Jon Erasunek ez du biharko antolatutako kanporaketa jokatuko

Ataria 2020ko urriaren 16a

Eskuz Banakako Promozio Mailako Txapelketaren aurre kanporaketa jokatzekoa zen Zubizarreta III.aren aurka. Greba egiten ari diren Baikoko pilotariak bere horretan jarraituko dute asteburu honetan ere.

Etxebarrin (Bizkaia) jokatzekoa zen bihar arratsaldean pilota jaialdia, eta azkenean ez da egingo. Hori bai, Erasunek ATARIA-ri azaldu dioenez, ez daki zer gertatuko den bere aurre kanporaketako partidarekin: "Enpresak ez du ezer jakinarazi. Ez dakit kanporaketaren data berri bat jarriko duten edo zer erabaki hartuko duten horren inguruan". Zubizarreta III.ak orain gutxi egin du debuta Baikorekin eta ez dago greba egiten ari diren pilotarien multzoan.

Bestalde, Binakako Txapelketaren finala ez da jokatuko igandean. ELA sindikatuak helegitea jarri zuen, Baiko enpresako Agirre eta Albisu pilotariei galdutzat eman baitzitzaien finalerdietako partida, bertara ez azaltzeagatik. Beraien greba egiteko eskubidearen aurkako erabakia zela-eta jarri du sindikatuak helegitea epaitegian, eta finala jokatu ez dadin kautela neurriak hartzeko eskatu. Hiru epaileetatik bik eman dute kautela neurrien aldeko botoa, eta horregatik ez da jokatuko igandean finala. Datorren asteartean bilera bat egitekoak dira greban dauden pilotariak eta Baiko enpresa. Orduan ikusiko da egoerak irtenbiderik izaten duen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!