Plaza Etxeberrin egin dute filmaren aurkezpen ekitaldia eta proiektuari babesa azalduz bertan izan dira Zizurkilgo Udaleko eta Hernandorena kultur elkarteko kideak, baita beste hainbat aurpegi ezagun ere: Xabier Amuriza, Joseba Tapia eta Jose Angel Irigarai, besteak beste.
Zizurkilgo Hernandorena kultur elkartearen zereginetako bat, Pello Mari Otaño herritarraren memoria eta lana zaintzea, gordetzea, gizarteratzea eta gaurkotzea da. Horrela esan du elkarteko kide Joxin Azkuek eta gogoratu du Otañoren familiak oinordekotzat izendatua duela elkartea. Hernandorenaren webgunean topatu daitezke, hain zuzen, bertsolari eta idazlearen inguruko argibide guztiak.
Otañoren oroimenaren gordailu izateko zeregin horretan beste urrats bat izango da Ombuaren itzala filma. Azkueren esanetan, "oso grabazio gutxi daude Pello Mariri buruzkoak eta daudenak nahikoa kaskarrak dira". Nabarmendu du, aldi berean, Otañoren figura orain arte literaturaren ikuspegitik landu izan dela soilik, baina zizurkildarraren atzean "bizitza oso bat" dagoela. "Guzti horri jasotzeko erronkari erantzungo dio Ombuaren itzala filmak".
Zizurkilgo Udalak egitasmoa babestea erabaki du, Maite Amenabar alkate ordearen esanetan udal gobernuaren oinarrizko hiru ildorekin bat egiten duelako proiektuak: "Kulturaren sustapena alde batetik eta garai zail hauetan gauzak beste modu batera egiteko proposamena luzatzen duelako; Euskararen eta euskal kulturaren babesak duen garrantzia azpimarratzen duelako; Eta proiektuak herritarren parte hartzea eta inplikazioa sustatzen dituelako".
Ekimen "berritzailetzat" hartu du Amenabarrek filmarena. "Kulturaren aurrekontuak gutxitu diren garai hauetan, partaide-labuntzaileak bilatu nahi dira eta eskaera bat luzatu nahi zaie herritarrei: 10 euroko ekarpena egin dezatela. Bide horri jarraituz, 30.000 euro biltzea izango da helburua. 10 euroko ekarpena egiten duenak, filma ikusteko sarrera bat eskuratuko du".
Eguzki Art ekoizpen etxearen proiektua
Patxi Bisquert Zizurkilen jaiotako aktore eta produktorea da Eguzki Art ekoizpen etxeko burua eta aspalditik ari da Ombuaren itzala proiektua ondu nahian, "bakana" izan zelako Pello Mari Otaño. Filmaren gidoiaren egokitzapena Bisquertek berak egin du Koldo Izagirreren testuetan oinarrituta. Bidean geratu diren lagunak izan ditu gogoan aktoreak: "Ekoizpen lanetan lagundu zidan Juanba Berasategi eta zuzendari izan behar zuen Joseba Macias dagoeneko ez daude gure artean. Ilusio handia zuten proiektu honetan. Zuengatik doa lagunok".
Bisquerten hitzetan poeta eta bertsolari zizurkildarrak ongi merezia dauka "errespetua eta oroimena", eta horregatik, "batez ere gazteei eskaintzeko egingo dugu filma, izan dezaten erreminta hau eskutan Otañorengana iristeko, bere memoria bizirik irauten lagundu dezaten".
Sosak behar dira, ordea, pelikula aurrera ateratzeko. "Baina ausartak garenez, herrigintzan konfiantza osoa dugunez, herritarren eskuetatik jasoko dugu babesa eta laguntza nahikoa filma aurrera ateratzeko. Itxaropen horrekin gatoz Zizurkilera, bere Limosnatxo bat gogoratuz, laguntza eske. Gure sustraietan hain txertaturik dagoen tresna erabiliko dugu: auzolana", esan du Bisquertek.
Ombuaren itzala gauzatzeko abiatu duten ibilbidea "erabat berria" omen da zinegintzan. "Ez da inoiz horrelakorik egin film luze bat ekoizteko, ez Euskal Herrian, ezta mundu osoan ere". Baina Bisquertek aipatu du Pello Mari Otañorentzat hau ez dela lehen auzolana izango: "Lehena Iraola editoreak bultzatuta Otañoren Zerbait liburuxka argitaratzeko bultzatu zen; bigarrena Union Artesanako lagunek egin zioten, diru gabe zegoela ikusita, garaiko 800 pezeta bildu zituzten familiarekin Argentinarako azken bidaia egin ahal izan zezan; Eta hirugarren auzolanak, Ombuaren itzala ekarriko digu, poeta eta bertsolariaren tradizioari jarraipen emanez".
Aita Zavalak esan zuena gogoan hartuz amaitu du aurkezpen ekitaldia Joxin Azkuek: "Euskara bizi bada Otañoren bertsoak ere biziko dira. Eta hauek arnasarik badute, gure hizkuntzak ere izango du". Azken puntua Xabier Amuriza bertsolariak jarri du. 1902ko Otañoren Urte berri sortatik hiru bertso kantatu ditu.