Iraila osoan hamabi kultur ekitaldi izango dira Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 1a, 19:59

Zizurkilgo Elbarrena auzoan ez da festarik izango aurten; Ordainetan, irailean zehar, astebururo, kultur ekitaldiak izango dira: ikuskizunak, lehiaketak eta saio parte hartzaileak.

Bizi dugun pandemiak eraginda, festarik ez da izango aurten Zizurkilen baina horren ordez kultura eta kirol ekitaldien aldeko apustua egingo dute festa batzordeek. Abuztuko asteburu kulturalaren ondoren iraila kulturala dator, hamabi ekitaldi antolatu dituzte adin eta mota guztientzako pentsatuak, beti ere segurtasun protokolo zorrotzak jarraituz.

Irene Larrañaga festa batzordeko kideak adierazi du egoera honetan ez dela posible aurten Elbarrenako jaiak antolatzea, baina kulturari bultzada bat eman nahian eta herri giroa bultzatzeko hilabete osorako egitaraua prestatu dute: «Asteburu bakarrean ekitaldiak pilatu beharrean iraileko asteburu guztietan antolatu ditugu ekitaldiak. Pentsatzen dugu jende pilaketak saihestu eta guztiok erantzukizunez jokatuz gero, kultura segurua dela».

Joxe Arregi plazako udal bulegoetan hartu beharko dira ekitaldietarako gonbidapenak edo kasuan kasu, izena eman beharko da ekitaldi horietarako. Saio guztiak eserita egingo dira eta doakoak izango dira. Pertsona bakoitzak lau gonbidapen jaso ahal izango ditu ekitaldi bakoitzeko. Gonbidapenak beharrezkoa diren ekitaldietan, saioa hasi baino 15 minutu lehenago egon beharko da sarrera ziurtatzeko eta gonbidapenean 71tik gorako zenbakia dutenek eguraldi onarekin soilik erabili ahal izango dituzte sarrerak. «Aulkiak Joxe Arregi plazako aterpean jarriko dira eta giro ona egonez gero, beste 30 bat jarri ahal izango ditugu», dio Larrañagak.

Lehen ekitaldia, igande honetan bertan izango da, Olatz Salvadorren kantaldia eta bertara joateko gonbidapenak dagoeneko eskuragai daude udal bulegoetan. Marrazki lehiaketan parte hartzeko paperak ikastetxetan banatuko dira eta liburutegian ere eskuragai egongo dira. Lanak irailaren 14tik 19ra entregatu beharko dira liburutegian. Argazki lehiaketari dagokionez, herriko txokoak erretratatu beharko dira aurten eta aurkeztutako lanak zizurkil@live.com helbidera bidali beharko dira, irailaren 22a baino lehen.

Prestatutako ekitaldi parte hartzaileak nabarmendu ditu Larrañagak, esate baterako, hilaren 12an egingo duten Meloren Bila haurrentzako jolasa, udaleku irekietan erabili diren segurtasun neurrien arabera antolatu dutena. Bingo musikatuan eta patata tortilla lehiaketan taldeka eman beharko da izena, baina kuadrilla bakoitzeko, gehienez, 10 lagunek parte hartu ahal izango dute. Irailaren 20an Hodei Arrastoa herritarrak zuzendutako emanaldirako deia ere egin du festa batzordeko kideak: «Herriko artista ezberdinek emanaldi horretarako bereziki prestatu dituzten piezak ikusi ahal izango dira Ikusi Arte izenekoan».

Larrañagak nabarmendu du batzordeko kideei lana ugaritu egin zaiela ekitaldi hauek antolatzerakoan: «Aurreko prestaketa lanaz gainera, sarrerak kontrolatzen, eremuak desinfektatzen, gel-a banatzen lan handia dago. Festetan ekintza bakoitza aurrera eramateko ardura kuadrilla batek izaten du eta oraingoan ere, zenbait kuadrillek laguntzeko prestutasuna agertu dute».  Zizurkilgo Udalak festa batzordearen lana eskertu nahi izan du eta ekimenez gozatzeko deia egiten die zizurkildarrei. Manuel Lizarraga, zendu berri den herritarra gogoan hartu nahi izan dute festa batzordetik, Elbarrenako jaiak antolatzen, haietan parte hartzen eta laguntzen egindako ekarpenagatik. "Bere hutsunea presente egongo da aurten, baina beragatik aurrera egingo dugu festa batzordean".

Irailak 6, igandea
19:30. Kontzertua Joxe Arregi plazan: Olatz Salvador.

Irailak 12, larunbata
18:00. Haurrentzako pista jolasa: Meloren bila, Joxe Arregi plazan.

Irailak 13, igandea
19:30. Impro-komeriyak helduen antzerkia Joxe Arregi plazan.

Irailak 18, ostirala
19:30.  Bertso saioa Joxe Arregi plazan, Amaia Agirre, Oihana Iguaran, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika bertsolariekin. Gai-jartzailea: Igotz Alkorta.

Irailak 19, larunbata
Egun osoan. Intxaur pilotalekuan Halterofilia txapelketako sailkapen fase ofiziala.
19:30. Bingo musikatua gazte eta helduentzat Joxe Arregi plazan.

Irailak 20, igandea
20:15. Elbarrenako elizan herriko artisten emanaldia eskainiko da: Ikusi arte.

Irailak 25, ostirala
19:30. Marrazki lehiaketako eta Argazki lehiaketako sari banaketak. 
21:00. Afizionatu arteko pilota partidak Intxaur frontoian.

Irailak 26, larunbata
19:30. Kuadrillentzat patata tortilla lehiaketa.

Irailak 27, igandea
18:30. Haur antzerkia: 20.000 legoa itsaspeko zaborretan Joxe Arregi plazan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!