Ekaitz Kortajarena eta Mikel Alvarez, bigarren eta hirugarren Espainiako Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 17a, 11:57

Ekaitz Kortajarena, Batis Kortajarena eta Mikel Alvarez, Espainiako Txapelketan.

Jon Kepa Kortajarena hamargarren izan da ezohiko Munduko Kopan.

Danok Danena halterofilia taldekoek beste behin emaitza oso onak eskuratu dituzte maila handiko txapelketetan. Asteburu honetan Espainiako absolutu mailako txapelketa jokatu da Coruñan, eta Ekaitz Kortajarenak bigarren egin du total olinpikoan eta Mikel Alvarezek hirugarren.

Ekaitz Kortajarenak 61 kilotan lehiatu zen, eta bigarren egin zuen arrankadan eta total olinpikoan, eta hirugarren postua bi denboratan. «Espero genuena baino hobea izan da lortutakoa, eta gainera bere aurtengo markak hobetu ditu», esan du Batis Kortajarena entrenatzaileak. Arrankadan 97 kilo altxatu zuen, bi denboratan 120 kilo, eta guztira, beraz, 217 kilo.

Mikel Alvarez 73 kiloko kategorian lehiatu zen, txapelketako zailena, eta hirugarren egin zuen hiru modalitateetan: arrankadan 131 kilo altxatu zituen, bi denboratan 157, eta guztira, beraz, 288 kilo. Bere aurretik sailkatu zirenak nazioarteko mailan lehiatzen dira. «Lehenengoa olinpikoa da, eta bestea Munduko eta Europako txapelketan lehiatutakoa. Bigarrenarekin lehian izan zen, baina lehenengoak Espainiako errekor guztiak hautsi zituen, eta harekin borrokatzea ezinezkoa zen», esan du entrenatzaileak. «Bigarrengoarekin borrokan sartu zen, eta Alvarezek lortu zuen bere aurtengo markak hobetzea». Batis Kortajarenak gaineratu duenez, «asteburu hau oso ondo atera da, perfektu. Biek meritu handia dute, beraiei irabazitakoak profesionalak direlako, hau da, horretara dedikatzen dira».

Jon Kepa Kortajarena, Munduko Koparako grabatutako bideoaren irudi batean.

Bestalde, Jon Kepa Kortajarenak aurreko astean 17 urtez azpiko Munduko Kopan parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin. Covid-19aren egoera dela eta, Internet bidez egin zen txapelketa, eta parte hartzaile bakoitzak bideo bat grabatu eta bidali egin behar zuen. «Gauza berria da eta hori kontrolatzen ez da erraza», zehaztu du Batis Kortajarenak. «Guk gauzak bide onetik eman ditugu, baina beste leku batzuetan nahaste-borraste bat izan da. Antolatzaileek lan handiagoa izan dute bideoetan ikusten zena ondo egina zegoen egiaztatzen, azpijokoak izan baitira».

Jon Kepa Kortajarena hamargarren postuan sailkatu zen. «Arrankadan oso ondo egin zuen, gero pixka bat hoztu egin zen, baina orokorrean hamargarren egin zuen e ta nahiko marka onargarriekin», zehaztu du Batis Kortajarena prestatzaileak. «Esperientzia berri bat izan da denontzat».

Asteburu honetan Cadizen du hitzordua Jon Kepa Kortajarenak, 17 urtez azpiko Espainiako Txapelketan. Horren ondoren, azken txapelketa taldekako Espainiakoa izango da, abenduaren bigarren asteburuan, Coruñan egingo dena. Bertara ordezko guztiak joango direla azaldu du entrenatzaileak: «Aurten ez zaigu hainbeste axola ze postutan geratzen garen. Pultsulari guztiek ezin izan dute nahi bezala prestatu, eta horregatik pentsatu dugu ordezkoak joatea. Sari bat bezala da beraientzat, entrenatzen eta sakrifikatzen ari dira, eta normalean ez dute aukera izaten Espainiako Txapelketa batera joateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!