Teodoro Hernandorena XIX. Ipuin lehiaketaren deialdia egin dute

Ataria 2020ko urriaren 8a

Iazko parte hartzaileak sari banaketa ekitaldian

Lan bakoitzaren bi kopia entregatu beharko dira azaroaren 20ra bitartean Zizurkilgo udaletxean edota udal bulegoetan.

Zizurkilgo Udaleko Euskara sailak, Andoain, Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura, Larraul eta Zizurkilgo jendearen artean idazteko zaletasuna sustatu nahian antolatu du aurtengoan ere sariketa.

Aurkezten diren lanek egile bakarra izan behar dute eta partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake. Gaia librea da, eta noski, erabili beharreko hizkuntza euskara. Bost mailetan banatu dute lehiaketa:

  • A maila: 2014-2012 urte artean jaiotakoak. Orrialde bateko lana entregatu beharko dute. Opariak banatuko dira, lehen eta bigarren saria eskuratzen dutenentzat.
  • B maila: 2011-2009 urte artean jaiotakoak. Bi orrialdeko lana  entregatu beharko dute. Opariak banatuko dira, lehen eta bigarren saria eskuratzen dutenentzat.
  • C maila: 2007-2008 urte artean jaiotakoak. Gutxienez bi eta gehienez lau orrialdeko lanak entregatu beharko dituzte. Lehen saridunak 90 euro eramango ditu eta bigarrenak oparia.
  • D maila: 2006-2004 urte artean jaiotakoak. Gutxienez hiru orrialde eta gehienez 8 orrialdeko lanak entregatu beharko dituzte. Lehen saria eskuratzen duenak 150 euro eramango ditu eta bigarrenak oparia.
  • E maila: 2003. urtetik atzera jaiotakoak. Gutxienez bost eta gehienez 12 orrialdeko lana entregatu beharko dute. Irabazleak 450 euro eramango ditu eta bigarrenak oparia.

Epaimahai aditu batek erabakiko du lan sarituak zein diren. Zizurkilgo Udalak bere ordezkaria izango du epaimahaian eta idazkari bat ere izendatuko du. Lan sarituak udalaren esku geratuko dira, eta egoki iritziz gero argitaratu egingo ditu.

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 18an egingo dute.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!