Eraso matxista baten berri eman du Zizurkilgo Udalak

Ataria 2021eko urtarrilaren 26a

Herrian gertatutako eraso matxista baten berri izan eta gero, udalbatzako talde guztien babesarekin, adierazpena onartu du udalak.

Adierazpenean Zizurkilgo Udalak dio indarkeria matxista kasu guztiak erabat arbuiatu eta gaitzesten dituela eta elkartasuna adierazten dio erasoa jasandako emakume orori.

Bide batez, Zizurkilgo Udalak konpromiso "irmoa" hartu du genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko, "indarkeria hori pairatzen duten emakumeekiko* koordinazioan eta lankidetzan, bai eta beste administrazio publikoekin ere, indarkeria matxistarik gabeko gizartea lortzeko bide bakarra indarrak batzea baita".

Norabide horretan indarkeria edo jazarpena pairatzen ari diren emakumeei edo indarkeria zantzuak antzeman dituztenei laguntza eskaintzeko konpromisoa hartu du: "Bakoitzak hartzen duen bidea hartzen duela, udala bidelagun izango du".

Emakumeen kontrako indarkeria kasurik bada udalak Udaltzaingorekin edo Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko deia egin du eta emakumeen kontrako indarkeria saltzeko telefono zenbakia gogoratu du: 900 840 111. Aldi berean, Zizurkilgo Udalak gogora ekarri du euren burua arriskuan edo laguntza premian ikusten duten emakume zizurkildarrek eskura dutela 24 orduz martxan den 663 779 727 telefono zenbakia (deiak edo WhatsApp mezuak).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!