"Oso trinkoak baina politak izan dira egun hauek, sorkuntza aldetik begiratuta"

Jon Miranda Labaien 2020ko eka. 10a, 16:00

Ilargi guztiak filmean «gogorra eta zakarra baina aldi berean bihotz handikoa» den baserritar baten papera jokatzen du Joxean Bengoetxeak (Donostia, 1964). Horrelako pertsonaiak gustuko dituela dio.

Otsailean hasi zineten pelikula grabatzen, baina bertan behera utzi behar izan zenuten.

Bai. Egun batetik bestera izan zen guztia. Ni Bartzelonatik nentorren beste lan batetik eta hona iritsi eta berehala COVID-19a dela eta, grabazioa bertan behera geratzen zela esan zidaten.

Noiz heldu ahal izan diozue berriro ere filmazioari?

Ekainaren 1ean eman ziguten baimena berriz ere lanean hasteko eta segurtasun neurri guztiekin ari gara. Nik uste, beste inor ez bezala ari garela, erreferentzia gutxi geneuzkalako eta erabaki dugulako gai honetan zorrotzak izatea. Kontua da gutako bat kutsatuko balitz, berriro eten beharko genukeela filmaren grabazioa eta hori galera handia litzateke.

Zer nolako neurri hartu dituzue?

Ez dira beste munduko ezer. Hasi aurretik, kutsatuta ote geunden edo ez jakiteko probak egin zizkiguten. Gero, filmazioak iraungo dituen aste hauetan Oiartzungo baserri batean konfinatuta gaude zuzendaria, argazki laguntzailea, produkzio burua eta bi aktore. Talde zabalago batek parte hartzen du grabazioan, eta guztiak maskara jantzita eta segurtasun neurriak hartuta gabiltza. Guk aktoreok, ez dugu musukoa jartzen kameren aurrean agertu behar dugulako, baina teknikari askorentzat gogorra da, 12 ordu eman behar dituztelako lanean maskarak jantzita.

Egun hauetan jendetsua izango den pasarterik grabatu behar al duzue?

Zorte hori izan genuen eta figurazio askoko zati gehienak grabatuta zeuden martxoaren 14rako. Orain talde murritzagoa ari gara lanean, eta produkzio aldetik begiratuta, errazagoa da egoera maneiatzea.

Zizurkilen bi astez jardungo duzue grabazio lanetan. Zer nolako parajea iruditu zaizu?

Ederra benetan. Ni Madrilen bizi naiz eta hona etorri eta dena berde-berdea ikustea gozamena da. Hara itzultzeko gogo gutxi dut orain. Hemen inguruko jendea ere zoragarri portatzen ari da gurekin.

Jardunaldi luzeak egiten dituzue Zizurkilen?

10-11 orduko grabazioak egin ditugu. Oso trinkoak baina politak izan dira egun hauek, sorkuntza aldetik begiratuta oso aberatsak. Elkarrekin konfinatuta egoteak, taldea batu egin duela uste dut. Kuriosoa da, harremanak estutu ditugu, justu, garai hauetan.

Igor Legarretak bere bigarren filmerako ere hots egin dizu. Zergatik dela uste duzu?

Ez da nirekin nekatu (barrez). Gogoko izaten ditut lehen pelikula egiten ari diren zuzendariak. Energia berri bat sortzen da horrelakoetan. Nonbait, Igorrek konfiantza du niregan eta nik oso gustura jaso dut bigarren filmerako enkargua

Zein izango da filmaren argumentua ?

Protagonista neskatila bat da. Ilargi guztiak ikusi nahi ez dituen neskatila bat, kondenatua dago eta hortik atera nahi du. Hilkorra izan nahi du.

Eta zuk zein paper jokatuko duzu filmean?

Candido naiz. Gizon baserritar bat, bakartia, emaztea eta alaba galdu dituena eta triste bizi dena. Gogorra eta zakarra da, baina bihotz handikoa. Nire alboan, besteak beste, Haizea Carneros, Itziar Ituño edota Zorion Egileor aktoreak ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!