Bigarren pintxo tertulia egingo dute Zentroan

Ataria 2020ko urriaren 22a

Zizurkilgo Udalak iaz erosi zuen Herrigunean dagoen eraikina eta espazio horri zein erabilera eman erabakitzeko parte hartze prozesua egiten ari dira. Udalak lehiaketara atera ondoren, Jose Garciak hartuko du ardura taberna-jatetxearen ardura astelehenetik aurrera.

Plaza Etxeberri eraikinak beheko solairuko jatetxeaz gainera beste espazio batzuk ere baditu eta hauei zein erabilera eman erabakitzeko parte hartze prozesua jarria dute martxan Zizurkilen.

Udalarekin batera, Herri Bizi Gune elkarteak darama prozesuaren gidaritza. Urtarrilaren 10ean egin zuten lehenengo pintxo tertulia eta irailaren 19an irteera bat antolatu zuten espazioak kudeatzeko dauden beste hainbat eredu ezagutzeko. Besteak beste, Ozaeta, Garaion, Latasa eta Jauntsaratseko ekimenak bisitatu zituzten.

Bihar, urriak 23, 19:00etan, Herriguneko Zentroan II. Pintxo tertulia egingo dute eta bertan parte hartzeko aurrez eman behar da izena herribizigune@gmail.com helbidean. Besteak beste, honako galderei erantzungo diete bertaratzen direnek: «Zein da Plaza Etxeberri eraikinerako ditugun ideiak? Zein behar aseko ditu?». 

Astelehenean inaugurazioa

Urriaren 26an, astelehenean 19:00etan egingo dute inaugurazio ekitaldia eta ordutik aurrera martxan izango da azken hilabetetan itxita egon den Plaza Etxeberri taberna-jatetxea. Eguneko menua, asteburuetako menu berezia, karta, ogitartekoak, hanburgesak, taberna eta terraza zerbitzua eskainiko dituzte Jose Garciak eta bere lantaldeak. Egunero 09:00etan zabalduko dituzte ateak; Eguerdian bazkariak emango dituzte eta iluntzean, afariak. Horrek baldintzatuko du itxierako ordua.

Ostalaritza munduan eskarmentu handikoa da Garcia. Donostiako Gros auzoan jatetxea du martxan, eta urte asko daramatza sukaldari lanetan. Gogotsu dago erronka berriarekin. Berrikuntzak ere izango dira jatetxean, askotariko eskaintza egin nahi baitute. Sagardoa txotxetik edateko aukera jarriko dute Plaza Etxeberrin. Eguneko menua eskainiko dute astegunetan, karta afarietarako eta asteburuetan menu berezia eta karta. Gazte jendearentzako ogitartekoak ere eskainiko dira.

Langile bila dabil Garcia uneotan. Jangelan zerbitzari lanak egiteko bi pertsona behar dituzte, barrarako beste bat, sukaldari laguntzaile bat, eta garbitzaile bat. Zizurkildarrei luzatu diete lan eskaintza.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!