' egitarauaren barruan, Kasilda Hernaezen inguruko antzezlan bat eskainiko du Goitibera konpainiak, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan, larunbatean, 19:45ean: 'Kasilda, bukatzen ez den sua'. Aiora Sedano aktoreak antzeztuko du Kasildaren papera.

Kasilda Hernaez 1914an jaio zen, Zizurkilgo Fraisoro etxean. Emakume iraultzailea izan zen, eta bizitza osoa eman zuen emakumeen eskubideen eta askatasunaren alde borrokan. Bere ibilbidea bere paperetik kontatuko du Aiora Sedano aktoreak (Bilbo, 1982), larunbatean, Kasildaren jaioterrian. Oholtza gainean, Ander Basaldua eta Leire Orberekin batera ariko da.

Kasildaren papera antzezten duzu. Nor da Kasilda?

Guda garaian ibili zen emakume iraultzailea da, emakumeen alde borrokan aritu zen emakume bat. Bere historia kontatzeak benetan merezi du.

Nolakoa zen?

Mundua feminista izatea nahi zuen, emakumeok gizonezkoen eskubide berdinak izatea, eta horren alde borrokatu zuen. Gizarte eta langile mugimenduetan parte hartu zuen.

Ohikoa zen hori, garai hartan?

Baziren emakume batzuk, bai, nahiz eta guk guztien izenak ez jakin. 14 urte ingururekin hasi zen Kasilda eskubideen alde borrokan. Bere familia ez zen politika munduan gehiegi mugitzen, baina bera borroka horretan murgildu zen, eta aurrera egiteko borrokatu edo borrokatu egin behar zuela ikusten zuen.

Antzezlanean, bere ibilbidea, bere ideiak kontatzen dituzue?

Hiru aktorek konpartitzen dugu oholtza eta Kasildaren historia kontatzen dugu. Bide batez, bere inguruan ibili ziren pertsonak ere presente ditugu: besteak beste, Manuel Chiapuso eta Felix Likiniano. Bere bizitza dago antzezlanaren oinarrian.

Antzezlanari abiapuntua 1934ko grebarekin eman diozue.

Hortik abiatzen gara bai, baina kontatzen dugu baita ere 1914an jaio zela Zizurkilen, eta gero bere gaztaroa Donostiako Egia auzoan pasatu zuela. Bere nondik-norakoen berri ematen dugu.

Memoria historikoaren ariketa bat egin nahi izan duzue?

Saioa Iribarren zuzendariak eta Ander Basalduak eman dute antzezlana aurrera, eta biak ibili dira han eta hemen antzezlana osatzeko Kasildaren inguruko informazioa biltzen.

Oholtza gainean historia kontatzea lan erraza al da?

Zati asko ditu antzezlanak. Nik ez dut Kasildaren papera soilik egiten. Narratzaile batzuk ere badaude, beraz, gure azaletik kontatzen dizkiogu gauzak publikoari. Pertsonaia gehiago sartzen dira, historia ondo kontatu ahal izateko pertsonaia gehiagoren laguntza behar izaten dugu. Istorioa, hasieratik bukaerara, ez da narratiboa. Tarteetan moztu egiten da.

Antzezlanean umorea ere erabiltzen duzue. Historia umoretik ere konta daiteke?

Baditu puntu batzuk publikoari arnasa hartzen laguntzen diotenak. Izan ere, hainbat pasarte oso gordinak dira, Kasildak kartzelan eman zituen urte batzuk eta hori agertzen da, esaterako. Badakigu gerran emakumeok askotan pairatzen ditugunak ez direla gizonezkoek pairatzen dituzten berdinak. Hori ere erakusten dugu.

Nolako eszenografia duzue?

Irudia asko aldatzen dugu. Egurrezko elementu batzuk ditugu oholtzan, eta horiek kokatzen ditugun moduaren arabera, eta argiari esker, oso irudi politak eta indar handikoak sortzen dira. Ez da behar garrasi bat, irudi horrekin bakarrik zenbait gauza ikusi egiten dira. Eszena batetik bestera, gainera, guk aldatzen ditugu elementuak. Momentu batean, tren bat irudikatzen dugu, kamioi bat ere ikusten da, espetxea, barrikadak...

Obraren izena 'Kasilda, bukatzen ez den sua' da. Kasildaren surik ez da itzaltzen?

Esaldi hori Kasildaren hilarrian jarrita dago, Biarritzen. Hortik hartu dugu guk ere antzezlanaren izena.

Pertsonaia historiko baten inguruko antzezlana da zuena. Aurretik informatuta egotea garrantzitsua da?

Bai, noski. Horrela, badakizu zer kontatzen ari zaren. Gidoia jaso eta entseguekin hasi ginenean, zuzendariak esan zigun ez genuela testua hitzez hitz ikasita eduki behar, behin probak egiten hasita aldatu egingo zela eta. Halaxe gertatu zen, eszenografia mugitu egiten da eszena guztietan eta horren arabera, kontatu beharrekoa batak edo besteak esan, batzuetan berdin dio. Hortaz, oso ondo dakigu istorioa nola gertatu zen, eta nolabait esateko, guztiaren kontrola dugu.

Eibarren estreinatu berri duzue antzezlana. Zer moduzko harrera izan du?

Dagoen egoerarekin, gauzak ezin dira ganoraz estreinatu. Sopelan egin genuen aurre estreinaldia, eta ondoren Eibarren egin dugu lehen saioa. Eibar, ordea, perimetralki itxita zegoen, eta ez zen jende gehiegi gerturatu, baina, hala ere, antzezlana amaitzean jo zuten txalo zaparradarekin geratzen gara.

Asteburu honetan Kasildaren jaioterrian arituko zarete. Berezia izango da?

Bai, noski. Niretzat ere hala izango da, nik interpretatuko dudalako Kasilda. Kasildak ez zuen euskaraz hitz egiten baina antzezlana euskaraz da. Ni bizkaitarra naiz, eta ahalegina egin dut gipuzkoarrok hitz egiten duzuen bezala hitz egiteko. Saiatu behintzat egiten naiz, batzuetan alde egiten dit hitzen batek, izan ere, oholtzan kontuan hartzeko gauza asko izaten ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!