Azarora aurreratu dute Liburuaren Astea

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 3a, 09:58

Aurreko urteetan abenduan egin izan bada ere, aurtengo Zizurkilgo Liburuaren Astea azaroan ospatuko dute. Egitarau oparoa dakar gainera; bi literatur tertulia egingo dira eta baita haurrei zuzendutako ipuin kontaketak ere.

Data aldaketarekin dator aurten hitzordua. Arantxa Zabala Plazida Otañoko liburuzainak azaldu duenez, gabon bezperan egin izan dute Liburuaren Astea, Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketaren sari banaketa ekitaldiarekin batera, baina aurten ekitaldiak aurreratzea erabaki dute: "Konturatu gara oso data txarra dela, jendea gehiago dago Eguberrietako oporrei begira beste ezertara baino. Azarora aurreratu ditugu ekitaldiak pentsatuta jendea egunerokotasunean zentratuago egongo dela".

Egoerak agindu bezala, segurtasun neurriak betez egingo dira ekitaldi guztiak. Hona hemen egitaraua:

Azaroak 3, asteartea

18:00. Plazida Otaño liburutegian Monica Leivarekin gaztelerazko literatur tertulia: Crónicas de la América profunda.

Azaroaren 13tik 20ra

Atxulondoko areto nagusian. Aliziaren burutazio miresgarriak, Galtzagorri taldeak Aliziaren herrialdea sortuko du Atxulondoko areto nagusian eta ikastetxeekin batera ipuin kontaketa saioak antolatuko dira aste osoan zehar.

Azaroak 17, asteartea

18:30. Plazida Otaño liburutegian, Arantxa Urretabizkaiarekin, euskarazko literatur tertulia Bidean ikasia liburuaren inguruan.

Azaroak 18, asteazkena

18:00. Plazida Otaño liburutegian, ipuin kontaketa Iraitz Lizarragarekin, 3-7 urte bitarteko haurrei zuzendua.

Literaturari lotuta, martxan da Teodoro Hernandorena Ipuin Lehiaketa ere. Azaroaren 20an amaituko da lanak aurkezteko epea. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!