"Biktimak aitortzeko eta dagokionak erantzukizunak bere gain hartzeko ordua da"

Ataria 2021eko urtarrilaren 29a

Euskal Herriko torturaren aurkako egunean, otsailaren 13an, Joxe Arregi gogoratzeko ekitaldia egingo du Egiari Zor fundazioak Zizurkilen.

Dagoeneko 40 urte igaro dira Joxe Arregi zizurkildarra otsailaren 13an hil zenetik, poliziak praktikatutako torturen ondorioz. "Diktadorea hil eta urte batzuetara gertatu zen heriotza hori, inertzia frankistak, tortura kasu, atxiloketa-zentroetan bere horretan zirautenean", aipatu dute Egiari Zor fundazioko Ixone Fernandezek eta Enkarni Blancok .

"Arregi ez zen gatazka politikoaren testuinguruan torturen ondorioz hildako lehena izan, baina bai erregimenaren erreformaren eta Espainiako Konstituzioaren sinaduraren osteko lehena. Zoritxarrez, demokrazia deritzon garaian, beste izen batzuk gehitu ziren Joxe Arregirenarekin batera, torturagatik hildakoen zerrenda tetrikoan", esan dute Bilbon eskaini duten agerraldian.

Egiari Zor fundazioko kideek aitortu dute bide luzea dagoela egiteko torturaren ondorioen inguruan. "Aberrazio" hori pairatu zutenei egia, aitortza eta ordaina zor zaiela uste dute. "Eta gure eskubideak urratu zituzten pertsona, alderdi eta erakundeek oraindik beren erantzukizunak bere gain hartzeke dituzte. Oraindik ez du arduradun batek berak ere zintzotasun ariketarik egin eragindako kaltea aitortuz".

Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako Euskadiko tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuan 1960tik 2014ra bitartean dokumentatutako kasuen % 3 baino ez dira izan aitortutako tortura kasuak. "Politikariek, epaileek, auzitegi medikuek, poliziek, hedabideek... tortura posible izan zedin jokatu duten papera argitzea beharrezkoa da. Tortura aplikatzerako unean edo horren ondorioz gertatu diren heriotzak argitzea beharrezkoa da, eta baita estatuaren babesean praktikara eramandako eskubide urraketa horrek belaunaldiz belaunaldi eragin duen trauma ere, inpunitate osoz gauzatu izan dena, estrategia bati jarraiki".

Ekitaldia Zizurkilen

Joxe Arregi torturen ondorioz hil zuteneko 40. urteurrenean, Egiari Zor fundazioak hura oroitzeko ekitaldia egingo du otsailaren 13an. Bertan, torturaren biktima guztien aitortza eta erreparazioa exijituko dituzte, eta herri honetako erakundeei fenomeno hori bere osotasunean aztertzen jarraitzeko dei egingo diete. Osasun krisiak "zailtasunak" eragin baditu ere, ekitaldia Zizurkilgo Joxe Arregi plazan izango da, otsailaren 13an, larunbata, 12.00etan.

Horrez gain, Bilbon, EHUko Oinarrizko Eskubideak eta Botere Publikoak masterrarekin elkarlanean, Alfonso Sastreren Zutoin Beltza antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo da, otsailaren 13an bertan, 11.00etan gaztelaniaz eta 12.30ean euskaraz. EHUko Bizkaia Aretoan izango da, Abandoibarran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!