Abiatu da 'Ombuaren itzala' filmerako auzolana

Ataria 2021eko urtarrilaren 19a

Pello Mari Otañoren bizitza eta obra jasoko dituen filma egin ahal izateko auzolana abiatu du Eguzki Art Zinema ekoizpen etxeak. 30.000 zine sarrera aurrez saltzea da erronka eta horretarako webgunea jarri du martxan.

Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza jasoko duen filma da Ombuaren itzala. Eguzki Art Zinema ekoizpen etxearen egitasmoa da eta auzolanean egin nahi dute pelikula. Urriaren 8an Zizurkilen egin zen proiektuaren aurkezpena eta ordutik herriz-herri aritu da azalpenak ematen Patxi Bisquert, ekimenaren bultzatzailea.

Filma gauzatu ahal izateko diru bilketa egingo dute datozen hilabeteetan. Ekarpena egiteko moduetako bat zine sarrera erostea izango da eta 30.000 saltzeko asmoa du ekoizpen etxeak, bakoitza 10 euroan. Ekarpen ekonomikoa egiteko modu gehiago ere badira eta https://pellomariotañoauzolana.eus/ webgunean izango dute interesatuek informazio guztia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!