Zizurkilgo Liburuaren Astearen barruan Alizia lurralde miresgarrian liburuan oinarritutako areto literarioa prestatu dute. Galtzagorri elkarteko kideak arduratu dira aretoa atontzeaz eta aste osoan zehar Lur Korta ipuin kontalaria arituko da gidari lanetan. Atzo Zubimusu ikastolako LHko laugarren mailako ikasleak izan ziren Atxulondo kultur etxean eta egunotan bertatik pasako dira San Millan eskolako eta Pedro Mari Otaño herri ikastetxeko ikasleak.
Galtzagorri elkarteak 2018an sortu zuen Aliziaren burutazio miresgarriak aretoa liburuaren euskarazko lehen bertsioaren 50. urteurrenaren harira. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza bati esker sortu genuen. Bizkaiko pertsona batek liburuaren inguruko bilduma osatua zuen eta gure esku utzi zuen material guztia. Urtemugaren bueltan, obra honen inguruko ezagutza eta historia zabaltzea zen gure asmoa», esan du Kortak.
Lewis Carrollek 1865ean argitaratu zuen liburua helduentzako obra bat izan arren, dinamika ezberdinen bitartez, haurrengana gerturatzeko lana egiten dute Galtzagorritik: «Aretoan zehar jolas eta dinamika ezberdinak dauzkagu prestatuta haurrek liburua hobeto ulertu dezaten. Alizia lurralde miresgarrian liburuan hitz jokoak, errima eta soinu bereziak, hitzen distortsio eta esanahi bikoitz ugari ageri dira. Irudimena pizteko eta jolas egiteko euskarri asko ematen ditu obra honek. Oso harrera ona izaten du eta gaztetxoak gustura egoten dira».
Atzo Zubimusu ikastolako bi taldek bisitatu zuten areto literarioa Atxulondo kultur etxean eta bihar eta etzi San Millan eskolako eta Pedro Mari Otaño herri ikastetxeko ikasleak pasako dira bertatik. Ostiral arratsaldean berriz, 18:00etatik aurrera, bisita gidatu irekiak egingo dituzte. Kortak adierazi duenez, beste herriren batean izan duten esperientzia errepikatu nahi dute Zizurkilen: «Hernanin ere egin genuen proba. Aretoa muntatuta dagoenez polita iruditu zitzaigun publiko zabalari aukera eskaintzea. Beste dinamika batzuk prestatzen ditugu saio horretarako, beste adin bateko gaztetxoak gerturatzen direlako, baina merezi du gerturatzeak». Saio ireki horretan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian.
Galtzagorri elkarteak prestatutako areto literarioarekin batera Zizurkilgo Liburu Astearen barruan, gaur, irakurle taldean izena eman dutenek Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia liburuaz aritzeko aukera izango dute, liburutegian, 18:30etik aurrera. Egilea bertan izango da. Bihar, berriz, asteazkenarekin, Iraitz Lizarraga zizurkildarrak ipuina kontatuko die 3 eta 7 urte arteko haurrei Atxulondo kultur etxeko areto nagusian. Dagoeneko aforoa beteta dago eta izen emateak itxi dituzte.